Ipurbeltz irakurtzen nuen nik txikitan. Haurtzaroak iraun zidan denbora guztian, esango nuke. Eta sekulako gozatua hartzen nuen. Ordudanik gustatzen zaizkit komikiak. Eta agian horregatik hunkitzen nau hainbeste esku artean dudan Jon eta Mirka-k.
Halako obrekin egin nuen jauzi nerabezarora. Ordurako begiak erreak nituen Asterix-ak, Tintin-ak, Mortadelo-ak eta enparauak irakurtzen, Ipurbeltz-ekin aski ez eta. Segidan irentsi nituen eskuratzen nituen erdal Joyas literarias guztiak, (Donostiako Konsti plazako bigarren eskuko azoka horrek zenbat atsegin eman ez ote zizkidan), baina, ospela!, Harrieten ekimenez sortutako obrek zuten kalitateak liluratu egiten ninduen.
Orain badakit Ipurbeltz-eko Iker eta Ixone Murok idatzi eta ilustratu zuela, eta orain badakit zergatik iruditzen zitzaidan neska mutiko horien abenturak oso gustagarriak zirela. Gidoigilea, jakina... Eta 3 sudurluzeak abenturetan ere Muro gidoigilea izan zen... klaro. (Bide batez, Gregorio Murok askotan bere bigarren abizenarekin sinatu izan du: Harriet; eta hain zuzen, bere argitaletxeak izen hori berori du).
Baina, hel diezaiogun behingoz mamiari.
Jon eta Mirkarekin egin ziren bi abenturak topatzen ditugu liburuan. Lehengoan pertsonaiak aurkezten zaizkigu, Lurra gure planetan girotutako abentura batean. Bigarren abentura espazioan zehar gertatzen da, hainbat planeta tarteko. Bi kontakizunetan landaredi oparoz eta animalia handiz inguratuta gaude, itsaspean sarri, testuinguru erabat exotikoan kokatuta.
Zientzia-fikzioa deitzen zaion literatura moldean eginak dira—80ko hamarkadan oso modan jarri zen komiki estiloan—, baina sexurik eta gehiegizko biolentziarik gabe.
Pertsonaiak eta euren testuingurua ekintzetan aurkezten zaizkigu. Agertzen diren hausnarketak —beti dago moral bat idazlearen luman, ezta?— dinamismo horretan aurkezten dira: zabor nuklearra, kolonialismoaren bidegabekeriak... Eta hain zuzen, horixe du gaitasun handiena eta herren egiteko lekua: lehen orrialdetik hasi eta azken binetara arte ez dago aspertzeko tarterik, baina amaierak zalaparta horretan galtzen dira, eta abentura osteko ondorioek arnasa apur bat gehiago merezi zutela sentitzen da.
Dena den, gidoiak bezala testuak ere kalitate handia erakusten du, hitz gutxirekin istorio trinkoa eraikitzen asmatzen duelako.
Irudien bidez egiten den lana—letretatik bereizi ahal baleza— sotila da marratan, eta bolumenak eta materiak koloreztatzearen bidez sortzen dira. Emaitza guztiz eraginkorra da, izaki eta leku erabat ezezagunak egiantzekotasun osoarekin agertzen baitzaizkigu begi-bistan. Arrangura bat izatekotan, aurpegien keinuekin gertatu zait, batzuetan ez bainien antzematen adierazi beharko luketen emozioa.
Esanak esan, lagun, ez bazenuen ezagutzen, bada garaia euskal komikigintzaren goi mailako obra honi astindua emateko. On egin!
HAUR ETA GAZTE LITERATURA. 'Jon eta Mirka'
Euskal zientzia-fikzioa
Idazlea: Gregorio Muro Harriet. Ilustratzailea: Daniel Redondo. Itzultzailea: Arkaitz Almortza. Argitaletxea: Harriet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu