Lanarteak dei egin die bere kideei 'Euskal sorkuntza larrialdian' koplak kantatzera

Iragarri du hilabete honetan aurkeztuko duela kultur sortzaileen bizi baldintzei buruz egindako ikerketaren emaitza, eta adierazi euskal kultura, euskara bezalaxe, larrialdian dagoela.

BERRIAk urrian Bilbon antolatu zuen bertso saioko ikusleak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
BERRIAk urrian Bilbon antolatu zuen bertso saioko ikusleak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2024ko abenduaren 3a
06:00
Entzun

Gaur Euskararen Eguna izaki, Lanarteak kopla batzuk zabaldu ditu, gaurko eta egun honen bueltako bertso, musika, antzerki, dantza eta literatura ekitaldietan abestu edo irakurri ditzaten. Modu horretan, dei egin du ekitaldi horiek baliatzera «euskarazko kulturaren eta kultura euskaraz egiten» dutenen alde egiteko.

«Zergatik? Euskarazko kultura, euskara bezalaxe, larrialdian dagoelako. Hilabete honetan bertan aurkeztuko ditugu Euskal Artisten Lan eta Bizi baldintzei Buruzko Ikerketaren gure inkestaren emaitzak, eta bertan bilduko ditugun datuok ezin argiago uzten dute hori».

Hauek dira koplak:

EUSKAL SORKUNTZA LARRIALDIAN

-I-

Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste duzu?

Entzun arretaz eta zalantzak argitu ahalko dituzu.

-II-

Euskal kultura deitzen duguna biak batera ez da ba?

Askok zergatik banatzen dute kultura ala euskara?

-III-

Euskal sorkuntzak badu lekurik kultur programazioan?

Ala kuotaka saltzen gaituzte haizearen prezioan?

-IV-

Euskal kulturak ba al du bere kultur programaziorik?

Ala ez dago dirurik eta ez dago espaziorik?

-V-

Euskal sorkuntzak erdal sorkuntza ote du arerioa?

Ez al diogu geureari zor bere foku propioa?

-VI-

Euskal sortzaile anitzak gara, eta kulturaren plazan

inork ezin du zalantzan jarri izatea zertan datzan.

-VII-

Euskal sorkuntza erakundeen diskurtsoen edergarri?

Utzi loreak botatzeari eta oinarriak jarri.

-VIII-

Euskal sorkuntza Euskal Herriko aberastasuna ote?

Hala esaten duten gehiegik bizkarra eman diote.

IX-

Euskal sorkuntzan dihardugunok zein lan baldintza ditugu?

Prekarietate derrigortuak sorlana baldintzatu du.

-X-

Euskal sorkuntzan dihardugunok segi dezakegu sortzen?

Nola jarraitu inork ez badu hau lana denik aitortzen?

-XI-

Euskal sorkuntza ez al da euskal kultur politiken funtsa?

Eta EITBn, esaterako, non dago gure sorkuntza?

-XII-

Euskal sorkuntzan ari garenok, arren, ez hartu erdizka

artista eta langile gara, langile eta artista.

-XIII-

Euskal sorkuntzak migranteekin ote du bere gatazka?

Ala guztien elkarrekintzan dago bere arrakasta?

-XIV-

Euskal sorkuntzak behar dituen lagunak edo zaleak?

Erakunde nahiz programatzaile, medioak, hartzaileak.

-XV-

Euskal sorkuntza larrialdian dagoela uste dugu,

larrialditik ateratzeko ZU ere behar zaitugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.