Arian euskara ikasteko metodoarekin lotuta, Alvaro RabellirenNaia Chinatown inguruan, John Landonen Atzapar-arrastoak eta John Milneren Katu beltza eleberri laburrak, azken biak Jose Antonio Mujikak itzuliak, kaleratu ditu Elkarrek euskara ikasleentzako irakurgai mailakatuen bilduman. Europako erreferentzia esparruaren arabera, lehena A1 mailari dagokio, eta beste biak A2 mailari. Liburuxka horiek irakurmenaren ulermenarekin lotutako lanketa didaktikorako materialez hornituta daude; galdera-erantzun, hiztegi eta audioarekin.
Naia Chinatown inguruan eleberriak Bilboko neska gazte baten bizipenak kontatzen ditu. Detektibe bokaziorik izan ez arren bizimodua ateratzeko lan egin beharra duenez, mila abenturatan kateatuko da.
Hiru metro luze den munstro izugarria da Atzapar-arrastoak liburuko protagonista. Hegaztimokoa duen arren, ez du hegorik, eta beso luze eta iletsuak ditu soinetik zintzilik. Esku-oinetan, atzapar handi gorri-gorriak ditu. Hainbatek dioenez, lau lagunen hiltzailea da.
Katu beltza ekintzaz betetako detektibe-istorio modernoa da, Salahadin el Nur polizia inspektorea protagonista duena. Antzinateko Ondasunen Sailean egiten du lan, eta Egipton dagoen europar arkeologo bat hilda agertzean balio handikoa den estatua txiki bat berreskuratzeko ikerketan murgilduko da. Kasuak nazioarteko kontrabandista talde baten arrastoan jarriko du.
Euskara ikasleentzat hiru liburu berri aukeran
Euskara ikasleentzako irakurgai mailakatuen bilduman hiru eleberri labur kaleratu ditu Elkar argitaletxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu