Hemeretzi film lehiatu dira guztira sail ofizialean, eta horien artean bost sari banatu ditu Euskal Zine Bilerak. Film onenaren saria Julen Zubieteren Agur Artzai filmak irabazi du. Ramon Agirrek, Nerea Alberdik eta Alaitz Arenazak osaturiko epaimahaiaren arabera, «koherentea, hunkigarria, samurra, poetikoa eta ederra da, eta errespetu osoz azaleratzen du artzain bizitza eta pentsamendua». Horrenbestez, Urrezko Antzarra eta 3.000 euro jasoko ditu egileak. Zuzendaritza Onenaren saria, berriz, Aitor Mendilibar eta Jon Aramendirentzat izan da, Habana Glass filman egindako lanagatik. Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro jasoko dituzte. «Bi zuzendariek ikuslea lehen segundotik airean» eramaten dutela iritzi dio epaimahaiak. Ane Zulaikak ere Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro jasoko ditu, Gidoi Onenaren saria jaso baitu, Emakumeak Blai filmagatik.
22 urtez beherakoentzako Gazte22 saria Unax Alcubillaren KosmosPolita lanak irabazi du, eta Zilarrezko Antzarra eta 750 euro jasoko ditu. Ekaitz Vertizek beste horrenbeste jasoko du, haren Hitza eman nion filmari EITB Ikusle saria eman baitiote.
Bestalde, Euskal Zinemaren Begirada sailak Elena Irureta eta Ana Gabarain aktoreak omendu ditu.