Sortzaileek euren sofatik mundura egingo dituzte hamar minutu inguruko emanaldiak. Besteak beste, Anari, Morau, Mursego, eta Birkit musikariak, Mikel Martinez aktorea eta Dorleta Kortazar ipuin kontalariek saio bana eskainiko dute.
Mahomak mendira joaterik ez duenean, mendia eraman behar Mahomarenganaino. Hori dio esaera zaharrak, eta, hain zuzen, hori da BERRIA egunkariak astelehenetik aurrera hedabidearen webgunean martxan jarriko duen BERRIA Aretoaren helburua.
Koronabirusaren eraginez kultur ekitaldi ia guztiak bertan behera geratu diren honetan, BERRIA sortzaileen etxeraino sartuko da, kulturgile horien sorkuntza hedatzen jarraitzeko; sofatik mundura. Diziplina guztietako sortzaileek hartuko dute parte emanaldietan, eta, besteak beste, konfirmatuta daude jadanik Anariren, Morauren, Mursegoren eta Birkiten kontzertu digitalak eta Mikel Martinez aktorearen eta Dorleta Kortazarren saioak.
Zerrenda haziz joango da egunez egun, eta astelehenetik aurrera jakinaraziko da zehatzago programaren nondik norakoa. Zuen proposamenak bidaltzeko idatzi [email protected] helbidera, gaiari dagokion lekuan «BERRIA Aretoa» idatzita, eta jarriko gara zuekin harremanetan. Atea irekitzear da, beraz, agian, eta soilik agian, aste batzuez, digitalki bakarrik bada ere, irekita egon ahalko den areto bakarra.