Euskal sailak indarturik hasi du ikasturtea Ipar Euskal Herriko kontserbatorioan

Euskal antzerki eskola bat ireki du Baionako kontserbatorioak. Trikitia ofizialki sartu du ikasketa programan, eta Joseba Tapia izanen da irakaslea. Euskal dantza ziklo berria ere abiatu dute, eta euskal kantua garatuko dute.

Baionako kontserbatorioko euskal dantzako 3. zikloko urteko lehen klasea
Euskal dantza saileko 3. zikloko urteko lehen eskola, Baionako kontserbatorioan, larunbatean. PIERRE LARRIEU
Iñaki Etxeleku.
2024ko irailaren 21a
05:00
Entzun

Baionako kontserbatorioa zena Ipar Euskal Herriko kontserbatorioa bilakatu zen Euskal Hirigune Elkargoa sortzerakoan, 2017an. Lurralde guzira zabaltzeko betekizuna dauka, gaur egun. Euskal kulturari dagokionez, herri musiken eta euskal dantzaren irakaskuntza departamentu bat bazeukan lehenagotik ere. 2021ean, Marie Hirigoien Bidart musikologian doktore hartu zuen kontserbatorioak euskal sail horren kudeatzeko. Musikaria eta kantaria ere bada Hirigoien, eta euskal kantugintza izan du ikerketa alor bezala, bereziki. Hirigoien etorriz geroztik, herri musiken alorrean, soinu tresna gehiago sarrarazi dituzte: gaita, atabala, txalaparta. Aitzinetik hor ziren txistua eta txirula. Aurten, ikasturte berriarekin, trikitia eta euskal kantua abiatuko dituzte. Herri musiken departamentua garatzeaz gain, dantzarena ere bideratu dute, eta euskal antzerki gela bat ireki, gainera.

Euskal antzerki eskola hori, David Ondartz antzerkilari armendariztarrak eramanen du. Lehen urte horretan, 11 eta 15 urte arteko kolegioko ikasleei zuzendua zaie, segida bat emateko asmoarekin. Lehen ziklo hori abiatuta, formakuntza hori kontserbatorio diplomara arte garatzeko xedea dute, ziklo guztiak sortuz ondoko urteetan. Hirigoienek esplikatu duenez, antzerki irakasleak garapen hori betekizunen artean izanen du, eman beharreko ikastaroez gain: «Denbora bat ukanen du geroa begiratzeko eta egitasmo pedagogikoa sortzeko». Kontserbatorio diploma bat euskal antzerkian plantan emateko, zer eta nola irakatsi bilatu beharko du. Egitasmoa marrazteko, EKE Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskal Hirigune Elkargoko kultura zerbitzuarekin elkarlanean ariko da. «Zer gai, zer antzerki mota, zer testu?», halako galderak erantzutea da asmoa.

Euskal antzerkiaren ibilbide hori, aitzina, herri musika eta dantzen departamentuari lotua izanen da kontserbatorioan. Kontserbatorioko —frantsesezko— antzerki departamentu orokorretik independentea, hots. «Erran nahi du askatasun handia dugula» argitu du Hirigoienek. Zuzendariak nahi luke antzerki irakasleak egitasmoa pikoan eman dezan Ipar Euskal Herriko antzerki munduko eragileekin, «kolektiboki zerbait sortzeko, jendearekin mintzatuz ikusteko zein diren beharrak». Hirigoienek argi du lurraldean, jadaneko, euskal antzerkia bizi dela bere baitarik gisa batez edo bestez, forma desberdinetan. «Ez dugu guk sortuko testuinguru kulturala —kabalkada bat, erritu bat—. Zer ekartzen dugu? Ibilbide bat non gauzak ikasten diren, diploma bat, diploma dutenak gero transmisioan laguntzeko lurraldean barna, eta ekosistema biziarazteko».

Abiatze arrakastatsua du antzerki eskola horrek, hasi aitzin hamar bat ikaslek jadaneko izena emana baitute.

«Ez dugu guk sortuko testuinguru kulturala —kabalkada bat, erritu bat—. Zer ekartzen dugu? Ibilbide bat non gauzak ikasten diren, diploma bat, diploma dutenak gero transmisioan laguntzeko lurraldean barna, eta ekosistema biziarazteko»

MARIE HIRIGOIEN BIDARTIpar Euskal Herriko kontserbatorioko euskal sailaren arduraduna
Baionako kontserbatorioko euskal dantzako 3. zikloko urteko lehen klasea
Baionako kontserbatorioko euskal dantzako 3. zikloko urteko lehen klasea. PIERRE LARRIEU

Dantza gehiago

Ipar Euskal Herriko kontserbatorioko herri kultura sailak beste berezitasun bat erdietsi du, berriki. Frantziako kultur ministerioa dauka buruzagi, eta berritu egin dio eskualde mailako kontserbatorio izaera eta ziurtagiria, eta horretan onartu dio euskal dantza izatea hirugarren dantza berezitasuna. Halako kontserbatorioak behartuak dira, dantza klasikoaz eta garaikideaz gain, hirugarren berezitasuna ukaitea. Lehenbiziko kontserbatorioa da, ofizialki, onartu baitiote herriko dantza ezagutzea. «Aski harrigarria da», aitortu du Hirigoienek, «herri dantza ez baita beste kontserbatorioetan. Ate bat ireki dute». Ardurenean, jazz bezalako dantza berezitasuna baita hirugarrena.

Eskola berriak abiatu ditu kontserbatorioko euskal dantza sailak irail honetatik. Ikasle gazteenekin, Les Joncaux eskola publikoko lehen mailan, Ordutegi Egokituko Ikasmailen karietara ireki dute berri bat. «Normalki edo dantza edo musika da, baina iruditzen zaigu euskal dantza eta musika elkarri lotuak direla». Ez dute baztertzen euskal herri antzerkia ere egun batez sartzea. Karia horretara, gainera, Hirigoienek berak ondu duen musika ikasteko ikasliburua estreinatuko dute metodo gisa. Giltzaera elkartearekin plazaratu berri du Musikaren giltzak 1 ikasliburua.

Ikasle gazte eta helduentzat ere eskola berria plantan eman dute kontserbatorioan euskal dantzaren sailean. Helburutzat daukate egun batez kontserbatorio diploma bilakatzea formakuntza hori, eta horren medioz estatu diploma erdiestea; «baxoaren ondoren irakasle izateko pasatzen den» diploma. Orain hasten direnak, amateur gisa abiatuko dira, eta bizpahiru urtez jarraituko dute formakuntza kontserbatorioak Baionan duen egoitzan. Bukaeran, euskal dantzako Koreografia Ikasketa Ziurtagiri bat ukanen dute. «Berrikuntza da, orain arte ez baitzen holakorik». Horrek ere arrakasta ukan du, 20 ikaslek izena eman baitute, eta ziren toki guziak beterik utzi. Formakuntza horren euskarri pedagogikoak EKErekin eta IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin adostu dituzte.

Kontserbatorioak baldintza bat jarri dio ikasle bakoitzari: jadanik Ipar Euskal Herriko euskal dantza talde edo egitasmo bateko partaide izatea. «Helburua baita dantza taldeak jendez ez hustea eta beti loturik egotea lurraldeko egiazko biziarekin». IDB ohartua da dantza taldeetan eskola ematen ari diren gazte anitzek ez dutela formakuntzarik. «Helburua da irakasle horiek formakuntza horretan sartzea, ttipiei euskal dantza transmititzeko tresnak ukan ditzaten: errepertorioa, teknikak, gakoak ematea».

Kanpoko adituak gomitatuz Masterclass batzuk integratu dituzte dantza formakuntzan. Ipar Euskal Herriko zein Hego Euskal Herriko dantza «maisu» batzuk izanen dira. Hirigoienek gomitatu dituztenen zerrenda eman du: Alain Maia, Gari Otamendi, Oier Araolaza, Mikel Sarriegi, Aritz Lasarguren eta Katalin Zarate. Zuberoako dantzetan Berritza elkartearekin ariko dira, baita Johañe Etxebesterekin ere. Ikusgarri batzuen ikustera atera beharko dute, bestalde. Eta, ziurtagirirako proba pasatzeko, ikasle bakoitzak kontserbatoriotik kanpo ibiltzen den dantza taldearekin egitasmo bat muntatu behar du, eta epaimahaia bertara joanen da lan horren emaitzaren ikustera. Jokin Irungarai atabalaria dantza jauzien aipatzera etorriko da, bestalde, baita Biarnoko Oriongo jauzi egile bat ere, «Biarnoko manerak aipatzeko eta konparatzeko». Bestalde, Axut antzerki konpainiatik Arantxa Hirigoien jinaraziko dute gorputza adierazpena aipatzeko.

Horrez gain, aitzineko urteetan bezala, kontserbatorioak Koldo Zabala moduluarekin jarraituko du ikasle gazteagoentzat. Dantza eskola bakoitz Hirigoienek galdegiten du herri musika saileko musikari bat hor izan dadin musika zuzenean jotzeko. Dantza irtakasle lanak Iban Garatek —Leinua eta Bilaka taldeetan ibilitakoa— eginen ditu. Joan den larunbatean abiatu zuten lehen eskola, kontserbatorioko Baionako egoitzan.

Baionako kontserbatorioko euskal dantzako 3. zikloko urteko lehen klasea
Iban Garat irakaslea eskola ematen, larunbatean. PIERRE LARRIEU

Trikitiaren sartzea

Trikitia sartu da, lehen aldikoz, Ipar Euskal Herriko kontserbatorioan. Eta irakaslea Joseba Tapia izanen dute izena eman duten zazpi ikasleek. Gazteenak 15 urte ditu. Batzuk zaletasunez heldu dira hobetzeko, besteak kontserbatorioko diplomaren zikloa egiten ari dira.

Hirugarren urtea du Tapiak Baionako kontserbatoriora datorrela eskola ematera, baina astelehen honetarik goiti irakasle finko gisa ariko da bertan. Ikasle jada jantziak direla adierazi du Tapiak: «Baionara heldu diren trikitilariak, jada oso ikasiak datoz trikitiaren testuinguruari eta teknikari buruz; belarri oso onekoak dira, eta oso zaleak». Trikitilari gipuzkoarrarentzat molde ona da Ipar Euskal Herriko trikiti ikasleekin eta irakasleekin harremanean egoteko. «Datozen belaunaldi berriekin kontaktuan egoteko aukera da, eta, nola ez, kurtso hau ez da bakarrik teknikaz ari; osotasun batetik dena kritikatzen dugu. Baita kontserbatorioa bera ere». Irakasle batek, soinu tresnaz harago, «bere izaera eta testuinguru guztia» dakarrelako.

Gehiago dena, euskaraz ariko dira. «Baionako kontserbatorioan niri euskaraz egiten didate», azpimarratu du Tapiak. Horra arte, molde informalean gerta zitekeen irakasle batek euskaraz egitea. Aldi honetan, kontserbatorioak bere egin du osoki euskaraz eginen den klasea sortzea, antzerkiarekin egin duen gisan, funtsean.

«Datozen belaunaldi berriekin kontaktuan egoteko aukera da, eta nola ez, kurtso hau ez da bakarrik teknikaz ari; osotasun batetik dena kritikatzen dugu. Baita kontserbatorioa bera ere»

JOSEBA TAPIATrikitilaria eta irakaslea

Trikitiaz gain, kantua, eta bereziki euskal kantua lantzen hasteko xedea dute kontserbatorioko herri musiken departamentuan. Kontserbatorioan sartzearekin, Marie Hirigoienek euskal musika eta dantzaren sailak garatu ditu, baita antzerkiarena sortu ere. Orain, erakunde horretara ekarriko du euskal kantuaren ikasgaia, berak kuttuna duena. EKErekin abiatu dute lehen ildo bat. Hirigoienek dio EKEko zuzendari Johañe Etxebestek ere bazuela aspalditik transmisioaren grina hori: «Ohartu zen transmisioan bazela eskas bat, eta deliberatu dugu elkarlana plantan ezartzea».

Azaroan antolatuko duten Arteen Artean jardunaldien gai nagusia izanen da Hirigoienek salatu duenez: «Hortik nahi genuke, zergatik ez, lantalde bat muntatu, aurtendik dinamika bat sortzeko».

Baionako kontserbatorioko euskal dantzako 3. zikloko urteko lehen klasea
Eskola bukaerako luzaketa lanak. PIERRE LARRIEU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.