Euskara eta okzitaniera elkartuko ditu Irailekoak poesia jaialdiak, Itsasun, hilaren bukaeran

Katixa Dolhare Iparraldeko poesiaz ariko da. Angel Errok, Maddi Sarasuak eta Harkaitz Canok beren lanak irakurriko dituzte. Pantxix Bidart, Maddi Oihenart eta Alide Sans kantuz ariko dira. Sergi Javaloyes idazle okzitaniarra ere gomitatu dute.

Mikel Hiribarren, Andres Urrutia eta Itxaro Borda
Mikel Hiribarren, Andres Urrutia eta Itxaro Borda, Irailekoak jaialdiaren aurkezpenean, gaur, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko irailaren 4a
16:30
Entzun

Euskaltzaindiak bigarren aldikoz antolatu du Irailekoak poesia jaialdia. Iaz hasi zen, Lekeition (Bizkaia), eta aurten Itsasun (Lapurdin) eginen da, irailaren 28an eta 29an. Gisa horretan aldizkatu nahi lukete geroan ere, Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. «Etorkizuneko egitasmo bat da, eta gure helburua da instituzionalizatzea, egonkortzea» adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Poesiari eta, horren medioz, euskarari leku berezia eman nahi diote jaialdiari esker.

Itxaro Borda euskaltzain osoak aurkeztu du Irailekoak jaialdiaren egitaraua, eta azaldu du okzitaniera eta euskara nahi izan dituztela elkartu. «Baita Ipar eta Hego Euskal Herria uztartu ere», Bordak adierazi duenez. Lurraldeak eta generoak: «Ez badugu pentsatzen, sistematikoki programetan gizonezkoak baizik ez zaizkigu bururat etortzen. Indar bat eginez, oreka batera heltzen gara».

Emazte batek emanen dio, beraz, hasiera jaialdiari. Irailaren 28ko goizarekin, Katixa Dolhare-Zaldunbide idazle eta irakaslea Ipar Euskal Herriko olerkigintzaz arituko da: «Panorama bat emanen digu; historia pixka bat eta zein diren izenak», zehaztu du Bordak.

Berriki bedera olerki liburu argitaratu duten hiru euskal idazle gomitatu ditu, ondotik, Euskaltzaindiak, beren zenbait poemaren irakurtzera: Angel Erro, Harkaitz Cano eta Maddi Sarasua itsasuarra, aurten Maiatzekin lehen poesia liburua argitaratu duena. Haiekin, Pantxix Bidart ariko da musikan. «Euskal poeta asko baditu musikatuak Pantxixek». Bordak ongi ezagutzen du, haren olerki franko musikan jarriak baititu musikari hazpandarrak.

Egun berean, keinu berezia eginen diete Susak duela hamar urte abiatu zituen munduko poesia kaierei. Emanaldi ibiltaria prestatu dute Itsasuko Gaineko plazatik Elizaldera, hiru itzultzailerekin eta tokiko bost irakurlerekin. «Munduan barnako zortzi bat idazleren lanekin» ibiliko dira poesiak irakurriz, Bordak iragarri duenez. «Inportantea baita Itsasuren edertasun geografikoaz gozatzea ere».

Gaueko kontzertuarekin hasiko da okzitanierarekiko elkartzea. Maddi Oihenartek eta Jeremie Garatek kontzertua eskainiko dute, baita «lehen aldiz» Ipar Euskal Herrira jinen den Alide Sans Aran ibarreko kantariak ere (Herrialde Katalanak). Arango okzitanieraz kantatzen du Sansek.

Biharamunerako, Sergi Javaloyes idazle okzitaniarra gomitatu dute okzitanierazko olerkigintzaz aritzera. Ondotik, Aurelia Lassaca Perigordeko poeta okzitaniarrak bere idazlan batzuk irakurriko ditu, eta «euskaraz ere» emanen dituzte. Coralie Nazabal Landetako (Okzitania) musika irakasleak olerki musikatuak emanen ditu, artetik.

Itsasun erro dadin

Mikel Hiribarren, Itsasuko auzapez bilakatu baino lehen, laborari eta sindikatu ordezkari izateaz gain, idazle eta literaturazale ere bazen. Susa argitaletxearen eta aldizkariaren hastapenetan parte hartu zuen, eta Maiatz aldizkarian ere bai. Maiatzekin, hain zuzen, Basaburuko altxorrak, Itsasuko laborari baten gogoetak, 2008-2015 idazki bilduma argitaratu zuen, 2017an. Ez du, beraz, dudatu Ipar Euskal Herriko euskaltzainek proposatu diotelarik Irailekoen Itsasun errezibitzea.

«Nonbait, herri bezala, harro gaude euskarari buruz egiten den ekitaldi honetan parte hartzeaz», erran du Hiribarrenek. Are gehiago poesiaren inguruan izanik, gizartean akuilatzeko beharra ikusten baitio: «Nolabait, denak olerkian gabiltza noiz edo behin, baina askorentzat olerkia irakurgai zailagoa eta bereziagoa da». Euskaraz irakurtzeko ohitura jadaneko apala delarik, euskal poesia ere «ez da denentzat egun guzietakoa», hori argi du Hiribarrenek.

Bordak punpan hartu du Hiribarrenen errana: «Poesiak hitzarekin intimoki lotzen gaitu, edozein dela hizkuntza; eta bereziki euskaraz. Uste dut euskaldunak poesiaren maitaleak direla. Gaitzeko poetak ukan ditugu historian zehar, eta orain ere hala dira».

Herriko azpiegiturak antolatzaileen eskuetan utziko ditu Itsasuko herriak iraileko azken asteburuan. Auzapezak itsasuarrei ere gomita egin die: «Herritarrak ere deituko ditugu hurbiltzera euskarari eta arteari ikuspegi berezia eman nahi dion ekitaldi horretara». Irailekoak jaialdiari ongietorria eman nahi izan dio Hiribarrenek: «Ongi etorri Lekeitioko kresaletik Itsasuko mendietara».

Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Kultur Erakundeak ere laguntza ekarri diote jaialdiari.

Lekeition egin bezala, aurten ere, liburuxka bat plazaratuko dute antolatzaileek jaialdiaren karietara. «Poesiaren inguruko hainbat ikuspegiren bilduma izanen da», salatu du Bordak. Azpimarratu du, bestalde, Christine Etxebertzeren ilustrazioak agertuko direla liburuxkan.

Lekeition bezala, Itsasuko saltegietan eta herriko etxean jadanik ikusgai diren idazle hauen olerki zatiak paratu dituzte: Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, Jose Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suarez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga eta Alejandra Pizarnik.

EGITARAUa

  • IRAILAREN 28a.
  • 10:00-11:30: Sanoki gelan: Ipar Euskal Herriko poesiari buruzko mintzaldia. Katixa Dolhare-Zaldunbide. 
  • 12:00-13:30: Gaineko plazan, poesia irakurraldia: Angel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Cano. Musika: Pantxix Bidart.
  • Bazkaria
  • 16:30-18:30: Munduko poesia kaierak emanaldi ibiltaria, Gaineko plazatik Elizaldera.
  • Taloak eta edariak, Elizaldean.
  • 20:30-22:30: Elizan, kontzertua: Maddi Oihenart eta Jeremie Garat, Alide Sans.
  • IRAILAREN 29a.
  • 10:00-11:30: Elizaldeko haurtzaindegian, Sergi Javaloyesen mintzaldia.
  • 12:00-13:00: Elizaldeko haurtzaindegian: irakurraldi elebiduna, Aurelia Lassaca eta Coralie Nazabal.
  • 13:30: zintzur bustitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.