Euskal zinema, mundu zabalera begira

Zinema industriaren arreta gune nagusi bilakatu da Berlin azken astean. Berlinaleren nazioarteko merkatuan izan dira egunotan 70 euskal ekoizpenetik gora, baita hainbat ekoizle ere, beste eragile batzuekin aurrez aurreko negoziazioak lantzen.

Basque Audiovisual markarekin aurkeztu dira euskal ekoizpenak Berlinalen. MIKEL YARZA ARTOLA.
Mikel Yarza Artola.
Berlin
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Berlinaleren 70. edizioa amaituta, abian da 2020ko zinema jaialdien denboraldia. Alemaniako hiriburuan izan dira munduko estreinaldiak eta izarrak. Baina pantaila handiko eta alfonbra gorriko ikuskizunetik harago, zinema industriaren lehen ekinaldi nagusia ere izan ohi da Berlingoa. 65 herrialdetako ekoizleen topagunea da European Film Market (EFM), 5.000 profesionaletik gora akreditatu ditu, eta, sei urtetik hona, euskal sortzaileek ere toki berezitu bat dute bertan, Basque Audiovisual markaren babesean. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Zineuskadiren, Etxepare Euskal Institutuaren eta Eiken Clusterren arteko lankidetzaren fruitua da egitasmo hau.

«Euskal ikus-entzunezko ekosistemari ikusgarritasuna ematea eta sektoreko profesionalei nazioartekotze bidean tresnak eskaintzea»; hori izan dute helburu hasieratik, Zineuskadiko ordezkari Jara Ayucarren esanetan. «2015eko lehen aldi hartan, Basque izena munduari aurkezten ibili ginen buru-belarri, merkatuko zinema institutu guztiengana hurbildu, eta gure zinemagintza ezagutzera ematen».

Ayucarren aburuz, markaren bilakaera «izugarria» izan da, eta azken edizioetan agenda «berehala» bete dute: «Gero eta gehiago dira guregana zuzenean hurbiltzen diren jaialdiak, saltzaileak edota banatzaileak». Espainiako eragileez gain, Europako eta Latinoamerikako zinema profesionalak dira Basque Audiovisualen atea gehien jotzen dutenak. «Frantziak interes handia izan ohi du, gertutasun geografikoagatik eta baita kulturalki Iparraldearekin dugun loturarengatik ere».

Lan erritmoa sekulakoa da EFMn. Egunero, 09:00etan hasi eta 20:00ak arte, merkatua «bizi-bizirik mantentzen da». Mahai-inguruak, negoziazioak, aurrez aurreko bilerak, filmen merkatu proiekzioak... «denetarik gertatzen da hamaika orduotan zehar».

Basque Audiovisual plataformak eskaintzen dien aukeraren jakitun, euskal sortzaileek ere «gero eta argiago» dute nazioarteko bideak jorratzearen garrantzia. «Azken urteetan egin dugun jauzia izugarria izan da». Ayucarren arabera, formatu aldaketak ere izan du honetan eraginik: «Lehen, dokumentala zen nagusi, eta gure istorioek kutsu politiko nabarmena zuten; orain, unibertsalagoak dira, edozein herrialdetako ikus-entzuleekin konektatzeko modukoak. Horren adibide dira La trinchera infinita, El hoyo, Errementari eta Another Day of Life».

Euskal zinema industriak inoiz baino indar handiagoa izan arren, aurten Berlinalen ez da euskarazko lan bakar bat ere proiektatu. «Ez da proiektu faltagatik izan, jaialdira aurkezteko moduan heldu ez direlako baizik», dio Ayucarrek. «Industriako jende garrantzitsua dago hemen, bide komertzial osoa baldintzatzen dutenak, eta horiei amaitu gabe dagoen film bat aurkezteak eragin kaltegarria izan dezake».

Dena den, Zineuskadiren arabera, ordezkaritza «erlatiboa» da. «Txikia dirudi, ez dugulako filmik lehiaketako sailetan, baina merkatuko parte hartzea inoizko handiena izan da. 48 ekoiztetxek egin dute bat Basque Audiovisual markarekin, eta fase ezberdinetan dauden 74 lan bildu ditugu katalogoan». Film horien artean daude, garatze edota ekoizpen fasean, Asier Altuna, Paul Urkijo, Iratxe Fresneda eta Juanma Bajo Ulloa zuzendarien lan berriak, besteak beste.

Euskal zinemak badu, hain justu, Berlinalerekin loturiko pasarte bitxi bat. Zehazki, Ander filmarekin loturikoa. 2009ko edizioan, Panorama saileko CICAE saria eskuratu zuen Roberto Caston zuzendari galiziarraren baserri giroko istorio horrek. Gero, ordea, oihartzun apala izan zuen Euskal Herrian zein atzerrian, eta hamar urte igaro ditu pantailetatik desagertuta, 2019. urtearen amaieran streaming bidezko Filmin plataformak sareratu zuenenera arte. Ayucar: «Zinema jaialdietan jasotako sariek ez dute inolako bermerik suposatzen film batek aretoetara jauzia emateko. Ondoren,lan handia egin behar da merkatuan bere lekua topa dezan, eta eragile askok baldintzatzen dute dira noranzko hori. Harreman industrialak oso konplikatuak dira».

Kafeak eta koprodukzioak

Berlinalen izandako euskal ekoiztetxeetako bat da Izar Films, eta bost proiektu ordezkatzen aritu da Izaskun Arandia arduraduna: «Berlin oso gustuko dut, urtearen hasiera delako. Bertan ikusten da nondik nora joango den denboraldi berria». EFM merkatuan mundu zabaleko zinema eragileekin elkartzeko aukera izan du Arandiak. «Hori bereziki da interesgarria helburua nazioarteko koprodukzioak garatzea dugunontzat». Europako Media Desk osoa biltzen da Berlinalen, eta horrek ere ahalbidetzen du, haren ustez, «diru laguntzen inguruko ezagutza zabaltzea».

Arandiaren aburuz, «elkarrizketa informaletan» lortzen da informazio baliagarri asko. «Proiektu oso bat bideratu dezakezu ezagun batekin kafe bat hartzen edota korridorean ezustean topo egitean». Esaterako, Arandiak aspaldidanik martxan zuen fikziozko lehen lanari eman dio bultzada: «Proiektu osoa kolokan zegoen, baina Georgiako ekoizle batzuk ezagutu nituen, eta haiek ireki digute nazioarteko koprodukziorako leihoa».

Amania Films ekoiztetxeko kidea da, berriz, David Perez Sañudo. Haren esanetan, «aurkezpen on bat egitea» da faktorerik garrantzitsuena. «Hamar minutu izan ohi ditugu entzulea konbentzitzeko, gurekin lan egin dezan». Berlinalen lau proiektu ordezkatu, eta hainbat pauso eman dituzte eurek ere nazioarteko koprodukzioen alorrean. Italiako ekoizleen bila aritu dira, eta eurengandik jasotako erantzuna kontuan izanda egingo dizkiete moldaketak filmei, etorkizuneko itunak bideratze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.