«Izan ote zen ama hizkuntzarik Europan? Euskarak Europako toponimia zati bat ulertzeko aukera ematen al digu?». Euskararen Jatorria elkarteak urteak daramatza galdera horien inguruko hausnarketa egiten, eta aurten, 12. aldiz antolatutako jardunaldietan, euskarak Europan zehar utzitako arrastoaz arituko dira. Gaur egungo teknologia aurreratua baliatuz, Euskal Herriko zein Europako toponimiaren azterketa zehatza proposatuko dute bertan bildutako hamalau adituk Euskara Europako ama hizkuntza topaketan. Gaur elkartuko dira, Elgoibarko (Gipuzkoa) Aubixa aterpetxean.
Elkarteak ohartarazi du hizkuntzalaritza «egoera berri baten aurrean» dagoela. Izan ere, teknologia berriek, informazioa eskuragarri izateak eta atzerrira bidaiatzeko aukerak erraztu egin dute inguruko hizkuntzak ezagutu eta horien arteko loturak egitea. Hain justu, azpimarratu dutelurralde geografikoetako informazio are osatuagoa bildu daitekeela GIS sistemaren abantailak baliatuz: «Epe laburrean Europako ama hizkuntzaren erroak inoiz baino hobeto ezagutuko ditugu». Teknika horretan oinarrituta, euskal jatorria izan dezaketen Europako hainbat tokitako izenak aztertuko dituzte.
Dagoeneko lan horretan ari dira hainbat ikerlari, eta horietako batzuk izango dira Elgoibarren, hala nola Angus Hunk, Antonio Arnaiz eta Jose Mari Ugalde. Bestalde, Euskararen aztarnak Sardinian? liburuaren egile Juan Martin Elexpuru eta Euskararen jatorriak idatzi duen Eñaut Etxamendi ere izango dira bertan. Hizlari guztiek, beraz, toponimia eta gailu berriak oinarri, euskarak Europan izandako eraginaz gogoetatuko dute.
Euskarak Europan utzitako aztarnak aztertuko dituzte
'Europako ama hizkuntza' jardunaldia antolatu dute gaurko, Elgoibarren. Euskararen Jatorriak hamalau aditu gonbidatu ditu parte hartzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu