Nolabait ere, literatura idatzirako eskailerak binaka igotzen irudikatzen du Xabier Amuriza bertsolariak Bernart Etxepare idazlea, zorion hutsean, euskara, azkenik, gainerako hizkuntzekin parekatu eta, are, haien gainetik ere jarriko dela uste duelako. Amurizaren hitzetan, «kontzientzia argia», «indartsua» eta are «euforikoa» ere suma daiteke Etxeparek 1545ean Linguae Vasconum Primitiae libururako idatzitako testuetan, eta horregatik dio Etxepare izan dela «munduko euskaldunik zoriontsuena». «Haren bizipenak neure gogoan berritzen saiatzen naizenean ezin da egiazki berritu, baina hurbiltzen naiz, emoziozko deskarga batek korritzen du nire izate guztia». Eta Amurizak azaldu duenez, haren lanean murgiltzeak «bigarren euskaldunik zoriontsuena» bilakatu du bera.
Berez, Etxepareri buruzko hitzaldi bat emateko eskaria egin zion Bilbozaharra euskaltegiak Amurizari, Bilboko Arriaga antzokian antolatu ohi duen ekaineko Klasikoen Irakurketa Jarraituaren bueltarako, baina enkarguari hazten utzi, eta, azkenean, Etxepareren jatorrizko liburu osoa moldatu eta argitaratu du Amurizak. Euskara batura ekarri du, batetik, eta egungo errima eta bertso moldeetara egokitu, bestetik. Etxepare. Jalgi hadi batura izenez argitaratu du orain Amurizak berak, eta itzulpenaren eta bertsioaren arteko zerbait da emaitza, dioenez.
Etxepareren estrofa batzuk hautatu eta batura moldatzea izan zen Amurizaren hasierako asmoa, baina ekaineko Klasikoen Irakurketa Jarraitua aurkezteko egindako prentsaurrekoaren ostean, erratuta, liburu osoa batura pasatuko zuela zabaldu zuten hedabideek, eta akatsarekin aurrera egitea erabaki zuen bertsolariak orduan.
«Argi dago Etxeparek ez zeukala errima sistema garatu bat», azaldu du bertsolariak. «Neurrian nahiko zuzena da, baina hor ere, gaurko ikuspegitik, libertate handiak daude». Argitaratu berri duen liburuko hitzaurrean dioenez, teknika oso oinarrizkoa zuen Etxeparek bere testuetan, eta hori kontuan harturik erabaki zuen itzulpen soila egin beharrean «interesgarriagoa» zela «bertsio-itzulpen bat» egitea. Hitzaurrean bertan dator Amurizaren aitortza ere: «Nire ardura eta ahalegin nagusia izan da emaitza izan dadila Etxepare, eta ez ni».
Idazle bainoago koblakari
Edonola ere, moldaketa guztiak erraz identifikatzeko modua izango du irakurleak, ezkerreko orrietan topatuko baitu jatorrizko testua, eta eskuinekoetan Amurizaren bertsioa.
Kontrapas izeneko bertso ezagunak izan daitezke Amurizak egindako moldaketa azaltzeko adibidea. Bertso lerroak, grafia, puntuazioa, hiztegia eta errima moldatu baititu egokitzapena egiteko orduan. «Heuscara ialgui adi campora», dio jatorrizko bertsioak, esaterako, eta bi lerrotan banatu du hori Amurizak. «Euskara!/ Jalgi hadi kanpora!». Eta jarraitzen du gero. «Garacico herria/ Benedica dadila/ Heuscarari eman dio/ Behar duyen thornuya». Eta moldatuta alboan. «Garaziko herria/ benedika dadila!/ Euskarari eman dio/ behar duen maila».
«Etxepare, poeta baino gehiago, koblakaria da, eta ziur aski letrak eta doinuak biak batera erabiliko zituen buruan, bertsoak paratzerakoan». Pedro Alberdi Bilbozaharra euskaltegiaren Klasikoen Irakurketa Jarraituaren arduradunak liburuan esaten duenez, enkargua jaso, eta Etxepareren lana berrikusi ostean eman zion hipotesi horren berri Amurizak. Eta orduan planteatu zion bertsolariak erronka bere buruari. Kantutegi formatura egokituko zuen liburua, eta euskara batuan jarri. Eta lanaren kalitatea nabarmendu du Alberdik. Haren hitzetan, liburuak «hutsune handi bat» betetzen duelako. «Hutsune bat, hain zuzen ere, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskararen artean dagoen aldeari dagokiona».
Irakurtzeko eta kantatzeko idatzitako liburua da Linguae Vasconum Primitiae, Amurizak orain berretsi duenez. «Ziur haren buruan eta tradizioan doinu batzuk zerabiltzala, baina gaurko erara neurketa hori ez da oso zehatza». Doinu horiek topatzeko ikerketa zientifikoa falta dela dio Amurizak, baina Ipar Euskal Herriko kantutegi zaharreko doinuen airera arituko zela uste du berak. «Kontzientzia osoz zen koblakaria Etxepare, berak ere hitzaurrean esaten baitu poema horiek kantatzeko eta errezatzeko direla».
Errimak eta neurriak aldatzen hasita, esanahia ere aldatuko ote zien beldur izan zen Amuriza, eta hori izan du erronka nagusia, aitortu duenez. «Ni saiatu naiz itzulpena egiten, eta ematen neurri, kategoria eta bariazio handiagoa erriman». Etxepareren estiloa mantentzen saiatu dela dio, «haren airea», baina testua gaur egungo irakurleentzako argiago bilakatuta, eta aberastuta. «Instintuak eta senak eman didaten tokiraino heldu naiz hor».
Emazten fabore poemako bertsoak kantatuz frogatu du bere hipotesia Amurizak liburuaren aurkezpenean. Emakumeen alde izendatu du moldaketa, hain zuzen. «Ez dut entzun emazteak/ lehen eraso gizonik/ bai gizonek emaztea/ beti ere lehenik./ Txarkeria sortzen baita/ beti gizonetarik!/ Nola egozten zaie, bada/ emazteei errurik?».
Amurizak jakinarazi duenez, Etxepareri buruzko saiakera bat ere badu prest, eta hurrengo urtean kaleratzeko asmoa azaldu du.
Euskaldunik zoriontsuena
Xabier Amurizak, Bernart Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' euskara batura ekarri, eta egungo errima eta neurrietara moldatu du 'Etxepare. Jalgi hadi batura' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu