Durangoko 46. Euskal Disko eta Liburu Azoka. Xabier Sagardia. 'Entzun!' aldizkariko koordinatzailea

«Euskal sorkuntza ez dago inondik inora krisian»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Durango
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Entzun! aldizkariaren 61. zenbakiak argitalpenaren 15. urteurrenarekin bat egin du. Euskal musikagintzak tarte handia du aurtengo urtekarian. Bestalde, webgunea berritu egin dute garai berrietara egokituz.

Euskal musikagintzari inoiz baino tarte handiagoa eman diozue?

Entzun! aldizkariaren ardatza euskal musika izan da beti, eta hala jarraitzen du. CDan atera ditugun hemeretzi kantuetatik 11 euskarazkoak dira. Aurten txosten eta erreportaje luzeak Euskal Herriari begira atera zaizkigu nabarmen, baina badaude bestelako edukiak ere.

Berri Txarrak taldeak ezohiko parte hartzea du urtekarian, ezta?

Oraingoan elkarrizketa egin beharrean, sei orrialdeko dokumentu bitxia argitaratu dugu beraiek aukeratutako zenbait irudirekin. Gorka Urbizuk testuak idatzi ditu, eta Galder Izagirre taldeko bateria jotzaileak argazkiak egin. Berri Txarrak Euskal Herriko talderik garrantzitsuena denez, tarte berezia eskaini nahi izan diogu.

Zeintzuk dira urtekariko gainontzeko edukiak?

Elkarrizketetan aipagarri, Xabier Montoiari egindakoa, adibidez. Soinu klasikoak erabiliz disko benetan soila eta polita egin du. Su Ta Gar taldeari egindakoa, disko berri indartsuaren harira. Azken aldian zale gazte asko bereganatu dituen Ze Esatek! taldeari egindakoa, edo Lisaborena. Bestalde, Ibon Rodriguezek Xabier Leteri buruzko atzera begirako bikaina idatzi du. Euskal rock-and-rollari buruzko dosierraren bigarren zatia eta Euskal hardcorearen mapa ere egin dugu.

Euskal Herriko musikagintzaren bilakaera aztertu duzue; zer ondorio?

Industria krisian dagoela esaten da, baina euskal sorkuntza ez dago inondik inora krisian. 2005etik 2010era bitarteko datuak ikustean, industria eta sorkuntzaren arteko paradoxa begi bistan geratu da.

Webgunea aldatu duzue?

Bai, bideoak ikusi eta audioak entzuteko aukera dago orain. Horretaz gain, irakurleak parte har dezake bere kritika eta iritziak idatzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.