Euskara, zurrunbilo agertokian

Arte eszenikoen Zurrunbilo jaialdia antolatu du Gasteizko Baratza aretoak, ekainaren 1etik 4ra

Jaialdian eskainiko duten lanetako bat: Karramarroa bakarrizketa. BERRIA.
Gasteiz
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Arte eszenikoak Gasteizera ekartzeko sortu zen Baratza aretoa. Oraingoan, ordea, ez du bakarrik artea hirira ekarriko: euskarazko ekintzak antolatu ditu. «Euskal antzerkia Gasteizera hurbiltzeko eta horren inguruan publiko bat sortzeko asmoarekin jaio dajaialdia», azaldu du Marina Suarez Baratzako kideak. «Arlo honekin, hiriko euskal kulturari onura bat eman nahi diogu». Bigarren urtez jarraian Zurrunbilo jaialdia antolatu du Baratzak, Oihaneder Euskararen Etxea eta Arte Eszena Tailerrarekin elkarlanean.

«Garrantzitsua da Gasteizen euskararen sorkuntzarako leku esklusiboa izatea», azaldu du Suarezek. «Jendeari erakutsi behar zaio euskal obrak ikusteko aukerak daudela». Bestalde, hizkuntzarekin «mugak» sortzen direla nabarmendu du. «Hizkuntzaz haratago komunikatzeko bide asko daude. Nahiz eta antzerki bat euskaraz izan, hizkuntza ulertu gabe uler daiteke lana». Era berean, nabarmendu du obrak gazteleraz programatzeko ohitura handia dagoela hirian. «Gasteizek beti behar izan du bultzada bat euskararen aldetik. Hutsune bat dago, eta hutsune hori betetzea da gure asmoa».

Gaur abiatuko dute jaialdia, 21:00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Atte hil aurretik antzerkia eskainiko du Beheko Lorraine kolektiboak, Miren Tirapuk antzeztuta. Bihar eta etzi, berriz, bufoi tailerrak antolatu dituzte Arte Eszena Tailerrean, 12:00etatik 14:00etara. Eneritz Artetxek emango ditu klaseak.

Bihar antolatuko dituzte lehen ekintzak Baratzan. 20:00etan hasita, bi pieza eskainiko dituzte, bata bestearen atzetik. Lehenengo, Parasite kolektiboaren Jadanik hilda dantza emanaldia. Bestetik, Ixiar Rozas eta Maite Arroitajauregik sortutako Plastika arte ekintza antzeztuko dute. Lengoaiarekin, soinuarekin eta ahotsarekin jokatuko dute bi artistek, ozentasunean eta arte ekintzan arakatzeko.

Etzi beste bi emankizun eskainiko dituzte Baratza aretoan, 20:00etan. Kabia Teatroak Hiroshimako zuhaitza antzeztuko du, bere buruaz beste egin nahi duen gizon bati buruzko obra mutua. Horren ostean, Karramarroa bakarrizketa eskainiko dute, Eneritz Artetxek osatutako lana.

Igandean amaituko dute jaialdia, aretoan bertan. 19:00etan, Metrokuadroka teatro errezitala eskainiko dute, eta, amaitzeko, Errenteriako Muskulo taldeak kontzertua emango du, jaialdi amaierarekin nahastuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.