Flasko batean bildutako zikloi baten urduritasunarekin bakarrik errendi daiteke 1980ko hamarkadan Euskal Herriko kulturgintza goitik behera inarrosi zuen Euskal Rock Erradikalaren fenomenoa liburu baten mugetara, baita liburu hori 842 orriko liburukote bat bada ere. Baina Last Tour etxearen Liburuak saileko kideek eskari horixe egin zioten Javier Corral Jerry musika kazetari eta ikerlariari, eta, horregatik, enkargua jaso bezain laster sentitutako izua aitortuz hasten du egileak Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco (Festa eta errebeldia. Euskal Rock Erradikalaren ahozko historia) liburuko hitzaurrea. «Ostia... ederra erori zait!». Hasieratik izan zuen argi, dena den, kontakizunak korala izan beharko zuela, eta, guztira, 71 musikari, kazetari eta ikerlariren hitzekin osatu du lana. Etiketa haren pean ibilitako sortzaileen lehen eskuko lekukotzak eta gogoetak ez ezik, mugimendu haren aurreko eta ondorengo protagonisten ahotsak ere badakartza liburuak, eta, ezinbestean, «baina» batekin abiatzen da testua, lehen kapitulutik bertatik. «Egia da bere garaian Euskal Rock Erradikalaren etiketak gogor jo zuela, baina inori gustatu ez zitzaion arren, eta musikariak kontra azaldu ziren arren, iraun egin du».
Josu Larrinaga soziologo eta euskal musika ikertzailearena da liburuko lehen «baina» hori. Euskal musika garaikidea izan zuen soziologiako doktore tesiko gaia Larrinagak, eta Euskal Rock Erradikalaz ere ikertu zuen ondorioz, eta Corralek haren azalpenarekin abiatzen du kontakizuna bere liburuan: «80ko hamarkadan euskal kontrakulturako musikaren punk mutazio bat gertatu zen».
Ikusi gehiago
Baina ikertutakoaz ez ezik, lehen eskutik ezagututakoaz ere mintzo da soziologoa. Eta, dioenez, bertatik bertara ikusi zuen kolpeko aldaketa hori. «Gogoan dut Egin-ek jaialdia antolatu zuela Gasteizen, eta herri bozketa bidez hautatu zituztela taldeak herrialdeka: Nafarroan, Barricadak irabazi zuen; Gipuzkoan RIP izan zen sorpresa, Itoizi gailendu zitzaiolako, bistako irabazlea zirudien arren; Zaramak irabazi zuen Bizkaian; eta Hertzainak-ek Araban. Eta gogoan dut jaialdi hartara joatean zera pentsatu nuela: ‘Hemen zerbait aldatu da’. Estetika, bibrazioa, dena. Eta gogoan ditut Bilboko Zazpikaleak ere, uholdeen ostean: Barrenkale berriz ireki zenean, giro hippya gauetik egunera punki bilakatu zen. Euria hasi zuenetik atertu zuenera».

Definizio iheskorra
Baina lanbrotsua da Euskal Rock Erradikalaren definizioa. Eta horren erakusgarri ere bada liburua.
«Euskal Rock Erradikalaren aurkariak ere badauden arren, hori izan zen euskal rocka altxarazteko eta gure mugetatik kanpo ezagun egiteko oinarria». Marino Goñiren hitzak ere badakartza liburuak. Kazetari, musikari, musika ekoizle, Soñua diskoetxeko kide eta Gor diskoetxearen sortzaile izateaz gainera, Euskal Rock Erradikalaren etiketaren sortzailetzat ere jo ohi da Goñi, eta izendapen horrek izan duen transzendentziaren defentsa egiten du gaur egun ere. «Lehenik bide bihurtuz joan zen xenda bat izan zen, gero errepide egin zena, eta, azkenik, hainbat bide lerroko autobide bilakatu da. Euskal talde askok zeharkatu dute azken 40 urteetan, eta oso urrun iritsi dira».
Estilistikoki eklektikoa zen izendapen horrek biltzen zuen talde multzoa. Punketik hasi eta reggaerainoko sokan zebiltzan hamaika estilotako taldeak bildu zituen, batetik. Eta, bestetik, linguistikoki ere, baziren euskara hutsean aritzen ziren taldeak eta gaztelera hutsean aritzen zirenak ere. Azkenik, anarkismotik gertu zebiltzan musikari batzuk, eta mugimendu troskistatik zetozen beste batzuk. Eta, halere, guztiak bildu zituen Euskal Rock Erradikalak. Baina etiketa huts bat izan al zen orduan? Liburuko iritzi emaile gehienek ezetz iradokitzen dute. Han bazegoela guztia batzen zuen zer edo zer.
Musikalki, linguistikoki eta ideologikoki talde heterogeneoa osatzen zuten Euskal Rock Erradikalean multzokatutako musikariek, baina onartzen dute bazegoela amankomuneko zerbait
Angel Azkarraga Matxitxa musika ekoizle eta ordezkaria ere mintzo da liburuan, esaterako. «Leherketa bat izan zen», dio lehenik. Eta azalpen luzeagoa ematen du ondoren: «Euskal Rock Erradikala Euskal Herriko 80ko hamarkadako gazteria errebeldearen soinu banda izan zen». Eta zikloiaren hedapen indarra igar daiteke Angel Valdes musikari eta ekoizlearen hitzetan. «Mugimendu estramusikal bat zen».
Testuinguruaren garrantzia
Bat dator Corral bera ere liburuan. Aitortzen duenez «berezia» baita Euskal Rock Erradikalaren kasua, eta, musikaren esparruaren mugak gaindituta, historiara, soziologiara eta ekonomiara jotzen du horren azalpen bila. «80ko hamarkadaren hasieran sortu zen [RRVa], Franco diktadorea eta nazionalkatolizismo espainiarraren gau iluna lurperatu eta gutxira, eta musikaren alorra gainditzen duten ezaugarriak ditu haren sorrerak, horregatik». Eta hain zuzen ere giro hori da, kazetariaren hitzetan, mugimendu horren iturburua. Eta zerrenda amaigabe batekin deskribatzen du egoera gero. «Giro horrek frankismoaren amaieratik edaten du, Espainiako trantsizio demokratikoaren hasieratik, euskal abertzaletasunaren berreskurapenetik eta haren egonkortze parlamentariotik, ezker abertzalearen gorakadatik, talde terrorista baten borroka armatutik, estatuaren estolderiaren gerra zikinetik, petrolioaren krisitik eratorritako krisi ekonomikotik eta industrializazioaren amiltzetik, Garapen Planek sustatutako jaiotza tasa handitik...».
Langabezia, bortizkeria, kalea. Eta, batez ere, amorrua.

Ekaitz perfektua deskribatzen du Gotzon Hermosilla BERRIA egunkariko kazetari, idazle eta Izu giroa eta Xangre fanzineen sortzaileak. «Postfrankismoa ikaragarri luzatu zen, eta gauzak egiteko, protestatzeko eta ordura arte debekatuta zegoen guztia egiteko gogoa zegoen. Horrek bat egiten du egoera politiko, sozial eta ekonomikoarekin; bortizkeriaren gaiarekin, desindustrializazioarekin eta abarrekin. Eta horrek bat egiten du rockarekin, zeina 60ko hamarkadan lau zororen kontua baitzen; batek lehengusua zuela eta Londresera zihoala eta Led Zeppelinen disko bat ekartzen zuen, bada, hori maioritarioa izatera pasatu zen, akaso aldizkariak ateratzen hasi zirelako, programak hasi zirelako telebistan, eta Madrilen ere hasi zirelako olatu berriko taldeak. Eta bat-batean rock-and-rolla eskuragarriago zegoen, eta horrek ekarri zuen gazte askok talde bat egin nahi izatea».
Londresko musika eszena giltzarria da Euskal Rock Erradikala ulertzeko. Punka, bereziki. Baina ez hori bakarrik.
The Clash, Stiff Little Fingers eta Two Tone zigilua aipatzen ditu ezinbesteko erreferentzien artean Marino Goñik. Eta Pedro Elias Igartua musika kazetariak gero: «Punk mugimendu hori gabe, beharbada ez zen Euskal Rock Erradikalik izango. Eta ez denak punkak zirelako, batzuek metaleraino jotzen zutelako, rock gogorrera edo reggaera, eragin asko zeudelako. Baina Ingalaterran sortutako punkari esker etorri zen dena».
1983: zero urtea
Mugarri bat ere aipatzen du Corralek. The Clash taldeak 1981eko maiatzaren 2an Donostiako Belodromoan emandako kontzertua. 7.000 pertsona bildu zituen emanaldiak. Corral: «RRVaren historian funtsezkoak izango ziren musikarietako asko izan ziren Anoetako gau hartan. Gogoan dut, pertsonalki, egun hartan ezagutu nuela Xabier Montoia, eta esan zidala talde bat sortu berri zuela, Hertzainak deituko zena».
Aurrekoak gorabehera, 1983a jo ohi da Euskal Rock Erradikalaren zero urtetzat, orduan antolatu baitzuten izendapen horren aterpean egindako lehen kontzertua
1983a hartu daiteke Euskal Rock Erradikalaren zero urtetzat, halere.
Orduan azaldu zen Euskal Rock Erradikalaren etiketa lehengoz. Corral: «RRVaren bataioa Bardeako Tiro Poligonoaren itxiera eskatzeko Tuteran antolatutako 1983ko urriaren 22ko jardunaldietan gertatu zen». Manifestazioaz, kanpaldiaz eta bestelako ekintzez gainera, kontzertu bat ere antolatu zuten. Besteak beste, Barricada, La Polla Records, RIP, Basura, Eskorbuto, Zarama eta Hertzainak izan ziren bertan —jada Iñaki Igon Garitaonandia Gari abeslari zela—, eta Kanarietako Escorbuto Cronico taldea ere izan zen haiekin guztiekin batera. Ohiko kartela zela dio Corralek, baina bazuela ezohiko elementu berri bat ere: «Ez zen inolaz ere izan talde haiek elkartzen ziren lehen aldia, baina bai hori guztia Euskal Rock Erradikala izendatzen hasi ziren lehen aldietako bat».
Jardunaldi haien aurretxoan agertu zen izendapena lehenengoz, eta, liburuan gogoratzen denez, Jose Maria Blasco La Polla Recordsen ordezkariak eta Marino Goñi Soñua diskoetxeko kideak asmatu zuten zehazki.
Azaldu eta berehala, musikari gehienek kolpean egin zioten muzin etiketari, baina maizenik ez erabat ere, eta ez dira gutxi, era berean, denborarekin aitortu dutenak baliagarri izan zitzaiela euren proposamena zabaltzeko.
Baina tentsioak ere baziren.
'Martxa eta borroka'
Ezker abertzaleak Euskal Rock Erradikalarekin izandako jarrerari buruzkoek hartzen dute liburuko kapitulurik luzeenetako bat. Martxa eta borroka izeneko programa da kapituluaren muina, eta Ramoncin musikari espainiarrak Herri Batasunak antolatuta Bilbon emandako kontzertuaren kartelaren irudiarekin hasten da atala. Corralek liburuan onartzen duenez, «esanguratsua» izan zen ezker abertzalearen kanpaina hura. «Euskal Herri osoan kontzertu mordo bat jotzeko aukera eskaini zien taldeei, orduan ezohikoak ziren baldintza teknikoekin. Horrek bilakatu zuen euskal rocka, lehenengoz, fenomeno masibo bat. Jadanik ez zen zulo txikietan eta okupatutako gaztetxeetan itxitako zerbait; hirietako kaleak eta herrietako festak hartu zituen».

Corralen arabera, ezker abertzaleak hasieran errezeloz hartu zuen rock musika, eta hori erakusten duten hamaika lekukotza ere badakartza liburuak, baina aldatu egin zen hori denborarekin. «Etiketa 1983an sortu zen, eta apenas urte eta erdi geroago, 1985eko martxoan jarri zen martxan —ezin hobeto adierazi— Martxa eta borroka kontzertu bira». Eta, kazetariak dioenez, kontraesanak kontraesan, salbuespenak salbuespen, talde gehienak «egokitu» egin ziren egoera berri hartara. Erosoago batzuk, erabat deseroso beste batzuk. Eta izan zen erabat kontra azaldu zenik ere. Hori da Eskorbuto taldearen kasua, esaterako.
Pedro Espinosa kazetari, aktore eta Potato taldeko musikariak gogoan du mugimenduaren eta ezker abertzalearen arteko tentsio unea. «Talde guztiek egiten zioten muzin etiketari, baina inori ez zion kalterik egin: oso ongi etorri zitzaien. Ona izan zen denontzat, eta oso ezberdinak ginen talde askok jo ahal izan genuen izendapen horren aterpean, ezberdinak ez soilik ideologikoki, edo agian ez ginen hain ezberdinak, baina estilistikoki baginen oso diferenteak. Ideia komertzial bat izan zen hasieran, baina gero ideologikoki erabili zen».
Drogak eta iraultza
Eta orduan dator tentsio une horri buruzko Espinosaren anekdota. «Ezker abertzaleari oso ongi etorri zitzaion bere kanpainak muntatzeko, Martxa eta borroka famatu hura, kasurako. Eta bere ideologia zabaltzeko. Gero askok muzin egin zioten. Ezaguna da Cicatrizeko Natxoren esaldia, pikutara bidali baitzituen izendapen horren pean egindako lehen kontzertuan —Europako hauteskundeetarako kanpaina batean—. Publiko aurrean jarri, eta esan zuen: ‘Lehen drogazale putakume batzuk ginen, eta orain euskal gazte iraultzaileak gara. Zoazte popatik hartzera! Ez bozkatu haien alde!'. Noski, ez zioten Martxa eta borroka-n parte hartzen utzi. Baina, punka bazara, ezin zara inorekin ezkondu».
Drogek gizarte mugimendu horretan guztian izan zuten eragina ere aztertzen du Corralek liburuan, heroinak euskal gazterian izan zuen zabalpena zehazki, eta Espainiako agintariek horretan esku hartzerik izan ote zuten ere jartzen du mahai gainean kazetariak. «Froga argirik ez dagoen arren, susmo edo arrazoizko hipotesi modura bizirik dirau teoria horrek batzuentzat, eta, aldiz, kondaira edo konspiranoia bat baino ez da beste batzuentzat». Eta, horregatik, besteak beste, Alvaro Heras-Groh musikari eta idazlearen hitzak bildu ditu Corralek.
Eztabaidagai da oraindik ere Poliziak zer-nolako esku hartzea izan ote zuen 80ko hamarkadan heroina kontsumoaren gorakadan, eta bateko zein besteko iritziak daude liburuan ere
La atracción del abismo. Auge y caída del consumo de heroína en Euskadi: 1970-2000 (Amildegiaren erakarmena. Heroina kontsumoaren goraldia eta erorialdia Euskadin: 1970-2000) liburuaren egilea da Heras-Groh, eta Corralen lanean ETAk droga saltzaileen aurka abiatutako kanpaina gogoan hartzen duen arren, era berean, Europa osoan izandako gorakada orokorragoaren barruan kokatzen du Euskal Herriko heroina kontsumoaren igoera. Eta, horregatik, nahiz eta droga salmentan sartutako poliziak ere egon, Heras-Grohk ez du uste igoera hori «Madrilgo bulego batean» pentsatutako «konplot» baten emaitza izan zenik. Eta iritzi berekoak dira, besteak beste, Josu Larrinaga ikerlaria eta Roberto Moso eta Mikel Erentxun musikariak ere. Baina zabaldu egiten da argazkia gero, eta badira Poliziaren jardunaren eta heroina kontsumoaren igoeraren arteko lotura argiago ikusten duten elkarrizketatuak. Iritzi horretakoak dira Angel Azkarraga Matxitxa ekoizlea, Joseba Martin musika kazetaria, Kaki Arkarazo M-ak eta Negu Gorriak taldeetako kide izandakoa eta Anjel Valdes musikari eta Elkar taldeko ekoizle ohia.
Amaieraren sintomak
Eta terminoaren nondik norakoa zehaztea bezain irristakorra da mugimenduaren amaiera zehaztea ere. Eta, kasu honetan ere, argi ikusten da hori liburuan.
Negu Gorriak taldearen sorrera aipatzen dute zenbaitek fase aldaketaren mugarritzat. Hala egiten du Anje Duhalde musikariak, esaterako. «Pista bat ematearren, Negu Gorriak sortu zenean eten bat egon zen. Punketik eta rock erradikaletik asko zuen, baina musika eta ikuskizuna landuagoa zen, bazegoen zerbait handia sortzeko asmo bat». Eta Negu Gorriak aipatzen du Anjel Valdesek ere. «Ikusgarria izan da 90eko hamarkadatik aurrerako garapena, eta Berri Txarrak bezalako taldeekin jo du goia. Punka azkar hil zen, haren musikarietako asko bezala. Baina musikaren handitasunak eta haren potentzialtasunak gazte asko animatzen dituzte oraindik ere, Euskal Rock Erradikala oinordetzan jaso duten sasoi baten sorburua baita eurentzat».
Elena Lopez Agirre musika ikerlari eta Potato taldeko musikariari deseroso zaio «gainbehera» aipatzea, baina onartzen du fase aldaketa bat egon zela, eta Hertzainak taldearen Aitormena aipatzen du mugarritzat. «Oso kanta polita da, eta haiek ere zalantzak izan zituzten atera edo ez [...]. Eta atera zutenean, nik zera esan nuen: ‘Amaitu da Euskal Rock Erradikala. Orain beste zerbait dator’».
Eta baietz dio Josu Zabala Hertzainak taldeko kideak ere orri gutxi batzuen buruan. Izan daitekeela Aitormena sintoma moduko bat. Haren ustez, belaunaldi aldaketa bat delako guztia aldatu zuten faktoreetako bat. «Ez genuen prestakuntzarik egiten ari ginen lana egiteko. Ekinean ikasi genuen, eta ondoren zetorren gazteriak guk baino azkarrago ikasi zuen. Dibertsifikazio oso garrantzitsua gertatu zen orduan; metala eta genero berri pilo bat agertu ziren, bai eta gure arrastoari jarraitzen ez zioten talde pilo bat ere. Belaunaldi aldaketa handi bat egon zen hor, hobeki jotzeaz gainera bestelako filosofia bat ere bazekarrena. HBrekin lotutako Euskal Rock Erradikal hori eta halako gauzak gain behera hasi ziren. Bistakoa da».
Eskorbuto eta Muguruza
Euskal Rock Erradikalari epitafio bat jartzeko ere eskatu die Corralek elkarrizketatuei.
Nola edo hala izkin egin diote askok kazetariaren eskariari, baina gertatutakoa ospatzeko baliatu dute aukera beste batzuek, eta haren aurkako amorrua ere igar daiteke Pako Galan Eskorbuto taldeko kide ohiaren hitzetan. Hala mugimenduari jarritako epitafioan bertan —«RRVa espektakulu bat baino ez zen izan»—, nola epitafio horri ondoren gehitutako azalpenean ere: «Horixe izan baitzen RRVa: negozio bat, espektakulu bat, kaka bat. Ezin diozu jaten eman zizunari kakarik bota, zeren eta hor egon bazinen, nahi izan zenuelako egon zinen, inork ez zintuen-eta behartu. Orduan ez dakit zer ostiagatik kritikatzen duzun».
Eta harenak dira liburu osoan etiketaren aurkako hitzik gogorrenak ere.
Liburuan Eskorbuto taldeko kide izandako Pako Galan musikaria da Euskal Rock Erradikalarekin kritikoen mintzo diren elkarrizketatuetako bat: «Espektakulu bat baino ez zen izan»
Corralek hamasei musikariri egindako elkarrizketa luze bana ere bildu du liburuan, eta, hain zuzen, Galani egindakoa da haietako bat. Bertan sakonago garatzen du etiketak mugimendua espektakulu bilakatu zuelako ideia. Esate baterako, ezker abertzalearen Martxa eta borroka kanpainari Eskorbutok emandako ezetza azaldu ondoren datoz hitz hauek: «Kalean gauzak apurtzen zirenean gustatzen zitzaigun guri rocka. Borrokak zeudenean. Euskal Rock Erradikala horregatik sortu zuten, zeren eta rock erradikala egon ez balitz, jasanezina izango zatekeen larunbatero kaleak suntsituta egotea. Gerra zibil baten mugan geunden. Hura ezin zen jasan. Orduan, kaleko indar horiek geldiarazteko asmatu zuten [RRVa], ikuskizun bilakatzeko. Nire iritzia da, e».

Justu kontrako muturrean dago Fermin Muguruza musikariaren iritzia. Hari egindako elkarrizketa luzea ere badakar liburuak, eta, musikariak bertan aitortzen duenez, urteekin aldatu egin da etiketa horren inguruan zuen jarrera: «Gorroto genuen etiketa bat zen: gorroto bizia genion». Kortaturen sasoian zen hori, ordea, dioenez orain bestela ikusten baitu kontua. «Nik orain defendatu egiten dut; izorratzearren, eta kontrako korrontean joatearren. Ze orain etortzen zait bat eta esaten dit: ‘Bai, baina RRVa etiketa bat zen’. Baina zuk zer kontatuko didazu niri RRVari buruz? Ideiarik ere ez duzu eta! Eskorbutoren elkarrizketa bat irakurri duzu, eta uste duzu... Badakizu zer? Eskorbuto Euskal Rock Erradikala zen. Eta Barricada. Eta Cicatriz. Eta une hartako talde haiek guztiak ere bai. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori batzea. Ez Dok Amairu existitu zen neurri berean; haiek euren izena aukeratu zuten, guk ez, baina ez zait gaizki iruditzen mugimendua batzea eta hari izen bat jartzea. Norbaitek esan zuen bezala, bazelako rocka, erradikala eta Euskal Herrikoa».
Liburuak gaur egungo taldeen hitzak ere biltzen ditu. Eta haien artean dira Chill Mafia, Vulk, Belako, Tatxers eta Verde Prato.
Matxismoa
Corralek libururako elkarrizketatutako 71 pertsonen artean, zortzi baino ez dira emakumezkoak, eta, hain zuzen ere, 487. orrian egiten da errealitate erabat maskulinizatu horren aipamen esplizitua, Verde Pratoren eskutik. «Oso mugimendu maskulinoa da [Euskal Rock Erradikala]. Beste batzuk ohartzen ez diren moduan ohartu naiteke ni horretaz, agian. Atentzioa ematen didan zerbait da, eta gustatzen zait hori auzitan jartzea [...]. Gizonek gizonentzat sortutako mugimendu bat da, oso zentzu itxia duena. Tipikoki maskulinoa da musika eta hura interpretatzeko modua. Ia parodikoa iruditzen zait. Emakume gazte baten begietatik eta egungo garaitik begiratuta, kasik karikatura bat dirudi. Erakargarria da, eta badu erakartzen nauen zerbait, indar gordin moduko bat. Horrela bizi dut musika hori. Baina, era berean, erabat arrotza zait. Eta zalantzagarria iruditzen zait».
Verde Prato musikariak dioenez, gizonezkoek gizonezkoentzat sortutako mugimendu bat izan zen RRVa, baina aitortzen du zalantzagarria izan arren erakargarria ere egiten zaiola
Aurora Beltran musikari eta Belladona eta Tahures Zurdos taldeen sortzailea ere iritzi berekoa da. «Musikan matxismo handia zegoen, eta oraindik ere badago. Gogoan dut Belladonarekin, serio har gintzaten, mojak bezain tapatuta joaten ginela. Eta izan dugu talderen batekin aurrez aurrekoren bat ere [...]. Testosterona asko zegoen. Tipo asko eta tipa gutxi. Horrekin bizitzen ikasi behar zenuen, eta ezin zenuen guardia jaitsi [...]. Tipoz inguratuta geunden, eta beste emakumeez nola hitz egiten zuten entzuten genuen. Beti egin dit kirrinka horrek. Errespetua besterik ez dut eskatzen».

Anarik ere aipatzen du gaia. «Badago datu bat. Seguruenik tipak joaten dira Verde Pratoren eta Anariren kontzertuetara, eta tipoei bitxia egiten zaie hori, oso sektarioa iruditzen zaielako. Neutroak iruditzen zaizkie ikusten dituzten gainerako kontzertuak, zeintzuetan publikoaren %90 gizonezkoak izaten diren».
Eta, hain justu, etiketa sortu eta ia lau hamarkadaren buruan, belaunaldi berriagoen gogoeta horiek ere erakusten dute jada flaskoaren barruan bilduta egonik ere erabat geldi ez dauden gauzek izaten duten urduritasunarekin mugitzen dela oraindik Euskal Rock Erradikalaren memoria.