Pandemiaren gorabeherek eragindako etenaren ostean, ostiralean ekingo dio Doctor Deseo taldeak Maketoen iraultza lana ezagutarazteko birari. Azpeitian (Gipuzkoa) arituko dira bihar eta larunbatean, eta beste hainbat kontzertu ere iragarri dituzte: hilaren 19an, Gasteizen izango dira; 26an, Atarrabian (Nafarroa); eta apirilaren 22an, Bilbon. Kontzertu «bereziak» izango direla adierazi du Francis Diez abeslariak (Bilbo, 1958).
2019ko abenduan Maketoen iraultza albuma kaleratu zenuten; euskarazko hamahiru kantuk osatutako bilduma da. Pandemiaren ondorioz bira bertan behera utzi eta gero, gogotsu itzuliko zarete?
Pandemiak ekarri duen gauza on bakarra da dugun gogoa. Bira bertan behera utzi behar izan genuen, eta ia hiru urte daramatzagu zuzenean jo gabe. Orain, batez ere, izugarrizko gogoa dugu; berriro elkar aurkitzeko gogoa. Berriro zuekin itzela izango da.
Zaila izan da horrenbeste denbora oholtzatik at egotea?
Pandemia zaila izan da mundu guztiarentzat. Errusiar mendi batean bizitzen egon gara; esperantza momentuak egon dira, baita erorikoak ere. Musikaren sektorea eta beste, ziurrenik, gehien kaltetuak izan gara.
Zer esan nahi izan zuen bira bertan behera utzi behar izateak?
Frustrazio handia sentitu genuen. Bira berezia zen, eta ilusio nahiz gogo handia genituen. Hasieran, sinetsi ere ez duzu egiten, eta optimista izanda, pentsatzen nuen: «Beno, bertan behera utziko dugu, baina ziur hurrengo urtean berriro ekingo diogula». Itxaron eta itxaron egon gara.
Berriro zuekin izena jarri diozue bihar ekingo diozuen birari. Berezia izango dela ere esan duzue: «Ospakizun handi bat». Nolakoa izango da?
Maketoen iraultza albumarekin hasiko gara: bildumako kantuen selekziorik onena eta sutsuena izango da. Oso berezia izango da nola planifikatu dugun, ordena, nola doan guztia... Bertsio bereziak ere egin ditugu okasio honetarako. Eta hortik aurrera, bigarren zatia etorriko da: DoctorDeseoren onenaren festa izango da.
Aurreneko kontzertua Azpeitian emango duzue. Sarrera guztiak saldu ondoren, bi egun jarraian arituko zarete. Gasteizko kontzerturako ere amaituta daude sarrerak. Gustura zaudete jendearen erantzunarekin?
Bai, oraingoz bai. Pandemiaren ondoren ikustea jendea nola ari den erreakzionatzen... segur aski sarrera guztiak salduko ditugu hiriburuetan. Egia esan, gogo injekzio bat eman digu; eta injekzio horrek egin digu askoz gehiago ahalegintzea. Bi hilabete daramatzagu kontzertua prestatzen, intentsitate handiarekin. Sentipenak oso onak dira.
Jendea gogotsu sumatzen duzue?
Bai, eta espero dugu hala izatea.
Aurreneko kontzertua Azpeitian emango duzue. Zergatik?
Donostian egin nahi genuen, baina ez genuen aretorik topatu gai zena halako kontzertu bat emateko. Azpeititik deitu ziguten, San Agustinen jotzeko. Areto ederra da, eta edukiera nahikoa du zerbait polita egiteko. Ideala da.
Aurreratu zenuten aurrerantzean kontzertu gutxi emango dituzuela irekian. Zein da arrazoia?
Hautaketa bat egin nahi dugu. Nahiko berezia da prestatu duguna, eta, beraz, hautatu nahi dugu non joko dugun. Irekian joko dugu, baina espero dugu edizio berezi eta indartsuak izatea. Madrilen eta Bartzelonan ere arituko gara. Apurka joango gara jakinarazten non gehiago izango garen.
Proiektu bera da, baina taldean egon dira aldaketak: esaterako Toro gitarristak utzi egin du taldea.
Bidean horrelako istorioak gertatzen dira. Modu onean izan zen haustura, baina zaila izan zen. Egon zen tarte bat nik neuk ez nuela ezer jakin nahi. Denbora bat pasatuta, errekuperazio bat egon da, eta desioa eta gogoa itzuli dira. Ez gara inoiz casting bidez funtzionatzekoak izan, eta, Josu Aginagarekin [gitarrista berria] elkartzean, hasieratik egon zen maitemintze bat; brutala izan da. Kantuak gu baino hobeto zituen prestatuak. Zirraragarria izan da, eta odol berria eman dio taldeari. Gauza asko ari da ematen.
Aginagarekin «maitemintze bat» egon zela diozu. Nola batu zen taldera?
Ezagutzen genuen bere lan ona, beste taldeetan-eta egindakoa. Rock klasiko-amerikarra menperatzen du, eta baita azken modakoa ere; tradizioa eta abangoardia jotzen ditu. Tipo kuriosoa da, elegantea, eta, aldi berean, piztia. Gitarrista gisa nahi genituen baldintzak betetzen zituen. Freskura eman digu,eta soinuan elegantzia. Sentsazio eta forma berriak ekarri ditu.
Maketoen iraultza diskoan urteetan argitaratutako euskarazko kantuak eta berri bat bildu dituzue.
Doctor Deseoren ia hasieratik erabaki genuen egingo genuela bidea euskararekin. Gure hizkuntza bezala sortzen genuen. Niretzat, euskararen sentimendua ideologietatik harago doa. Nire hizkuntza dela sentitzen dut. Kantu batzuk argitaratuak genituen, eta gogoa genuen, kantu berri bat egiteaz gain, denak biltzeko. Gasteizen egin genuen kontzertu bat osoki euskaraz, zazpi edo zortzi kantu genituenean, eta nahi genuen hori gehiagotan izatea. Horregatik sortu zen Maketoen iraultza.
Maketoen iraultza kantuaren bideoklipa ere kaleratu berri duzue. Zer nahi zenuten transmititu?
Maketo momentu jakin batean iraina izan zen kanpotik gentozenontzat; XIX. mende amaieratik, batez ere XX. mende hasieratik, orain dela gutxi arte. Birmoldatu nahi genuen hori, harrotasun puntu batetik: harro gaude maketo izateagatik. Bestalde, aldarrikatu nahi genuen izan garena eta eman duguna; eta garena. Esaldi batek dio: «Arazoa izan ginen eta irtenbidea gara». Modu batera, horrela ulertzea nahi dugu.
Baduzue beste proiekturik esku artean?
Pandemian zehar, materiala lantzen joan gara. Ez genuen nahipandemiaren egoera islatzen zuten hitzak sortzea. Musika dugu, baina hitzak beste egoera eta animo batetik datoz. Horregatik nahi genuen berriro elkartze hau ospakizun baten aldarrikapena izatea.
Euskarak aurrerantzean ere izango du presentzia?
Noski. Beti.
Bada, festa has dadila bihar bertan orduan.
Hori da [barrez]. Plazera izango da.
Francis Diez. Doctor Deseoko abeslaria
«Euskara nire hizkuntza sentitzen dut»
Bihar ekingo dio Doctor Deseo taldeak 'Maketoen iraultza' diskoa aurkezteko birari, 'Berriro zuekin' izenburupean. Azpeitian izango dira bi egunez. «Gogotsu» daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu