Kirmen Uribe. Idazlea

«Euskalgintza omenduko dugu emanaldiarekin»

'Jainko txiki eta jostalari hura' disko-liburua zuzenera eramango dute bihar Andoainen, Joxan Lizarribar zenari omenaldia eginez.

Ainhoa Sarasola.
2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Proiektu berri baten proposamena egiteko deitu zien Kirmen Uribek Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverderi, iaz, eta Jainko txiki eta jostalari hura disko-liburua izan zen boskotea elkartzeak utzitako emaitza. New Yorken emanaldia eskainiz aurkeztu zuten lana, eta esperientzia dokumental batean jaso zuen Josu Venerok. Hainbat saiotan aurkeztu dute ikus-entzunezkoa, eta zuzenera eramango dute bihar Andoaingo Bastero aretoan, 20:00etan. Biharkoa, ordea, berezia izango da: Joxan Lizarribar omenduko dute.

Hainbat emanaldi egin dituzue Jainko txiki eta jostalari hura lanaren dokumentala aurkezteko. Nola joan dira orain artekoak?

Merezi izan du esperientziak. Gure ustez, merezi zuen Josu Veneroren dokumentala erakusteak, eta ikusi duguna da batez ere oso jende gaztea hurreratu dela. Egon dira galderak eta egon da interesa. Guretzako izan da zerbait lagundu diguna gure ohiko emanaldiez gain gure beste alderdi bat erakusten. Benetan eskertzen dugu.

Biharko emanaldia berezia izango da. Joxan Lizarribar omenduko duzue, Andoainen. Talde gisa nola gogoratu nahi duzue?

Kontzertu hau guretzat oso berezia da, eta pixka bat ziklo bat ixten duena nolabait. Hasi ginen New Yorkeko emanaldiekin, gero disko-liburua atera genuen, hainbat eta hainbat emanaldi egin ditugu han eta hemen, gero dokumentala ere aurkeztu dugu... Eta BERRIArekin batera Basteroko emanaldia egitea bada zirkulua ixtea bezala. Emanaldi oso berezia da: alde batetik, BERRIAk antolatzen du, bestetik Joxan Lizarribarren omenez da. Betidanik izan da hor, gure ondoan, laguntzen eta bidea irakasten. Baina guk nahi genuke, Joxanekin lotuta betiere, eta BERRIArekin, euskalgintzari egindako halako omenaldi bat izatea, ez soilik Joxani; azkenean, Joxan izan zen hor egon diren milaka eta milaka euskaltzale anonimoen artean bat. Bera gero ezaguna egin zen BERRIAko lehendakari izatearren, baina bestela, hainbat urtez egon zen lanean era anonimoan, eta guk nahi dugu emanaldi hau izatea euskaltzale anonimo guztiei omenaldia. Izan ere, euskara, gure hizkuntza bizirik dago jendeak eutsi diolako urterik zailenetan. Ez dugu ahaztu behar euskarari bizitza konpromisoak eman diola, eta hori da omendu nahi duguna Joxan omenduz.

Zuretzat «bigarren aita bat» izan zela esan izan duzu...

Bai, nire bizitzan oso garrantzitsua izan da; indar asko ematen zidan aurrera jarraitzeko. Hortxe zegoen beti aholkuak eskaintzeko, baita barre egin eta ondo pasatzeko ere. Egia da aita oso gazte galdu nuela, eta berak hartu zuen pixka bat aitaren papera nire bizitzan; benetan eskertzen diot. Hamar urtean egon ginen elkarrekineta urte haiek pertsona gisa, markatu baino gehiago, egin naute; Joxan izan da egin nauen pertsona bat. Zortea izan da ezagutzea.

Biharkoa azken emanaldia zela esan zenuten, baina maiz gero ez denez hala izaten... Zein asmo duzue aurrera begira?

Oso ondo ez dakigu... Egia esan hasieran azkena zen [barrez], baina deika hasi dira eta... Adibidez, Baigorritik deitu ziguten Nafarroaren Egunaren bezperan zerbait egiteko, eta ezin izan diegu ezetz esan. Irlandara ere joango gara... Baina biharkoa bai izango da berezia, Andoainen delako, Joxanen omenez, BERRIAk antolatu duelako eta guk sentitzen dugu halako emanaldi handietan azkena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.