Azken agurra Jean Haritxelarri

«Euskararen eta euskal kulturaren zalduna» gogoan

Andres Urrutia euskaltzainburuak esan du Haritxelarrek ez zituela inoiz ahantzi akademiaren zereginak

Juan Luis Zabala
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Baionako hil-kaperan Euskaltzaindiaren domina bat ezarri zioten Jean Haritxelarren gorpuari Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Xarles Bidegain euskaltzainburuordeak atzo eguerdian, beste hainbat euskaltzain ere han zirela. «Ekintza barnekoa izan da», azaldu zuen Urrutiak. «Buruordeak eta biok gorpuaren gainean jarri diogu berak urte luzeetan jantzi izan duen domina, jendeak hona hurreratzean ikus dezan nor zen Haritxelar, eta bere euskaltzain izate hor irudikatuta ager dadin. Eta euskaltzain izate horrek dauka, edo dakar berarekin, euskararen aldezle eta sustatzaile sutsua izatea, Jeanen kasuan, ipar zein hegoan, edo, hobeto esanda Euskal herria osoan, hori baitzen Jeanen ametsa, etorkizun hobe batean euskaldunok bizi ahal izatea Euskal Herri batean, eta Euskal Herrihorretan euskarak eta euskal kulturak leku esanguratsua izatea».

Literaturaren inguruko gaietan «aditua eta sona handiko ikertzailea» izanik ere, «Haritxelarrek ez ditu ahantzi edo baztertu akademia bati dagozkion gaiak, alegia, hizkuntzaren aitzinamendua eta egokitzapena», Urrutiak Haritxelarri buruz hedabideetan zabaldutako artikuluan adierazitakoaren arabera. «Horretan ere, Euskaltzaindiaren bi arloak, Iker eta Jagon, haren xede eta helmuga izan dira, ikerketarekin batera beti landu izan baitu euskararen presentzia gizartearen arlo anitzetan, nornahirekin eta nonahi, jakitun izanik euskara bera dela euskaldunen nortasuna eta bilgunea».«Mota eta pentsaera bateko nahiz besteko agintari, talde eta gizarte arduradunekin lan egin du Haritxelarrek, eta guztiekin nabarmendu ditu euskararen eta akademiaren zereginak».

«Zin-zinezko zalduna, euskararen eta euskal kulturaren zalduna» izan da, Urrutiaren ustez, euskaltzainburu karguan bere aurretik izan zena. «Zaldun izate horrek ekartzen zion, bestalde, pentsamolde berekoak ez zituenen errespetua eta aintzat hartzea. Hamaikatxoaldiz ibili da Jean Haritxelar Euskal Herri osoan zehar agintariekin aspertu gabe euskararen arrazoiak ematen eta azaltzen. Euskararen ofizialtasuna behin eta berriro aldarrikatu du eta, bere kargua utzi zuenean ere, Euskaltzaindiak Bilbon egin zionomenaldia aukera paregabea izan zuen Euskaltzaindiaren eta Euskal Herriko Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lehen hitzarmena gauzatzeko».

Etorkizunari so, Haritxelarrek «utzitako hutsunea» bete egin beharko da, Urrutiaren iritziz, «horixe baita harengandik jaso genuen erantzukizuna. Horixe nahi zuen berak eta horri egingo diogu men Euskaltzaindian, jakinik, hori bai, erantzukizun horrek guztioi ekarriko digula euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.