Euskal sortzaileen katalogoa sarean Gotzon Barandiaran Arteagak aurkeztutako proiektuak irabazi du BERRIA Fundazioaren BERRIA beka. Hamahiru egitasmo aurkeztu dira aurten, eta Iban Arregik, Marije Etxanizek, Gurutze Izagirrek, Martxelo Otamendik eta Beatriz Zabalondok osatutako epaimahaiak Barandiaranena hautatu du, besteak beste, kultur transmisioari begira tresna«ezin interesgarriagoa» izango delako.
«Kultur adierazpide guztietako euskal sortzaileen berri emango duen webgunea» izango da Barandiaranek prestatuko duena: «Literatura, musika, antzerkia, bertsolaritza, dantza, ikus-entzunezkoak eta arte plastikoak egongo dira ordezkatuak, eta horietako bakoitzak atal propio bat izango du». Diziplina bakoitzari dagokion atalaren barruan, sortzaileen direktorioa izango da, eta sortzaile bakoitzak bere fitxa izango du. Gaur egun aktibo dauden kultur sortzaileen berri eman nahi du webguneak, baina iraganari uko egin gabe; hala, batik bat XX. mendetik hona euskal kulturan aritu direnen berri jasoko du atariak.
Sortzaileen fitxak izango dira atariaren ardatza, baina batik bat esteken bitartez funtzionatuko du, eta horretarako eredu batere izan du Barandiaranek: www.armiarma.eus atariaren barruan dagoen Literaturaren Zubitegia. «Oso esportagarria da beste kultur adierazpideetara». Hala, adibide bat ematearren, musikarien fitxetatik joan ahal izango da bisitaria —esteken bidez— hala artisten webguneetara nola Badok.eus atarira.
Euskal sortzaileen katalogoa izanik, hitza tresna duten diziplinetan erraz identifikatzeko modukoak izango dira ataria elikatuko duten sortzaileak: euskaraz aritzen direnak. Beste kultur adierazpide batzuen kasuan—arte plastikoak, dantza...— irizpidea zehaztea zailagoa izango da. «Ez-hitzezko adierazpenetan, sortzaileen esku utziko dugu erabakia. Bere burua euskal sortzailetzat duenak izango du aukera atarian agertzeko».
Euskal kulturaren plaza
Ataria definitzeko eskatuta, euskal kultur sormenaren plaza izan nahi duela dio Barandiaranek: «Funtsean euskarazko kultur sorkuntzaren ikuspegi historiko eta integrala emango duen atari bat izango da. Plaza bat, euskarazko sortzaileok lekua izan dezagun».
Kultur sorkuntzaren «ekosistema osoari» baliagarria izan dakiokeen ataria egitea da helburuetako bat. «Sortzaileentzako plaza bat izan daiteke, baina antolatzaileentzat, industrian ari direnentzat, komunikabideentzat ere oso baliagarria izan daiteke jakiteko zein sortzaile dagoen».
Gabezia bat dago egitasmo osoaren atzean: euskal kulturaren ikusgarritasun falta. «Euskarazko sorkuntza lanen berri jaso gura duenak bila joan behar du, ez datorkio berez, beste kultura batzuetako edukiak ezelango ahaleginik gabe iristen zaizkion bitartean». Eta horri buelta emateko, sarean, Interneten, egotea «ezinbestekoa» da. «Urtebete daukagu proiektua gauzatzeko, baina aurrera begira ere, izan behar du tresna bizi bat. Elkarlanerako eta sinergietarako tresna bat izan daiteke, askoren artean erabakitzeko nola hornitu behar dugun, nola bete».
Euskal sortzaileen sarerako katalogo egitasmoak jaso du BERRIA beka
Gotzon Barandiaranek 12.000 euroko laguntza jasoko du proiektua garatzeko. Euskal kulturaren ikuspegi integrala eman nahi du atariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu