Euskal zinema zabaltzeko ildotik jarraitzen du Hazparneko Zinegin jaialdiak

Hamabi zinema emanaldi, fikzio luze eta laburrak, dokumentalak, animaziozkoak tartean, eskainiko ditu Zinegin jaialdiak azaroaren 21etik 24ra, Hazparnen. Ostiralarekin, Alba musika taldeak musika jarriko dio kolonialismoa aipu duen Jean Rouchen film bati.

Hazparneko 13. Zinegin jaialdiaren aurkezpena, Baionako Atalante zinema gelako aretoan, gaur. GUILLAUME FAUVEAU
Hazparneko 13. Zinegin jaialdiaren aurkezpena, Baionako Atalante zinema gelako aretoan, gaur. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko azaroaren 6a
17:00
Entzun

Hazparneko (Lapurdi) Zinegin euskal zinemaldia hamahirugarren aldikoz heldu da larrazken honetan. Azaroaren 21etik 24ra iraganen da, betiko xedearekin: euskal zinemagintzako sorkuntzarik berrienak Ipar Euskal Herriko ikus-entzuleei eskaintzea, urririk edo preziorik apalenean. Hamabi proiekzio saio aurreikusi ditu Haritz Barne gelan. Oskar Alegria, Itziar Leemans, Pette Etxebarria, David Perez Sañudo eta Isabel Hergueraren azken lanak ikusten ahalko dira. Ostiraleko gaualdi berezia itzuliko da Ttattola gaztetxera: Alba musika talde berrituak Jean Rouchen Nagusi eroak filmari musika jarriko dio zuzenean eta Txaptrax ikus-entzunezko ikuskizun tekno-tradizionalak emanen dio segida. Itoizko urtegiaz egin 592 metroz goiti dokumentalarekin batean, urtegiaren kontra aritutako bi solidario etorriko dira ikus-entzuleekin solastatzera.

«Urte guziz bezala aniztasun handia eskainiko dugu», erran du, abiatzeko, Zinegin jaialdiko Eztitxu Barbacek. Baionako Atalante zinema gelan aurkeztu dute jaialdiaren aurtengo aldia, gaur. Fikziozko film luzeak eta laburrak, dokumentalak, film esperimentalak eta animaziozkoak erakutsiko dituzte ostegunetik igandera.

Osteguna gazteei zuzendua izanen zaie. Zukugailua elkarteak eraman tailerren emaitzak ikusten ahalko dira Haritz Barne zinema gelan. Izan ere, Zukugailuak antolaturik, Eñaut Castagnet eta Loic Legrand zinegileak Makeako eta Bidarraiko gazteekin egon dira. Hortik, makearrek Azken euskaldunak fikzio laburra egin dute, eta Bidarraikoek, Errekari mintzo. Horrez gain, Lander Garrok egin Oihaletxea dokumentala ikusten ahalko da gaualdi horretan; «Azterketak Euskaraz kolektiboaren erronkei buruzko dokumentala», Barbacek laburbildu duenez. Garro bertan izango da Azterketak Euskaraz taldeko bi kiderekin batera.

Gazteen leihoak biharamunean iraunen du. Garapen Kontseiluak, Zinegin jaialdiaren karietara, zinema eztabaida parte hartzaile bat nahi izan du proposatu. «Etorkizuna, euskara eta gazteria izanen dira gaiak», zehaztu du Zinegineko Maialen Hegi-Lukuk. Eztabaida Haritz Barnen eginen da. Ondotik, Ttattola gaztetxera jausten ahalko da zinema eta musika gaualdi bereziarentzat.

Alba musika taldea berriz osatuko da gaualdi horretarako. Eta Mattin Oltzomendi eta Peio Hirigoien bikoteari lotu zaizkie Xalbat Borda, Paxkal Irigoien eta Amaiur Epher musikariak. Jean Rouch filmegile frantsesak 1955ean plazaratu zuen Les Maitres fous (Nagusi eroak) dokumentala hautatu dute Albakoek. «Zineginerako bereziki egin musika sorkuntza» apailatu du Albak, Hegi-Lukuk esplikatu duenez, eta «kolonialismoaz gogoetatzera eraman» nahi du ikus-entzulea.

Ohiz kanpoko beste lana eskainiko du, ondotik, Txaptrax taldeak —Pierre Loustaunau, Peio Erramuzpe, Bixente Etxegarai, Txomin Dhers eta Youri Fernandez—. Soinua, irudiak, txalaparta, sintetizadore analogikoa eta eszenografia interaktiboa nahasten ditu. «Teknoa, trancea eta txalaparta nahasten dituen sorkuntza indartsua da» adierazi du Hegi-Lukuk. «1980ko hamarkadako Berlingo gaualdiek inspiraturik, inprobisazio ero batzuk» sortzen dituela dio.

Laburretan hautaketa zaila

Larunbatean goizetik hasiko dira film proiekzioak. Lehenik Xiril Alvarez mendizaleak Nepalen egin espedizio batetik atera Baruntse, mendiaren deia film luzea ikusten ahalko da. Arratsalde hastapenean, film laburren saioa izanen da.

«Euskarazko film labur asko ikusi ditugu aurten, eta aski zaila izan da denen ez hautatzea», aitortu du Eztitxu Barbacek. Hautatu dituztenak ondoko hauek dira: Franck Harriet Azkarateko (Nafarroa Beherea) zuzendari gaztearen Begi Erreak, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Itziar Leemansen Ximinoa, Andres Salaberri Pueyo zuzendari nafarraren Ardiak, ezkontza eta kontrabandoa: «Iparla aldean den etxalde bateko familia bati buruz, non kontrabandoa agertzen baita», eta azkenik, Gasteizen bizi den Sonia Estevezen Txotxongiloa.

Ondotik, Donostiako zinemaldian aurkeztua izan den Azken erromantikoak (David Perez Sañudo) hedatuko du Zineginek. Eta arrastirian Pette Etxebarria artista zuberotarraren Oiogorri sorkuntza. Barbacek «film absurdo eta biziki irri egingarri» bezala aurkeztu du Etxebarriaren lana. Arratsean, Oskar Alegria etorriko da Zinzindurrunkarratz (2023) bere azken lanaren aurkeztera.

Igande goizean, 4 urtetik goitiko haur eta helduentzat Diego Cagide eta Diego Luceroren Robotia animazio filma ikusten ahalko da Haritz Barnen. «Elkarbizitza eta kirola aipatzen ditu androideen giroan murgilduz», laburbildu du Maialen Hegi-Lukuk.

13.000

Zinegin jaialdiko aurrekontua, euroan. 9.000 euroko laguntzak jasotzen ditu jaialdiak Pirinio Atlantikoetako departamendutik, Euskal Hirigune Elkargotik eta Hazparneko herriko etxetik. Eta 2.500 euro Hazparne aldeko babesle pribatuengandik. 13.000 euroko aurrekontuarekin, prezio biziki apalean edo urririk eskaintzen ditu filmak.

Igande arratsaldean dokumentalen tartea izanen da. Lehenik, Sakanako (Nafarroa) herritar kolektibo batek ondu Arg(h)itzen, torturaz argi hitz egiten, tortura argitzen dokumentala erakutsiko dute. 20.000 bat bizilagun dituen Sakanako ibarrean berean 1966 eta 2011 artean 149 pertsona torturatuak izan direla kontatu dute. Lekukotasun batzuen argira ekartzeko lana da filma.

Ondotik, Maddi Barberrek 592 Metroz Goiti dokumental laburra erakutsiko du, Itoizko (Nafarroa) urtegiari buruz egina. «Itoizko urtegia egin zutenetik ingurumenean eta biztanleengan ekarri dituen aldaketak aipatzen ditu», erran du Hegi-Lukuk. Karia horretara, Itoizko elkartasun taldeko bi ekintzaile ohi etorriko dira mintzatzera.

Jaialdia igande gauarekin bukatuko da, Kote Camachoren Puzzleak laburrarekin eta Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa filmarekin. Puzzleak filmak sari batzuk eskuratu berri ditu. «Donostiako argazkilari ospetsu batek hainbat emazteri eraso ondoan haren biktima batek eraman duen borroka luze bat kontatzen du», Hegi-Lukuk aipatu duenez. «Animazio irudiak eta egiazkoak nahasten ditu».

Zinegin jaialdirako sartzeak —urririk edo 3 euroan— Hellasso Interneteko plataforman hartu daitezke aitzinetik. Berritasun bat izango du aurten, zenbait filmetan euskarazko azpitituluak jarriko baititu. Xehetasunak oro Zinegin.eus atarian kausi daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.