Lider kulturala, euskararen apologista eta polemika sortzailea dira Manuel Garagorri Larramendi (Andoain, 1690 — Loiola, 1766) deskribatzeko erabili diren hitzak. Hizkuntzaren erabilerarako normak idazten lehena izatearekin batera, Larramendik euskara defendatu zuen irmoki, eta hizkuntzaren etsaien aurka gogor egin zuen. Hil zela 250 urte bete dira gaur, baina Larramendik hasitako eztabaidak bizirik dirau.
Ez dago argi zergatik hartu zuen amaren abizena, baina txikitatik deitu zuten Larramendi, eta ez Garagorri, aitaren abizenez. Haren jaiotetxe izan zen Andoaingo Garagorri baserriak bertan dirau gaur egun, baina garaiko argitalpenetan hernaniar moduan agertzen da, eta soilik bere heriotzaren ondoren zuzendu zuten bere jatorria. Aditu batzuen ustetan, Larramendik ez zuen harreman onik izan aitarekin; ama gazte hil zitzaion, eta aita berehala ezkondu zen bere bigarren emazte Catalina Etxagoienekin. Ondorioz, Larramendik harreman estua izan zuen bere amaren parteko osaba jesuita batekin, eta hark eraman zuen Bilboko fraide ikastetxe batera, ikastera.
Larramendi oso gaztetan bihurtu zen ordena horretara, hamazazpi urterekin. 1720. urtera arte ikasten aritu zen Espainiako hainbat unibertsitatetan, Filosofia lehenik Medina del Campon (Espainia), eta Teologia ondoren Salamancan. Ikasketak amaitu eta berehala, irakaskuntzan hasi zen lanean; hiru urtez filosofia irakatsi zuen Palencian, eta zazpi urtez teologia Valladoliden eta Salamancan. Garai hartan hasi zen ezagun bihurtuko zuen sermolari lanetan, eta eztabaida ugaritan parte hartu zuen, beti euskara eta euskal kultura defendatuz. Ordukoa da De la antigüedad y la universalidad del Bascuence en España (1728).
Euskararen eta euskal munduaren alde ehunka testu idatzi zituen Larramendik. Euskal idazle belaunaldientzat erreferentzia izan dira bere liburuak; esate baterako, Diccionario trilingüe del Castellano, Bascuence y Latín (1745) hiztegia oso erabilia izan da, eta baita El imposible vencido. Arte de la Lengua Bascongada (1729) euskararen lehen gramatika liburua ere. Dena den, Larramendi ez zen hizkuntzalari soila izan; bere helburua ez zen euskara zientifikoki ikertzea, hizkuntza mespretxatzen zutenak isilaraztea baizik. Horregatik, obra gehienak gaztelaniaz idatzi zituen, etsaiek ongi ulertu zitzaten.
Hain zuzen ere, haren aurkakoek hizkuntza lantzerakoan zuen zehaztasun falta kritikatu dute, bere lana zalantzan ipiniz. Larramendik asmatutako hitzak txertatu zituen hiztegian, aurka zituenak amorratzeko, eta, ondorioz, hiztegia ez zela erabilgarria adierazi zuten hainbat hizkuntzalarik.
Hizlari aspergaitza zen Larramendi, eta idazle lanetan ere etengabe jardun zuen. Loiolako Santutegian gordetako 300 bat obra harenak dira, gehienak gazteleraz idatzitakoak. Euskaraz ere idatzi zituen eskutitz eta testu asko, hizkuntza modu fin eta txukunean erabilita. Borrokazale eta zirikatzailea, utzitako testuetan argi ikus daiteke Larramendi jenio biziko sermolaria izan zela. Maila kultural handiko gizona ere bazen, eta lengoaia zorrotza erabili zuen euskara, jatorria eta Foruak defendatzeko. Dena den, eztabaida horiek alde batera utzi zituen denbora batez; 1730ean, Baionako komentu batera erretiratu zen, Karlos II.a Gaztelako erregearen alargun Maria Ana Neuburgen konfesore izateko. Gustura ibili zen, baina hiru urte besterik ez zuen iraun; zurrumurru gaiztoek kaltetuta, Larramendik Loiolako Santutegira egin zuen ihes, eta han gelditu zen 30 urtean, hil arte.
Lehen abertzalea
Euskarari behar zuen maila ematearekin batera, lehen abertzale moduan deskribatu dute historialariek Larramendi, bera hil eta urteetara Euskal Herria bezala definitutako kontzeptuarekin amestu baitzuen Corografía de Guipúzcoa eta Sobre los Fueros de Guipúzcoa obretan. Testu horietan, galdera bat egin zion bere buruari; zergatik ez bildu euskal hiztunak balizko erakunde bakarrean? Irudikatutako lurralde horretan Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Iparraldea bildu zituen, lurraldeetako Foruak defendatuz. Provincias Unidas del Pirineo izendatu zuen irudikatutako eremu hori.
Loiolako Santutegian igarotako urteetan eztabaida publikoetatik urrundu zen Larramendi, baina lanean jarraitu zuen etengabe. Gipuzkoako herrietan asko ibili zen, eta oso maitea zuen probintzia; urte horietan idatzi zuen Sobre los Fueros de Guipúzcoa. Liburu hori ez zen argitaratu bere garaian, ziur aski zentsuraren ondorioz, eta Jose Ignacio Telletxeak argitaratu zuen 1983an.
Garaiko giro literarioa suspertu zuen, eta, gehienbat gazteleraz idatzi arren, gainontzeko idazle eta jakintsuak euskaraz idaztera animatu zituen. Larramendiren lana inspirazio iturria izan zen ondorengo idazle askorentzat, hala nola, Agustin Kardaberaz, Manuel Mendiburu eta Juan Antonio Ubillos. Larramendi oso kritikoa izan zen, ez bakarrik euskararen aurka zeudenekin, baita euskara zaintzen ez zuten euskaldunekin ere; bere hitzaldi eta idatzietan, astindu ederra eman zien euskararekiko axolagabekeria eta mespretxua erakutsi zutenei. Berarekin kritikoak izan direnek, euskarari baino gehiago, kanpokoek euskaraz zuten irudiari begira zegoela leporatu diote. Dena den, ondorengo euskal idazle eta hizkuntzalari belaunaldientzat balio handiko altxorra izan dira bere lanak; ordura arte, inork sekula ireki gabeko ateak ireki zituen, euskara zenaren eta izan behar zuenaren inguruan hausnarketa sakona piztuz.
Lasaiak izan ziren Larramendiren azken urteak, baina ez zen geldirik egon. Loiolan igarotako azken hamarkada horietan, Hernani eta Urnietaren arteko ezinikusiak zuzentzeko epaietan parte hartu zuen, eta baita Oiartzun, Tolosa eta Donostiaren arteko eztabaidetan ere; Beasain eta Bergara herrien arteko arazoak konpontzeko saioetan izan zen, eta Gipuzkoako herrietan zeuden Agustinen ordenako komentuak berritzeko lanak bultzatu zituen. Bestalde, Andoaingo parrokia eraikitzeko lanetaz arduratu zen. Asko idatzi zuen urte horietan. Garai horretako testuak ez dira horren sutsuak, baina hil arte defendatu zuen bere hizkuntza.
Karlos III.ak bultzatutako jesuiten aurkako jazarpena hasi aurretik zendu zen, 76 urterekin. Hura hil eta urtebetera, Loiolako Santutegiko jesuitek ihes egin behar izan zuten, baina aurretik Larramendiren lanak gordetzea lortu zuten. Egun, bere omenez izendatutako liburutegia dago bertan, eta han gordetzen dira obrak.
Euskararen apologista sutsua
Manuel Larramendi hil zela 250 urte bete dira gaur; Andoaingo jesuitak 300 obra inguru idatzi zituen hizkuntzaren eta Foruen inguruan, tartean 'El imposible vencido. Arte de la Lengua Vascongada', euskararen gramatika biltzen duen lehen liburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu