2zio taldearen aurkezpen txartela da: «Saiatzen gara ta / zarata bada gure rapa, barka. / Marka utzi nahi dugu, marka. / Rapeatzen hastea modu askean, / berdin zaigu ez bagaituzte entzuten Euskadi Gaztean». Urteak daramatzate errimak zorrozten, eta orain kaleratu dute lehen lan luzea: Pausuz pausu. Hamahiru abesti bildu dituzte, eta salaketa da nagusi gehienetan. Baina, diotenez, bada ospakizunerako motiborik ere: «Bi: kantari gatoz entzun nahi dunari, / zeta: / errimaz beteta heldu gara eta, / i:/ nahiz eta ez den gehiegi ageri /, o:/ euskal rapa bizirik dago».
Batez ere, bertsotan aritzeagatik da ezagun Odei Barroso, baina harena da taldeko bi ahotsetariko bat eta Gorkarena da bestea. Barroso: «Nik rapa maite nuen bertsoa baino lehen, baina egia da bertsolaritzak laguntzen duela anitz errimatzeko». Eroso dabil hip hop doinuetan ere. Hiru urte badira Jo izeneko DJaren musikaren gainean probak egiten hasi, eta taldea eratu zutenez geroztik urte eta erdi eman dute diskoa prestatzen. Ezinbestean joan behar izan dute pixkanaka. Puntarik punta hartzen dute Euskal Herriko maparen ertzetan bizi dira hiru kideak. Algortan Gorka (Bizkaia), Urruñan Barroso (Lapurdi) eta Ziburun (Lapurdi) Jo.
Estiloa zaintzen dute, eta baita mezua ere. Salaketa edo aldarrikapen antzekoak dira abesti gehienetako hitzak horregatik. «Rapa gure aldarriak pasarazteko tresna gisa ikusten dugu». Euskal gatazka dute ardatz, adibidez, Pausuz pausu, Zenbat eta Eguneroko istorioak izeneko abestiek, arazoak dituzten haurren zailtasunez dihardu Integrazioa? deiturikoak, eta krisia du gai Erosi ta saldu kantak. Zorrotz mintzo dira guztietan: «Etxebizitza ordaintzeko 40 urte inguru, / bizitzeko eskubidea kredituz ordaintzen dugu».
Handia da hizkuntzarekiko duten kezka. «Euskaraz zuzen aritzea aldarrikatzen dugu», dio Barrosok. Euskarazko rapean ere euskarak zuzena behar duela, alegia. «Ez dio axola batua den edo ez den batua, ez da hori. Ezin dena izan da euskara itzuli bat. Euskaratik sortua behar du euskal rapak». Eta, azaltzen duenez, lagungarri izan zaio bertsolaritza horretarako ere.
Soinuari garrantzia emanez
Donibane-Ziburuko gaztetxean (Lapurdi) egin dituzte grabaketak, eta Iñaki Pla aritu da teknikari lanetan. Etxeko CDa dela dio Barrosok, baina baita txukun aritu nahi izan dutela ere. Aitortzen du perfekzionista xamarrak direla, eta soinuari garrantzi handia eman diotela. Benetan gustura gelditu arte, atsedenik ez dutela izan.
Beren kasa aritu dira grabazioan, eta banaketa eta hedapenarekin beren gisa jarraitzea dute helburu. «Guk musika egiten dugu maite dugulako, eta komertzial kutsua duten gauzetan, ahal dugula, ez gara sartuko». Sarean doan entzuteko moduan jarri dute, horregatik, diskoa, eta zuzenekoetan bost euroren truke eskainiko dute CD formatuan. Zenbait ostatutan ere jarri dituzte salgai ale batzuk, baina banaketa zabalagoa nola egin erabakitzen dabiltza orain. Taldearen web orria bidean dute, eta, nahiz eta oraindik bukatu gabe dagoen, hor ere jarriko dute diskoa.
Datorren larunbatean, hilaren 26an, Santurtziko La Kelo gaztetxean aritzekoa da 2zio taldea, Norte Apacherekin batera.
Diskoa osorik entzun nahi izanez gero, bilatu taldearen izena web orri honetako bilatzailean: www.mixcloud.com
«Euskal rapa bizirik dago», egin du aldarri 2zio taldeak
Euskaratik sortutako rapa errebindikatzen dute taldeko kideek, eta salaketa da nagusi haien aurreneko diskoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu