«Frantsesa hizkuntza komun duten 321 milioi pertsonak osatutako kultura, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa». Hala definitu du Etxepare Euskal Institutuak «frankofoniaren unibertsoa». Eta datozen lau urteetan eremu horretan euskararen eta euskal kulturaren presentzia, ezagutza eta eragina indartzeko helburua jarri dio bere buruari. Ça colle au basque egitasmoa jarri du abian horretarako, beste erakunde eta kultur arloko eragile batzuekin elkarlanean gauzatu nahi duen luzera begirako proiektua.
Hainbat instituziotako eta kultur erakundetako 50 bat ordezkari bildu dira Getariako Zarautz jauregian (Gipuzkoa), proiektua aurkezteko lan saio batean. Tartean izan dira, besteak beste, Mael Solen Picard Quebecen Bartzelonako ordezkaria, Yves Kordian Malandain Biarritz Balleteko zuzendari laguntzailea, Euskal Herri osoko kultura eta sorkuntza sareko profesionalak, eta Eusko Jaurlaritzako, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko, eta Parisko Sorbona Unibertsitateko eta Bordeleko Unibertsitateko ordezkariak. Haien guztien aurrean azaldu dituzte egitasmoaren gako nagusiak Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Eta talde txikiagoetan bildu dira ondoren parte hartzaileak, ideiak trukatzen segitzeko.
Arduradunen hitzetan, «kultur diplomazian» ardaztutako egitasmoa abiarazi berri duten, eta gogorarazi dute ez direla hutsetik hasi. Izan ere, 2018. urteaz geroztik, Kultur Konexioak izeneko «arnasa luzeko» proiektuak garatu ditu Etxepare Institutuak; Quebecen, kasurako. Ça colle au basque-ek, baina, «lurralde zehatz batetik harago bost kontinenteetan barrena zabaltzen den unibertso bati» begiratzen diola nabarmendu dute.
«Egitasmo honen bidez, mugaz gaindiko lankidetza sustatu nahi dugu, sareak sendotu, eta gure identitatea unibertso frankofonoan zabaldu», adierazi du Bengoetxeak. Eta hori martxan jartzeko eragileen arteko elkarlana «ezinbestekoa» izango dela gaineratu du. Lankidetza azpimarratu du Larrazak ere, eta beste kultura batzuekin orain arte sortutako zubiak ekarri ditu gogora. «Aurten hasi eta 2028ra arte, frankofoniaren eremuan eragin nahi dugu, guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza berriak sustatzeko ilusioz. Eta baita ere historian hegemoniak marraztu dituen mapa horietan sorkuntza eta hizkuntza gutxituok daukagun lekuaz eta garrantziaz elkarrekin hausnartzeko».
Hiru helburu, lau ildo
Proiektu berriak hiru helburu nagusi dituela azaldu du Larrazak: frankofoniaren eremuan erakundeen arteko lankidetza esparruak sortzea eta garatzea, eremu horretan euskal kulturaren zabalkundea sustatzea, eta euskararen gaineko ezagutza eta prestigio akademikoa sustatzea.
Helburu horiei lau ildotan lan eginez helduko dietela ere esplikatu du Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Batetik, frankofoniaren eremuan jada martxan dituzten dinamika eta proiektuetan euskararen eta euskal sorkuntzaren presentzia sendotuko dute, hala nola Quebec en Toutes Lettres (Quebec) eta Fest'arts (Frantzia) jaialdietan eta Bruselako Liburu Azokan.
Bestetik, finantzaketa ildo berriak jarriko dituzte martxan, «euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziazko azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte har dezaten errazteko, baita haien argitalpen sisteman presentzia izan dezaten bultzatzeko ere». Horien artean leudeke euskal literaturako argitalpen proiektuetarako lerroa eta arte eszenikoen azoketan parte hartzeko laguntza espezifikoak. Heldu den urtean Itzultzaile berriak programaren deialdi berri bat ere egingo dute, frantseserako itzulpena ardatz hartuta.
Halaber, lankidetza areagotu nahi dute Ipar Euskal Herriko sortzaile, kultur eragile eta erakundeekin. «Sare lana indartzeko topaketa profesionalak egin nahiko genituzke, eta truke programak antolatu». Azkenik, Etxeparek dagoeneko lantzen duen esparru akademikoa indartzea litzateke beste ildoetako bat, «erreferentziazko unibertsitateetan euskara eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera berriak sortzeko». Iragarri dutenez, azaroan nazioarteko kongresu akademiko bat antolatuko dute Parisen, Sorbona eta Sorbona Berria unibertsitateekin elkarlanean, eremu diglosikoetako itzulpengintza aztertzeko.
Egitasmoa abian jarri berri dutela zehaztu du Larrazak, eta aurrera begira sortzaile, eragile eta erakundeekin lanean segituko dutela. «Hau lehen urratsa baino ez da».