Euskarak zabaltzen dituen leihoak anitzak dira kultur-ekoizpenetan, hala ulertzen dute Estitxu Fernandez kazetariak, Asier Altuna zinemagileak eta Ander Lipus aktore eta antzerkigileak. Atzo Bilboko Bizkaia Aretoan izan ziren hirurak eta Euskarak zabaltzen dituen leihoak, ixten dituen ateak mahai-inguruan parte hartu zuten. Beraien sortze-prozesuez, euskararen erabileraz, lanen zabaltzeaz eta finantzaketaz aritu ziren batik bat. Mahai-ingurua, egunotan BizBakek antolatutako Euskaraz bizi, sentitu, adierazi: Kultur-eduki erakargarriak sortzeko bideak udako ikastaroaren barnekoa da.
Euskararen erabileraren, kulturak hezkuntzan eta gizartean duen lekuaren eta sorkuntzak baldintzatzen dituzten beste zenbait gairen inguruko kezkak azaldu zituzten hirurek. Hala, kulturak hezkuntzan leku nabarmenagoa izan beharko lukeela iritzi diote. Asier Altunaren ustez, beharrezkoa liteke gazteek zinemaren inguruko ikasgairen bat izatea eskolan, zinema-lengoai ezagutu dezaten, «Nik kulturgintzan egiten dut lan txikitan kulturarekin harreman handia izan nuelako», zehaztu zuen. Kulturak eta sormenakgarrantzi handia dutela irizten dio, horretan «bizi-kalitatea» baitago, «Hori bultzatu ezean menpekotasun handiagoa izango dugu politikarekiko eta korronte nagusiarekiko».
Hedabideek eta, oro har, sorkuntza lanetako profesionalek darabilten euskararen kalitatearen inguruko kezka agertu zuen Fernandezek. Haren iritziz, euskaldun guztientzako euskara «ulergarria» erabiltzearekin batera, «euskara batua norberetu bat egin behar du, gozatu beharra dago euskararekin, baina ulergarria egiten». Bere ustez, «behar duguna da euskara menperatzea eta hori falta da telebistan».
Zinema eta antzerkia hizkuntzarekin esperimentatzeko gune izan daitezkeela uste dute Altunak eta Lipusek, eta ez dute euskara batuaz soilik egiteko beharra ikusten. Lipusen ustez, «antzerkiak espazio libre bat izan behar du ».Bide horretan, euskalkiakerabiltzearekin batera, hizkuntzarekin jolasteko aukera handia egon behar duela pentsatzen du. Gaiari helduta, Lipusek,maiatzaren 12an, BERRIAn, Zuzendariari gutuna iritzi atalean argitaratutakoBittor Hidalgoren gutunari erantzun nahi izan zion. Horretan, Hidalgok Lipusen pertsonaietako batek, Erregea eta bufoia antzezlanean gazteleraz aritzea kritikatu zuen. «Nik pertsonaia bat daukat, Camaleon deitzen da, eta nire imajinarioan Jorge Oteiza bat balitz bezala da, Oteiza zertan zebilen euskal linguistikaren inguruan euskaraz ez bazekien, Camaleon berdin da, eta horretaz barre egiten dut. Nik imajinario batekin jolasten dut, eta guztiok dakigu euskarazko imajinarioan zer dagoen».
Finantzaketa arazoak
Lanen finantzaketaren inguruan luzez aritu ziren hirurek. Lipusek faltan sumatzen du erakundeen laguntza. Haren iritziz, gutxi egiten dute konpainia eta sorkuntza berriak bultzatzeko eta, orokorrean, ibilbide luzeko konpainiei ematen zaizkiola azaldu zuen: «Beti talde berdinei ematen zaizkie,talde eta sorkuntza berriei ez zaie kasurik egiten». Oro har, euskarazko lanei dagozkien diru laguntzak eta bestelako finantzaketa bideak eskasak direla iritzi dio , eta horrek egin daitezkeen lanetan zenbait murrizketa dakartza, «Tarte horretan, ahaztu euskarazko antzerki obra bat egitea, adibidez, 15 aktorerekin; ez dago horretarako aurrekonturik», azaldu zuen.
Diru-laguntzak gobernuekin duten lotura ere kritikatu zuen antzerkigileak. «Hegoaldean eta, batez ere, Espainia mailan, dago kristoren kutsadura, politika dago lehenengo eta gero kultura; horregatik deitzen diegu kultur-politikak. Gobernuan nor, gobernuak hau edo beste jartzen du», irizten dio. «Hor ikusten duzu nola ez dugun hor egoterik, ze hori beti aldatzen da eta guk ez dugu hitzik horretarako». Horrez gain, diru-laguntzak jasotzeak zenbait «menpekotasun» dakar haren ustez eta diru-laguntzak proiektu bat finantzatzeko nahikoak izaten ez direla nabarmendu zuen.
Telebistari dagokionez ere, euskarazko hedabideek diru falta sumatzen dute Fernandezen hitzetan. «Orain entzuten duguna denbora guztian da ez dagoela dirurik eta, bereziki entzuten du hori euskarazko telebistak. Eta ez orain bakarrik, hori beti entzun izan da». Erakunde publikoek sorkuntza berrien inguruan duten erantzuna ez ezik, ekoizpen etxeek horiekiko agertzen dutena ere kritikatu zuen Fernandezek: «Nik ez dut arriskuak hartzeko gogorik ikusi inoiz produktoretan, enkarguz egin izan dute lan beti. ETBk eskatutako hori egin eta euren sakelakbete eta gero ez lan baldintza nahiko duinetan ibiltzen dira lanean bertoko kazetari eta lan taldeakere».
Zinemaren alorrean, Altunak azaldu bezala, zuzendari askok beren ekoizpen etxe propioak sortzera behartuta ikusi dira lanean egiteko. «Hori oso esanguratsua da, esan nahi du sortzaileak ez ditugula diruz laguntzen». Sortzaileen artean beren lana babesteko biltzen hasi direla azaldu zuen Altunak. «Energia asko gastatzen da dirua bilatzen, sortzen gastatu beharko zen energia hori guztia».
Diru-laguntzek berebiziko garrantzia dute zinemagintzan Altunaren iritziz, izan ere, oso aurrekontu handien beharra izaten dituzte filmak sortzeko. Baina horietatik at, bestelako bideak ere badaudela argitu zuen, eta Crowdfunding diru-bilketak, adibidez, aukerak zabaltzen dituela argitu zuen. «Horiek bezalakoak oso interesgarriak dira, eta ikusleak proiektuarekin inplikatzeko modu bat da».
Publikoarekiko harremana
Publikoarekiko harremana oso aberasgarritzat hartzen dute hirurek.Eta bide horretan, «kalitatea» ezinbestekotzat jotzen dute sorkuntza lanetan, eta asmo horrekin lan egin beharra dagoela iritzi diote. Ikusleei errespetua zor zaie eta ahalik eta lanik txukunena eskaini behar zaie hiruren arabera. Horrekin batera, oso garrantzitsutzat hartzen dute ikusleekiko harreman zuzena izatea, beren erantzunak jaso ahal izateko.
Euskarak irekitako leihoak
Ander Lipusek, Asier Altunak eta Estitxu Fernandezek euskarak kultur adierazpidetan duen lekua eta egoera aztertu dute Bilbon, BizBakek antolatutako mahai-inguru batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu