Imanol Agirre. Loraldia jaialdiko zuzendaria

«Euskal unibertsoa berriz kulturara bueltatzea da orain erronka»

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Bi urtez herren aritu ostean, aurten berreskuratu du indar osoa Loraldiak. Koronabirusaren eraginez, 2020an, esaterako, udaberrian egin beharrean udazkenean eta programa murritzagoarekin egin zuten jaialdia, eta, iaz, udaberrian bai, baina eserlekuak murriztuta. Pozik mintzo da horregatik Imanol Agirre jaialdiko zuzendari artistikoa, eta, dioenez, gainerako guztiek duten erronka bera izan dute aurten: pandemia aurreko publikoa berreskuratzea.

Loraldia ez da amaitu, baina zer sentipen izan duzue orain arte?

Ezin hobea. Bilboko Euskalduna jauregian hasi genuen jaialdia, Hautsi da anphora emanaldiarekin, Ruper Ordorika eta Bernardo Atxagarekin, eta aretoko kudeatzaileek zoriondu egin gintuzten, emanaldia baino astebete lehenago jadanik sarrera guztiak salduta zeudelako, eta aspaldi ez zutelako sold out kartelik ipini. Eta gauza bera gertatu da ikuskizun horren gainerako emanaldi guztietan ere.

Hain zuzen, publikoa da azkenaldian aretoetako arduradun askoren kezka.

Koronabirusaren etenaren ondoren, sentsazioa da oraindik ez dela publiko guztia bueltatu. Horregatik, Ordorika eta Atxagarekin bete-betean asmatu izanaren sentsazioa izan genuen. Hasiera kolosala izan zen, eta inpresio horrekin sartu ginen jaialdian.

Eta gero apaldu egin da harrera?

Ikusi dugu zaila dela publikoa erakartzea oraindik ere. Duela zortzi urte esan genuen gure helburua erdaldunak ere erakartzea zela, baina orain ez diogu geure buruari erronka hori jartzen. Euskal unibertsoa berriz ere kulturara bueltatzea da erronka. Dena den, oso pozik gaude. Astelehenean jakingo dugu zenbat ikusle izan diren aretoetan, baina oso beteta egon dira.

Artistikoki ere pozik zaudete?

Gozatzen ari gara. Gainera, lehen aldi asko izan dira aurtengo jaialdian. Adibidez, lehen aldiz izan dira Xendarineko Ahizpak Bilbon. Hedoi Etxartek ere hemen estreinatu du Sortaldekoak. Lehen aldiz eraman dugu Eulalia Abaitua antzerkira. Maddi Oihenartek lehen aldiz abestu du Mikel Laboa...

Eta jaialdia berriz ere ohiko formatu eta neurrietara itzuli da.

Oso ondo egon da hori. Oso festibal handia egiten ari gara, eta etorri den jendea oso pozik atera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.