EUSKALTZAINDIAREN NAZIOARTEKO BILTZARRA. ONDORIOAK. Akademien arteko elkarlana eskatu dute

Harremanak maizteko foroa proposatu die Euskaltzaindiak katalana, okzitaniera eta aragoieraren akademiei

ALBERTO BARANDIARAN IRUñEA
2008ko urriaren 11
00:00
Entzun
Esperientziak trukatzeko eta «benetako elkarbizitza foroa» lortzeko, aldian behineko bilera akademikoak proposatu dizkie Euskaltzaindiak Institut d'Estudis Catalans, Institut d'Estudes Occitanes eta Academia de l'Aragones erakundeei. Hau da, euskara, katalana, ozkitaniera eta aragoieraren akademien arteko halako Galeusca akademikoa.

Proposamenarekin, Pirinioetako Hizkuntzak nazioarteko biltzarrean egindako ezagutza areagotu beharra azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eta erakunde bakoitzak bere esparruan eragiteko deia egin zuen atzo, kongresuaren amaiera ekitaldian. «Akademiek hizkuntzaren alde lan egiten dutenen arteko katalizatzailea izan behar dute, bidaide», esan zuen.

Bidaia hori hizkuntzen prestigioarena da. Urrutiak eskertu zituen beste hiru hizkuntzetako ordezkarien «elkartasuna», eta dei zabala egin zuen nork bere hizkuntzaren aldeko pedagogia lana egiteko. «Hizkuntzen inguruko debatea ez da pausatua, politikoki erabiltzen dute; are gehiago, batzuetan hauteskundeekin lotzen dute».

Mezu politiko argia zen, eta Joan Marti Institut d'Estudis Catalanseko ordezkariak bide beretik jo zuen. Carlos Perez Nievas Hezkuntza kontseilaria ondoan zuela, Juan Carlos Moreno katedradunak bezperan egindako argudioak bere egin zituen Martik, eta hizkuntza guztiak «normalak» zirela gogorarazi zuen. «Hizkuntzak ezin dira gutxietsi hiztun kopuruaren arabera, edo mintzatzen den lurraldearen tamainaren arabera. Baina hizkuntz nagusietako hiztunek gutxietsi egiten dituzte, menperatze arrazoiak tarteko». Jarrera horren zergatia ere berak azaldu zuen. «Hizkuntza aniztasuna deserosoa da, boterearen gaitasuna mugatzen duelako». Aniztasuna konplexutasuna zela onartu zuen Martik, baina aniztasunak berak «heterogeneotasunaren handitasuna» ziurtatzen zuela nabarmendu zuen.

Ezberdintasunaren aldarria

Eleaniztasuna, Institut d'Estudis Catalanseko filologia saileko presidentearentzat, bakarrik nortasun ezberdinetatik ziurta daiteke. Eta hiztun gutxiko hizkuntzak folklore gisa hartzeko ahaleginen aurrean, ezberdintasuna aldarrikatu zuen atzo.

«Berdintasuna ezberdintasunetik eraiki behar da. Mestizaia lortu daiteke nork bere nortasuna defenditzen baldin badu, bestela, ez. Hain zuzen ere, unibertsalak izan gaitezke gure sustraietatik abiatzen baldin bagara, bestela hustasun erabatekora amiltzen gara».

Pirinioak, alde horretatik, zubia izan direla esan zuen Martik, muga baino gehiago. Mendilerro fisiko hori, benetako muga batez ere azken mendeetan bilakatu dela, Espainia eta Frantziako estatuak erabat finkatu eta sendotzearekin batera. «Hiztunentzat, Pirinioak ez dira langa izan, batasuna eta aterpe lerroa baizik, eta bertan gorde eta babestu dira hiztzunak».

Martik, horregatik, Urrutiak egindako gonbita onartu zuen. «Biltzar hau gure hizkuntza ideologia indartzeko baliogarria izan da. Hizkuntzen aldeko apustua ez da zerbait nostalgikoa, etorkizuneko apustua baizik».

David Grosclaude Institut d'Estudis Occitaneseko ordezkaria ez zen horren baikor agertu, eta errealitate politikoek ezartzen dituzten zailtasunak nabarmendu zituen. «Okzitaniera Italian, Frantzian eta Espainian mintzatzen da, eta egoera legala, horregatik, oso konplexua da». Egun, Oc-eko hizkuntzak bakarrik Aran ibarrean (Katalunia) du aitorpen instituzional erabatekoa. Eta azken urteetan, hizkuntzak prestigio galdu du gizartearen aurrean.

Manuel Castan Academia de l'Aragoneseko presidenteak, azkenik, haiena akademia gaztea zela azpimarratu ondoren-2006an jaio zen-, aragoiera «hizkuntza ahaztua» zela esan zuen. «15.000 lagun inguruk hitz egiten dute, Pirinietako ibarretan gordeta. Baina, esaten diguenean 'zertarako?' guk erantzuten dugu hori dela mundua ezagutzeko dugun hizkuntza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.