«Aurten, beste nozio bat nahi izan dugu gehitu: plazera». Hala adierazi du Maialen Etxeberria Miarritzeko (Lapurdi) hautetsiak Mintzalasai jaialdiaren 5. aldiaren harira. Euskaraz mintzatzea plazerarekin lotu nahi dute. Irailaren 10ean hasi, eta hilabete bukaerara arte izango da euskararen aldeko festibala Miarritzen. 25 eragilek sostengatu dute jaialdia. Guztira, 50 ekintza antolatu dituzte, denetarikoak: ikuskizunak, prestakuntza saioak, ibilaldiak, dastatzeak, proiekzioak eta tailerrak, besteak beste. Hiru helburu nagusi ezarri dituzte antolatzaileek: euskararen erabilpena alor anitzetan sustatzeko egunak prestatzea, euskararen babesean diharduten eragileak federatzea, eta Miarritzen euskara ikusgarri eta erakargarri egitea.
Mintzalasai jaialdiaren egun handia irailaren 25ean, igandearekin, izanen da. 10:00etatik 19:00etara ekintzak izanen dira ordu erdiro Miarritzeko aintziran, hala nola, ipuin kontaketa, mutxikoak, zirkoa, txalaparta, euskara ikasteko abiatze ikastaroa, jokoak familian eta txaranga. Jateko eremu bat prestatuko dute, baita lasai egoteko bat ere.
Egun hori baino lehen, eta, ondoren, ekintza anitz izanen dira. Irailaren 10ean, 10:30ean, Eusko Ikaskuntzak eta Miarritzeko Herriko Etxeak diru laguntzak banatuko dizkiete ikasle eta ikertzaile batzuei. Horren helburua da euskarazko eta euskal kulturaren inguruko ikerketak sustatzea.
Mintzalasaik irailaren 13an irekiko ditu ateak. Eriz Zapirainen Gaur irekiko ditu ateak dokumentala proiektatuko dute Le Royal Zineman, 20:30ean, Euskaldunon Egunkaria hizpide duena. Han izanen da zuzendaria. Itxieraz baino gehiago, egunkariaren irekieraz gogoetatzea du xede.
Irailaren 17an, larunbatarekin, Kepa Akixo Zigor euskal zizelkariak bisita gidatu bat eginen du Miarritzen barna, hirian dauden eskulturak ezagutarazteko. Astelehenean, irailak 19, sukaldari eta etnologoen tailer bat antolatu dute, haien irakaspenak jaso, jana eta edaria dastatu, eta elkarrekin euskaraz mintzatzeko. Asteazkenean, irailak 24, haurrentzako ikuskizun bat izanen da Atabalen, 17:30ean. Hurrengo egunean, 09:00etan, prestakuntza saioak eskainiko dituzte Urtxintxa eskolak eta Uda Lekuk, haurrak euskaraz mintzatzera bultzatzeko baliabideak ikasteko. Animatzaile eta hezitzaileentzako prestakuntza da. 20:00etan Ben Sharrock zinemagilearen euskarazko komedia dramatikoa proiektatuko dute, Pikadero (2015), hain zuzen.
Bellevue aretoan dagoen erakusketarako bisita izango da irailaren 24an, larunbatarekin. Pierre Gonnord argazkilariaren lanak daude ikusgai. Celine Arrosagarai izanen da bisitan gidari, eta Sustrai Colina argazkiak komentatzen izanen da. Egun horretan sarrera merkeagoa izanen da, bost euro.
Egun handiaren ondoren, irailaren 28an, asteazkenean, Ina, nere ama afrikarra ikuskizuna emanen dute. Afrika eta Euskal Herria uztartuko dituen kontakizuna da, eta narrazioan laguntzeko musikari eta ilustratzaileak izanen dira.
Mintzalasairen 5. aldia prestakuntza tailer batekin amaituko da. Zein diskurtso euskararentzat? galderatik abiatuz, nahi dute euskararen inguruan dagoen diskurtsoaz hausnartu eta horretan aurrerapausoak eman. Hego Euskal Herrian euskararen inguruko diskurtsoa berritzeko premia dagoela aipatu du Eneko Gorri Miarritzeko euskara teknikariak. «Ipar Euskal Herrian ez dugu euskararen inguruko diskurtsorik, eta hori sortzeko bidean antolatu dugu prestakuntza», gaineratu du.
Gorantz doa kopuruan
Iaz, ia 4.000 lagunek parte hartu zuten Mintzalasai jaialdian, eta betetze tasa %83 izan zen. 2012tik %30 igo da parte hartzea. Finantzaketan Miarritzek eta Euskal Kultur Erakundeak lagundu dute. Gorriren arabera, instituzioen esku hartzea falta da.
Mintzalasai egun horiez harago eraman nahi dute. Hala, euskarazko hogei ekintza pedagogiko eta ludiko prestatu dituzte Miarritzeko eskoletarako. Sei jarduera mota egonen dira: barazkiak deskubritzeko tailerra, Jo Kako Jo! ikusgarria, zientzia tailerra, arte tailerra, ipuinen irakurketa saio bat eta Gonnorden argazki erakusketaren bisita gidatu bat.
Euskara alor guztietara iristeko
Mintzalasai euskararen aldeko jaialdiaren 5. aldia irailaren 10etik 29ra iraganen da Miarritzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu