Berritasunetara mugatua ez izatea, eta txikia eta atenporala izatea, hau da, ahulezia izan zitezkeen horiek indar bihurtzea. Hori ere bada Hazparneko Zinegin jaialdia. Eta azkenean, nahiz antolatzaileek ez dituzten nahi zituzten ekoizpen guztiak eskuratu ahal izan, «pozik eta harro» agertu dira osatu duten egitarauarekin. Bihartik igande bitarte, euskarazko bederatzi film ikusteko aukera eskainiko dute jaialdian, Hazparnen (Lapurdi).Eihartzea kultur etxearen eta Ttattola gaztetxearen seigarren edizioa izanen da aurtengoa.
«Mugatuko bagina berritasunetara, ez genuke gauza handirik eskaintzen ahal»; hori ere badela errealitate bat baieztatzen du Jon Eiheerabide jaialdiko kideak. Baina, aldi berean, horrek «askatasun» handi bat ekartzen die filmak hautatzeko mementoan. Hautuak hamar bat lagunen artean egiten dituzte, gustuen arabera, eta haiek berek finkatu irizpideei jarraituz: «Ez gara nehorren meneko». Horrek esplikatzen ditu, partez, aurten indartu dituzten irizpideak.
Urteak aitzinatu arau, beren burua kokatuz doaz. Ez da kasualitatea jaialdia Ikuska saileko film labur batekin hastea, baita Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak filmarekin ere (1989). Euskararen inguruan eztabaida anitz izan dituzte: «Eta, azkenean, antolatzaileen artean denak ados gara errateko: euskal zinema euskaraz egiten den zinema da. Geure burua kokatu dugu, eta berriz joan gara euskal zinemaren hastapenetara: Ikuska saila sortu zutenek hori erraten zuten». Hasieran, filmaren gidoia idatzi zuen Koldo Izagirre idazlea etortzekoa zen gaualdira, baina azkenean ezingo da bildu Hazparnera.
Hizkuntzaren gai horrek errealitate honen aitzinean jarri ditu:«Film batzuk egiten dira, baina anitz ez dira euskaraz. Edo, euskara baldin bada, espainiar edo frantziar ikuspegi batetik tratatua da. Bi zailtasun horiek ditugu festibal handi eta eder bat antolatu ahal izateko». Orduan, fikzioan bereziki euskara dute hobetsi. Dokumentaletan, berriz, eztabaidarik izan da, ea zein heinetaraino justifikatuak diren euskara ez diren beste hizkuntzak. Elkarrizketatuek euskara ez badakite, adibidez. Ez dira beti errazak izan eztabaidak. Film batzuk onartzera eta besteak ukatzera eraman ditu eztabaidak. «Zinema maite dugu, baina euskara sustatzeko ari gara lanean», argitu du Eiherabidek.
Hizkuntzaz harago, aurten ere aspaldiko arazo batekin topo egin dut, banaketa kontuekin, hain zuzen ere: «Hego Euskal Herriarekin banatzen gaituen muga administratiboa hor da. Film nagusien ekoizleek aukera ikusten dute Frantziako festibal baten gomita jasotzeko, eta horrek lurralde mailako esklusibitate baldintza jartzen die. Ondorioz, nahiago dute gurera ez etorri».
Halere, oztopoak oztopo, bada egitarau oso bat osatzeko adina, eta, gehiago dena, bazterrean film andana bat ere uzten dute: «Euskal zinema sortze prozesu batean da; emeki-emeki ari da sortzen. Ez gara sartuko euforia batean; behar du denbora. Lehen harriak pausatuak izan dira 80ko hamarkadan, eta emeki-emeki ari da makina erraldoi hori, inertziarekin; batzuk komertzial arloan, besteak amateur arloan, baina jendeak bereganatzen du tresna».
Gaualdiak eta hitzaldiak
Fikzioen eta dokumentalen artean oreka bat bilatzen saiatu dira aurtengo egitarauan. Sail berri bat estreinatu dute: Laburdum. Antolatzaileek hautatu sei film labur erakutsiko dituzte ostiral arratsarekin.
Bi gaualdi berezi ere izanen dituzte, ostiral eta larunbat arratsean; biak Ttattola gaztetxean. Ostiralean, zinema ardatz jostetan arituko dira Zinequizz gaualdian, eta, ondoren, Klip Klap lehiaketako sariak banatuko dituzte. Airea gaitzat hartuta, lauzpabost film labur eskuratu dituzte aurten. Larunbatean, zinema-kontzertua proposatuko dute: Kamera duen gizona filma, Inhar Iraizoz piano jotzaileak musikatua. «1929ko film errusiar bat da, Dziga Vertovek ekoiztua. Film hau biziki berezia da, kamera bera bilakatzen delako aktore». Azkenik, eskola magistral bat eskainiko du Patxo Telleria zinemagileak, gidoigintzaz; nola pasatu obra idatzi batetik zinemara, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea oinarri.
Euskara lehen planoan jarria
Zinegin jaialdiak euskararen aldeko parioa indartu du. Bihartik igandera, film andana bat erakutsiko du Hazparnen, nahiz eta azkenean ezin izan dituzten ekarri film nagusi berrienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu