Euskarak ez du tokirik zineman

Zinema Euskaraz egitasmoak ikertutakoaren arabera, euskarak %2,48ko presentzia izan du 2023an Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetan.

(ID_13525264) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-01-23, Donostia.  Hego Euskal Herriko euskarazko estreinaldi eta emanaldien azterketaren aurkez...
Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokia) eta Alex Aginagalde (Pantailak euskaraz). JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2024ko urtarrilaren 24a
05:05
Entzun

Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko egitasmoak eta haren barruko Zinemak Euskaraz adarrak Hego Euskal Herriko zinema komertzialetako estreinaldiei jarri diete arreta, 2023an proiektatutako filmen hizkuntza eskaintza aztertzearren. Datuak «gordin bezain kezkagarriak» dira, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz taldeko bozeramailearen hitzetan: «Euskarazko bertsioan, euskarara bikoiztuta edo euskaraz azpidatzita eskaini diren estreinaldien kopurua ez da %2,5era iritsi. Gaztelaniaz edo gaztelaniara azpidatzita, berriz, filmen %100 eskaini dira».

Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera egindako agerraldian, Aginagaldek azaldu du 564 estreinaldi izan direla Hego Euskal Herriko zinemetan. Horien guztien artetik lau besterik ez dira jatorriz euskaraz izan. Euskarara bikoiztuta beste hamar eman dira, eta elebidunak edo hirueledunak, berriz, beste hiru.

Kontuan hartu beharreko beste datu bat ere eman du Aginagaldek. Euskarazko filmek izaten duten emanaldi kopurua gaztelaniazko proiekzioena baino «askoz ere txikiagoa» izan da, eta, beraz, estreinaldi kopuruari ez ezik, «emanaldienari ere erreparatuz gero, euskarazko eskaintza are txikiagoa litzateke, %1era ere ez bailitzateke iritsiko». Ipar Euskal Herriko zinemen egoeraz, bestalde, honako hau esan du: «Askoz ere okerragoa dela pentsa liteke, datu zehatzik eskuratu ez den arren».

UEMA udalerri euskaldunen mankomunitateak eta Tinko euskara elkarteak elkarrekin ondutako ZinUEMA proiektu pilotua ere hartu du hizpide: «Egia da euskarazko eskaintza astero bermatzea helburu duen egitasmo bat jarri dela martxan, hiru hilabetez». Hari esker, Ataun (Gipuzkoa), Azpeitia (Gipuzkoa), Etxarri (Nafarroa) eta Igorre (Bizkaia) herrietako udal areto, kultur etxe eta zinema geletan presentzia handiagoa izan du euskarak, baina azaldu du ikerketan «Hego Euskal Herriko hirietako zinema komertzialen eskaintza» aztertu dutela, hain zuzen ere, «horiek direlako ikusle gehien batzen dituztenak».

Haurrentzat «gehixeago»

Haurrentzako eskaintzari ere begiratu dio Pantailak Euskaraz egitasmoak, eta hor ere argiak izan dira ondorioak: txikienentzako euskarazko baliabideak «apur bat gehixeago izan arren», adin jakin batetik aurrerakoak «aisialdia gaztelaniaz jasotzera» bideratzen direla esan du Aginagaldek, eta, horrenbestez, azpimarratu du orain hartzen ez diren neurriek hurrengo belaunaldien ohiturak ere baldintzatuko dituztela.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekaren iritziz, «nekez» uler daiteke gertatzen ari dena, hots, «bi hizkuntza dauden lurraldean herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea, eta, ondorioz, herritar guztien oinarrizko eskubideak mugatzea».

Gaubekak legeak dioena azaldu du, hainbat adibide jarriz. Lehendabizi, EAEko 10/1982 Legeak —Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa—, hirugarren kapituluan, Euskararen erabilera hedabideetan izenburupean dioena irakurri du: «Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino, besteak beste, zineman eta ikus-entzunezko grabazioetan, 25. artikuluaren arabera». Lege horrek 40 urte egin dituela gogoratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, eta hor jasotzen diren artikulu asko oraindik ez direla betetzen ari.

Nafarroako 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legea ere aipatu du, zehazki hirugarren atala: «Erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio». Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko hamabigarren artikuluaz ere aritu da Gaubeka, eta, hor jasota dagoenaren arabera, esan du estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea». Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak «bultzatu eta garatu» behar direla dioen puntua nabarmendu du.

«Zinemetan ere herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko neurriak hartzea erakunde publikoen ardura da».

 AGURNE GAUBEKAHizkuntz Eskubideen Behatokia

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren eta Zinemak Euskaraz eta Pantailak Euskaraz egitasmoen arabera, «zinemetan ere herritar guztien hizkuntza eskubideak babesteko neurriak hartzea erakunde publikoen ardura da», eta, horrenbestez, beharrezkoa da «euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea», Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, «horretarako eskumenak badituztenez». Harago ere jo du Gaubekak, eta esan du «euskarazko ekoizpen, bikoizketa eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatu» egin behar direla, hain zuzen, ikus-entzunezkoak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari direlako aisialdian.

Zinemetan estreinatzen diren filmak gero streaming plataformetara iristen direla gogoratu ostean, ezinbestekotzat jo ditu euskarazko filmak, «euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren berdintasunean sakontzeko eta euskarari etorkizun duin bat ziurtatzeko» gako direlakoan.

Gaubekaren eta Aginagalderen ustez, legedietan neurri zehatzak planteatzea baitezpadakoa da zinemetan nahiz bestelako aisialdian hizkuntza eskubideak bermatuko badira. Bitartean, euskarazko ekoizpenak eta euskarara bikoiztutako filmak bilatzera animatu dituzte euskal herritarrak, eta «euskarazko eskaintzarik ez dagoenean, dagokion salaketa jartzera, www.euskararentelefonoa.eus webgunearen bitartez». Halaber, Zinemak Euskaraz egitasmoak Interneten martxan duen sinadura bilketan atxikimendua emateko gonbita ere egin dute.

Aginagalderen esanetan, «oso agerian geratzen da ez ditugula eskubide berberak aisialdiaz gozatzeko». Azpimarratu du euskaraz eskaintzen diren filmen %2,48 horietatik gehienak haurrentzako filmak direla, eta helduen filmik ez dela euskaraz bikoizten. Nazioarteko film arrakastatsuak euskaratzeko ez ezik, «nekez eta kostata» ekoizten diren euskarazko filmetarako ere baliabide gehiago eskatu ditu.

Ildo horretan, erakundeei kritika egin die Gaubekak: «Euskarazko produkturik ez kontsumitzea leporatzen zaie herritarrei, baina eskaintzarik gabe eskaerarik nekez izan daitekeela salatu nahi dugu hemen».

Aginagaldek kontrakoa gertatzen dela azaldu du: «Euskarazko fikziozko filmik eskaintzen denean, kontsumitu egiten da. Aurten, Irati ikusle gehien batu dituztenen artean dago, Barbie eta Oppenheimer filmen pare».

2023an euskaraz estreinatutako filmak

euskaraz sortuak

  • Irati, Paul Urkijo, fikzioa.

  • Karpeta urdinak, Ander Iriarte, dokumentala.

  • Tetuan, Iratxe Fresneda, dokumentala.

  • Bidasoa 2019-2023, Fermin Muguruza, dokumentala.

bikoiztuak, haurrentzat

  • Yuku eta Himalayako lorea.

  • Momiak.

  • Lau ahizpa magikoak.

  • Mavka: basoaren zaindaria.

  • Allan giza antena.

  • Superheroien filma.

  • Abentura erraldoia.

  • Boo Kwai.

  • Doraemon: Nobitaren dinosauro berria.

  • Migrazioa: bidaia ahaztezina.

JATORRIZ ELEANIZTUNAK

  • 20.000 especies de abejas, Esti Urresola, fikzioa.

     

  • Gelditasuna ekaitzean, Iñigo Gastesi, fikzioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.