1984. urtea, Hertzainak taldeko kideak lehen diskoa grabatzera doaz. Hilabete pasatu dute Marino Goñirekin (Burlata, 1951) produkzio lanetan. Hark gidatzen duen Soñua diskoetxearen rock zigilurako ari dira. Euskal Herrian ez dago beste inor halako apusturik egiteko prest. «Dirurik gabe geldituko zara!», esaten diote taldekoek Goñiri erdi txantxetanerdi serio behin eta berriz. Bereari eusten dio. Zerbait ikusi dio taldeari, badaki zerbait ari dela gertatzen, eta horri heltzen dio. Martxan da Hertzainak.
Josu Zabala baxu jotzaileak gogoratu du anekdota. «Norbaitek izan behar zuen fedea, eta berak izan zuen. Guk geure buruan sinetsi ez eta berak egiten zuen. Garai hartan rockak kaleratzeko eta famatzeko aukerarik izan bazuen, hari esker izan zen. Haren ekimenez egin zen bataila hura».
Eszenaren katalizatzaile moduko bat izan da Goñi lau hamarkadan, eta orain erretiroa hartuko duela esan du berak sortutako Gor diskoetxearen web orrian. «Sorpresaz» hartu du berria Zabalak. «Aurreko astean kontatu zidan, eta ez nion sinetsi. Esan nion, 'berriro egingo dugu topo'. Baina erabakiak tinkoa dirudi. Galera handia da».
Balerdi Balerdi eta Motos taldeetako baxu jotzaile izan zen Goñi, eta musika kazetaria ere bai. Euskal Herriko rockaren eragile eta bultzatzaile nagusietariko bat izateagatik da, ordea, ezagun, batez ere. Soñua, Oihuka eta Gor diskoetxeak sortu, eta produktore lanetan ere nabarmendu da. Haren estudio eta eskuetatik pasatu diren taldeen izenen errepaso azkar bat aski da haren figuraren neurriaz jabetzeko: Hertzainak, La Polla Records, Barricada, Kortatu, Skalariak, Marea, Berri Txarrak... 80ko hamarkadan ezagun egin zen Rock Radical Vasco (RRV) etiketaren sortzaileetako bat izan zen, eta hurrengo urteetako eszenaren dibertsifikazioaren bultzatzaile nagusietariko bat ere bai. Halere, haren «bilatzaile» sena da Zabalak azpimarratzen duena. «Bera da euskal musikan, eta, batez ere, rockean, hemen izan den talentu biltzailerik handiena. Hasieratik lan horretan jardun den bakarra, kasik. Dozenaka deskubritu ditu, eta arrakasta lortzen lagundu die».
«Ameslari bat izan da Goñi beti», dio Roge Blasco kazetariak. Musikan espezializatutako Muskaria aldizkaria sortu zuen berak, 80ko hamarkadan, eta orduan ezagutu zuen Goñi. «Garai hartan musika estilo ezberdinetan aritzen ziren taldeak izen beraren pean batzen jakin zuen Goñik. RRV etiketa sortzen asmatu zuen, Jose Mari Blascorekin batera. Asko kritikatu zuten etiketa hura, baina asko zuen egiatik. Barricada, La Polla, Hertzainak... ezberdinak ziren denak, baina hitzetan bazuten batzen zituen zerbait, jarrera bat; eta hori ikusten jakin zuen Goñik. Mugimendu haren ideologo nagusia izan zen, nik uste. Argiena zen, eta sena zuen hurrengo abangoardia zein izango zen jakiteko». Bestek periferiatzat jo arren, zentro gisa aurkeztu zuen euskal eszena Goñik.
Garai hartan egin zuen produktore lana ere aitortu beharrekoa dela dio Blascok. «Musika kritikari lanetan ere aritzen nintzen garai hartan, eta Marino Goñik produzitutako disko bat heltzen zitzaidanean, banekien soinu onekoa izango zela. 80ko hamarkadan garantia bat zen haren izena. Kalitatezko musika. Berria eta berritzailea. Onartzen dut beti izan diodala miresmena Goñiri, oso ausarta izan da beti, eta saiatua. Pena da erretiratzea, hamarkada hartako espirituaren azken ordezkarietariko bat zen. Ausarta eta balio argikoa».
Diskoetxe sortzaile
Goñik berak kontatua da nola hasi zen rock taldeei diskoak grabatzen. «Soñuaren katalogoaneuri ez zitzaidan interesatzen, eta, horregatik, rocka egin ahal izateko, Soñua Nafarrock zigilua sortu genuen. Barricada, La Polla, Hertzainaketa halako taldeekin osatutako katalogoa egin eta arrakasta handia izan zuen, eta bat-batean, ordura arte Soñuaren ildo nagusia izan zen folka ahaztuta geratu zen». Elkar-en menpe zen Oihuka diskoetxea sortzera jo zuen handik, baina autonomia handiagoaren gosez, hura utzi, eta Gor diskoetxea sortu zuen azkenean. Neurrira.
Gertutik ezagutu du prozesu hori Sergio Ibarrola Zara-k, Balerdi Balerdi taldeko bateria jotzaileak. Goñiren gustuen zabaltasuna da deigarrien zaiona. «Badira disko dendak haren bildumak besteko zabaltasunik ez dutenak». Halere, Goñik ondoan izan dituenen lana ere aldarrikatzen du. «Marino beti izan da burua, baina berarekin izan ditu Patxi eta Antonio anaiak ere. Berak eman izan du aurpegia eta berak izan du beti sen berezi hori, baina atzean bere taldea izan du, eta hori ere gogoratu behar da. Marino erretiratu da, bai, baina baita Antonio ere. Marino Goñi da, bai, baina ez da bera bakarrik. Goñitarrak dira».
90 urteetako labealdia
Gor diskoetxearen garaian ezagutu zuen Gorka Armendariz Leihotikan taldeko abeslariak Goñi. Eta, dioenez, 80ko hamarkadaz harago ere, badago hari zer aitortua. «Koma, Parabellum, Zea Mays, Leihotikan... Aukera bat eman zigun Goñik 90eko hamarkadan sortu ginen gisa horretako talde minoritario guztiei. Beste askok irabazitako sosekin etxe bat-edo erosiko zuketen, baina berak aukera hori egin zuen. Labealdi horren alde egin zuen».
«Altruista» ere izan da Goñi, Blascoren ustez. «Usu gertatu zaio. Berak bazekien ateratzen zituen taldeetariko askok bazutela zer emana, eta goiz edo berandu urrundu egingo zirela. Handi egin diren talde askoren kasuan, Goñik bazekien meategi bat aurkitu zuela, baina ihes egingo ziotela gero, eta lan horretan jarraitu du, halere».
Skalariak taldeko baxu jotzailea zen Luisillo Kalandraka, eta hala ezagutu zuen Goñi. 1999an, taldearen bigarren lana grabatzerakoan. Gerora maiz egin du topo Goñirekin, eta harentzat lanean ere aritu da. Zuzentasuna da Goñiri aitortzen dizkion gauzetariko bat. «Sekula ez du ziririk sartzen. Daukana eskaintzen du. Kito».
«Oso tipo nerbiosoa izan da beti Marino», dio Zarak, eta Balerdi Balerdiren entseguak aipatzen ditu adibide gisa. Dioenez, ez dago bereizketa handirik diskoetxeko Goñiren, Goñi musikariaren eta Goñi produktorearen artean. «Garai batean bakalao-aren munduan murgildu zen, Hemendik At!-en lehen diskoa ateratzen zebilenean, eta hor azaldu zitzaigun egun batez entsegura ordenagailuarekin musika elektronikoa egiten. Guk harrituta begiratzen genion. Beste garai batean, Leihotikanekin ari zela, etorri zitzaigun hardcorearekin... Hala aritu da beti, beti oso begi onez».
Orain begia aski ez, ordea. Musikari lotuta egon da Goñiren bizitza, eta hari lotuta doa agurra ere. Honela azadu duZabalak: «Kultura lokalen krisia eta diskoaren krisia batera izan dira, eta krisi pilaketa horrek azaltzen du Goñiren ihesaldia». Eta iritzi berekoa da Zara ere. «Pisu handiko figura izan da Goñirena, eta pena da hala erretiratu behar izatea».
Eta orain zer? Urtebete bada tendinitisagatik Balerdi Balerdirekin jotzeari utzi ziola, baina hau erantzun zion Argia-ri 2005ean: «Erretiratzean, talde bat egingo dut... Bizitza honetan daramat, jende guztiarekin gauzak egin ditut eta oraindik ez dut harro sentiaraziko nauen fundamentuzko ezer egin. Egingo dut».
Euskal rockaren ameslaria
Euskal rockaren eragile nagusietariko bat izan da Marino Goñi lau hamarkadan, eta erretiroa hartu du orain. Diskoetxe sortzaile, produktore eta musikari; «argia» eta «ausarta», lagun eta lankideen hitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu