«Azkeneko urteetan egindako lankidetzaren ondorioz», Euskaltzaleen Topaguneak, Etxepare Euskal Institutuak eta Afukek—frisiera eta frisiar kultura sustatzen duen erakundeak— lortu dute datorren igandean hasi eta uztailaren 8ra bitarte euskararen astea antolatzea, Leewardenen (Frisia). Aurtengo Europako kultur hiriburua da Leewarden, eta Europako hizkuntza gutxituentzako topagune izateko Language Pavilion espazioa atondu dute. Martxoan hasi eta urrira arte hainbat hizkuntza komunitatek hartuko dute gune hori dinamizatzeko ardura. Hala, uztaileko lehen astean euskara izango da protagonista, eta hara bildutakoek Xabi Paya bertsolariaren eta Joxan Goikoetxea musikariaren eskutik euskararen eta euskal kulturaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute.
«Zaila da hizkuntza gutxituen arteko harremana indartzea, eta horrelako egitasmoek ahalbidetzen dute elkarlan hori», nabarmendu du Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak.Azaldu du Leewardengo euskararen astea antolatzeko gonbidapena jaso zutenean ohartu zirela ez zutela nahikoa baliabiderik aurrera egiteko, eta, hortaz, Etxepare Institutuarekin eta Afukekin indarrak bildu dituzte. Europako 2018ko kultur hiriburuan ospatuko dute euskararen astea, baina Mendizabalek gogora ekarri nahi izan du orain bi urte Donostia kultur hiriburua zenean egindako lana: «Aurretik egin genituen zenbait urrats. Zorionez, Donostia 2016 egitasmoak ireki zuen bidea».
Hain justu, egitasmo horretako kultur zuzendaria izan zen Xabi Paya izango da Leewardengo euskararen astean parte hartuko duen sortzaileetako bat. «Oraingoan, ordea, ez dut kultur dinamizatzaile moduan parte hartuko. Joxan Goikoetxea musikaria eta biok sortzaile gisa parte hartuko dugu». Euskararen eta euskal kulturaren hainbat adierazpen eramango dituzte Leewardenera. Mendizabalek azaldu duenez, euskaraz egindako filmen bilduma bat eta ahots artxibo bat eramango dute. Horretaz gain, Xabi Payak eta Joxan Goikoetxeak hainbat emanaldi eta mintegi eskainiko dituzte.
Aste honetan sorbiarrak daude Language Pavilionen, eta igandean, Payak eta Goikoetxeak hartuko dute lekukoa. Bi kulturen arteko topaketak eta ekitaldia egingo dituzte. Irene Larraza Etxepareko zuzendariak azaldu duenez, ohikoa da hizkuntza gutxituen komunitate bakoitzak artista bakarra gonbidatzea egonaldia egitera. Edonola ere, Payak eta Goikoetxeak nork bere alorretik eskaintzeko asko dutela azpimarratu du. Besteak beste, uztailaren 5erako ekitaldi berezi bat antolatu dute: bi sortzaileek euskarazko bost hitz aukeratu dituzte, eta horien bitartez, Euskal Herriaren historiaren berri emango diete han bildutakoei.
Horretaz gain, uztailaren 6rako bost mintegi labur antolatu dituzte euskararen eta euskal kulturaren berri emateko. Payak eta Goikoetxeak gidatuko dituzte horiek.Goikoetxeak, esaterako, Shakespeareren sonetoen itzulpenaren eta abesti garaikideen inguruko hitzaldia eskainiko du. Payak, berriz, hainbat bertsolarik nazioaren ideia nola landu duten azalduko du beste mintegi batean. Izan ere, frisiar batzuek bertsolaritzarekiko interesa agertu dute azken aldian, eta hori izango da egunotan landuko duten gai nagusia.
Bertsolaritza ardatz nagusi
Payak azaldu du frisiarra hizkuntza «bizia» dela eta badituela «euskararekin antzekotasunak». Badira zenbait urte euskal komunitateak eta frisiarrak harremana dutela, eta, bertsolaritza da bi hizkuntza gutxituak elkartzen dituen aldagaietako bat. Izan ere, azken Bertso Txapelketa Nagusia zuzenean jarraitzeko aukera izan zuten, eta, ondoren, Leewardengo kultur hiriburutzaren barruan sortu zuten Bartelje! egitasmoa, frisierazko bertsolaritza sortzeko.
Horregatik, Leewardengo euskararen astean ardatz izango da bertsolaritza. Besteak beste, Goikoetxeak bertsotarako melodiak nola sortu erakusteko tailerra eskainiko du, eta 1926an grabatutako lehen bertsoen inguruko ikerketaren berri ere emango dute. Gainera, bertako musikariekin ere egingo dute ikuskizuna. Astebeteren ostean, hilaren 8an, amaiera ekitaldia egingo dute, eta lekukoa pasatuko diete Man uharteetako kideei.
Hizkuntza gutxituen gunea
«Halako elkarlanei esker Europako mapa gertuago sentitzen dugu», nabarmendu du Payak. Azpimarratu du, gainera, hizkuntza gutxituek behar dituztela horrelako topaguneak elkarren berri izateko. Eta, hain justu, Donostia 2016k martxan jarritako Other Words egitasmoak egingo du Leewardenen goi bilera bat, hainbat hizkuntza gutxitutako komunitateren ibilbide estrategikoa zehazteko.
Idoia Noble egitasmoko zuzendariak jakinarazi duenez, uztailaren 6an egingo dute ekitaldi publikoa, eta euskararen astea baliatu nahi dute Europako hizkuntza gutxituetako kideekin harremanak are gehiago estutzeko. Leewardengo Language Pavilion da lotura horiek sendotzeko gune aproposa.
Euskararen astea antolatu dute Leewardenen, kultur hiriburuan
Igandetik uztailaren 8ra arte antolatu dute egitasmoa Afukek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Etxepare Euskal Institutuak. Xabi Paya eta Joxan Goikoetxea izango dira gonbidatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu