Entzute antzekotsua dute bonbardaketek Palestinan, Ukrainan, Saharan, Kurdistanen eta Euskal Herrian, nahiz eta bateko zein besteko errautsak berdinak ez izan. «Argi dagoena da ez dutela sekula ahaztuko jasandako zapalkuntza», ziurtatu du Suargi gobernuz kanpoko erakundeko Orsola Casagrandek (Venezia, Italia, 1968). «Eta garrantzitsuena herrien artean sortzen den elkartasuna da», gehitu du. Bada, gaur (ere), Kurdistango herriak eta Euskal Herriak bat egingo dute Durangoko Azokan, Suargi elkartearen ekimenez. Hala ere, Suargiko kideak hasieratik azpimarratu du «lan kolektibo baten emaitza» dela hau, eta eskerrak eman dizkie Zutarri kultura elkarteari eta BERRIAri.
Hasteko, Kurdistan + 100 Etorkizuneko errepublika baten istorioak liburua aurkeztuko dute Ahotsenean, literatura gunean, 14:00etan. Kurduek izango al dute inoiz herrialde propiorik? galderari erantzun diote Kurdistango hamahiru idazlek, eta horrela osatu dute liburua, hamahiru kontakizunekin. 2046an girotu dute, eta ez da ausazko erabakia izan; izan ere, Mahabadeko Errepublikaren mendeurrena da. Oro har, egileek autodeterminazioaren aldeko borroken inguruan ez ezik, aukera berrietarako guneez ere hausnartu dute bertan. Casagranderen arabera, idazle bakoitzak aukera izan du Kurdistango etorkizuna amesteko, nazioari, bizimoduari eta kulturari erreparatuz.
«Argi dagoena da ez dutela sekula ahaztuko jasandako zapalkuntza»
ORSOLA CASAGRANDESuargi elkarteko kidea
Casagrande eta Mustafa Gundogdu izan dira kontakizun bildumaren editoreak, eta Kiera Hendersonek itzuli du euskarara. Suargi elkarteak argitaratutako euskarazko lehen edizioa da, BERRIAren lankidetzarekin. Liburua Comma Pressek kaleratu zuen lehendabizikoz Britainia Handian, iaz, eta ingelesezko PENen Itzulpen programan saritu zuten.
Aurkezpenean gidaritza lanak elkarteko Alaitz Berriozabalgoitiak egingo ditu, eta moderatzailearenak, Laura Mintegi idazle eta Euskal PENeko zuzendariak. Halaber, hamahiru idazleetatik bi izango dira bertan: Jin Swani eta Meral Simsek. Azken horri, hamabost hilabeteko zigorra ezarri zioten duela hiru urte, «erakunde terrorista baten propaganda» egiteagatik, nahiz eta ez zuten espetxeratu. Idazlearen aurkako frogatzat, akusazioak hark idatzitako lanak baliatu zituen, eta horietako bat liburuan dago.
Hizkietatik ahotsetara
Liburuaren aurkezpenaren ostean, 16:30ean, Hizkuntza gutxituetan kultura egiten hitzaldia izango da Talaia Durangoko museoan. Hona hemen parte hartzaileak: Sevinaz Evdike zuzendari kurdua, Michael McCoughan idazle eta kazetari irlandarra, Simsek eta Swani idazle kurduak, Roberto Awanari musikaria, Henderson itzultzailea eta Joseba Sarrionandia idazlea. Horien guztien gidari, berriz, Suargiko Jon Landabidea eta BERRIAko Arantxa Iraola kazetaria arituko dira.
Elkar ezagutzeko eta bizipenak elkarri kontatzeko aukera paregabea dela azaldu du Casagrandek: «Indarrak batu ditugu, eta zailtasun guztiei aurre egiteko gai izan gara». Segidan, gauean egingo duten musika emanaldiari eman dio bide: «Kontzertua egindako lan kolektiboaren testigu izango da, baita elkarri diogun maitasunarena ere». Hain zuzen, 22:30ean, Plateruenan, doinu kurduak eta euskal doinuak batuko dira, Mugarik gabe — Bê Sinôr izenburupean —Maite Azurmendik egin du proiektuaren logoa—. Horren bitartez, musikaren hizkuntzaz «muga geografiko guztiak» gainditzen dituztela erakutsi nahi dute.
«Gure asmoa da abeslari kurduak eta euskaldunak Kurdistanen berriro elkartzea, baina ikusteko dago, Ekialde Hurbilean dugun egoera lazgarria dela eta»
ORSOLA CASAGRANDESuargi elkarteko kidea
Kontzertua datorrenaren abiapuntu bat izango dela aurreratu du Suargiko kideak, disko bat atera ez ezik Kobanen (Siriako Kurdistan) beste kontzertu bat joko baitute datorren urtean, «hiria askatu zutenetik hamar urtera». 2014an okupatu zuen Estatu Islamikoak Siriako kurduen Kobane, baina, handik urtebetera, YPG eta YPJ unitateetako miliziano kurduek horiek kanporatu eta herrialdearen jabe egin ziren. Dena den, bigarren kontzertu hori «zalantzan» dagoela ohartarazi du Casagrandek: «Gure asmoa da abeslari kurduak eta euskaldunak Kurdistanen berriro elkartzea, baina ikusteko dago, Ekialde Hurbilean dugun egoera lazgarria dela eta».
Gaurko kontzertuko artistei dagokienez, bertan izango dira, besteak beste, Ingot, Ines Osinaga, Janire Egaña, Jon Maia, Itziar Ituño, Mizgin Tahir, Onur Kepenek, Yado Uzun, Ciwan Issa, Chris O'Shea, Azibar Terreros eta David Espinazo. Suargiko kideak azaldu duenez, «oso zaila» izan da zenbait musikari Euskal Herrira ekartzea: «Adibidez, Mizgin Tahir abeslaria Israelek Libanon egindako erasoan harrapatuta geratu zen, Beirutera heldu ezinik, baina, zorionez, hiru egun lehenago lortu zuen Durangora heltzea».
Dokumentala martxan
Musikariekin egindako joan-etorri guztiak filmatzen ari direla ere adierazi du Casagrandek: «Musikak mugak gainditzen dituela erakutsi nahi dugu, eta kultura gutxituak aldarrikatu. Bi herrialdeetan daude debekatutako hizkuntzaren aldeko aldarriak, lurrarekiko maitasuna eta fikziotzat hartzen diren mugak».
Horrez gain, urte luzeetako «ahizpatasuna ospatzea» dute helburu; izan ere, Durango eta Kobane 2017an senidetu ziren, eta, ordutik, ekitaldiak antolatu ez ezik, diru laguntzak ere bideratu dituzte Kurdistanera. Suargiko kideak horren adibide gisa jarri ditu emakumeentzat eraikitako fabrika eta haurrentzako zinema ikastaroak.