Euskal pentsamenduaren bila

Joxe Azurmendi Katedrak 56ko belaunaldiari eskainitako Udako Ikastaroetan euskal pentsamenduaz eta deskolonizazioaz aritu dira Ibai Iztueta eta Haritz Garmendia, eta zeri begiratu beharko litzaiokeen proposatu.

Ezkerretik hasita lehena, Haritz Garmendia ikerlaria, eta, haren ondoan, Ibai Iztueta, gaur Donostian egindako saioan. BERRIA
Ezkerretik hasita lehena, Haritz Garmendia ikerlaria, eta, haren ondoan, Ibai Iztueta, gaur Donostian egindako saioan. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko uztailaren 30a
19:00
Entzun

Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak hau erantzun zion BERRIAri, lehendakariorde batek euskaraz ez jakitea atzerapausoa ez ote zen galdegin zionean Aitor Biain kazetariak: «Nire ustez, denok gara euskaldunak, baina ez denok euskal hiztunak». Esaldi hori hizpide hartuta ekin dio solasari Ibai Iztuetak. Harentzat, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile berriaren esana ez da pasarte anekdotiko bat, «sintomatikoa» eta «sistematikoa» bilakatu litekeen zerbait baizik. Joxe Azurmendi Katedrak 56ko belaunaldiari eskainitako ikastaroaren bigarren saioa izan da gaur Donostian, eta Ibai Iztueta eta Haritz Garmendia aritu dira hizlari Euskal pentsamenduaren ikergaiak: zeri begiratu solasaldian.

Ubarretxenaren esaldiak iradoki dion analisiari heldu aurretik, halere, adiskideen artean entzundako eztabaida bat ekarri du Iztuetak. Haren adiskide baten aburuz, erdaraz egindako pentsamendua izan liteke euskal pentsamendua, eta erdal pentsamendurik ere izan liteke euskaraz egina izan arren. Hortaz, galdera bat dator atzetik: nork esan lezakeen erdarazko euskal pentsamendua eta euskarazko erdal pentsamendua zer diren. «Bada, hik», erantzun omen zion beste adiskide batek lehenari.

Pasarte horrek zer pentsa ugari eman dio Iztuetari; besteak beste, hizkuntzak mugarri garrantzitsu direlako, haren ustez, pentsamenduak bereizteko: «Euskaraz erdal pentsamendurik dagoenik ez nuke esango, ezta erdaraz euskal pentsamendurik dagoenik ere». Arrazoia praktikoa da Iztuetarentzat: «Hasten baldin bagara euskara azpitalde gisa proiektatzen, euskarazko espresioa azpikultura bilakatuko da automatikoki».

Kalitatea

Dena den, adiskideen ondoeza justifikatua iruditzen zaio Iztuetari; izan ere, euskaraz egiten den guztiak ez baitu berdin balio: «Euskaraz ere, alemanez bezala, badira pentsamendu ona eta pentsamendu txarra». Haren ustez, ezin baita kalitatezko lanik egin aurrekoek zer esan duten jakin gabe, eta genealogiarik, fundamentuzko kritikarik eta kontzeptu propiorik landu gabe edo besteen marko teorikoak akritikoki inportatuz. Pentsamendu txarrak «oso etxekalte» izan litezkeela iritzi dio, autoritateei eragiten dielako horrek: «Nork esan dezake ona edo txarra zer den, hik? Ez, hik ez: guk». Baieztapen horrek autoritatearen eta autoritarismoaren arteko bereizketara eraman du hizlaria: «Autoritatea irabazi egiten da, eta kolektiboa da. Kalitatearekin du zerikusia, eta landu egiten da. Autoritateak hutsik uzten duen tokian autoritarismoa nagusitzen da, eta horri lotuta, sumisioa. Hortik erreprodukzioa dator».

«Autoritatea irabazi egiten da, eta kolektiboa da. Kalitatearekin du zerikusia, eta landu egiten da. Autoritateak hutsik uzten duen tokian autoritarismoa nagusitzen da, eta horri lotuta, sumisioa»

IBAI IZTUETAIkerlaria

Ubarretxenaren esaldira itzulita, «sukurtsalismoaren bidez aplikatutako biolentzia epistemiko naturalizatua» ageri dela esan du Iztuetak, eta interferentzia ere ikusi du: «Euskaraz euskal herritar, euskal hiritar eta euskaltzale hitzak baditugun arren, hark erdaraz pentsatutako vasco hitza dauka gogoan». Bide horretarik «desautorizazioa» eta «desjabetzea» besterik ez dago, Iztuetaren aburuz: «Inklusioaren izenean egiten dela esaten da, baina hemen asimilazioa dago, euskaldun hitza denontzat erabiliz gero euskal hiztunen taldea izenik gabe uzten delako, eta izenik ez duenari izana ukatzen zaiolako». Hiztun komunitate bati ez ezik, nazio bati ere egiten zaio desjabetzea, azpimarratu duenez.

Euskal pentsamendua

Joan Mari Torrealdaik jada 1969an formulatu zuen galdera bati heldu dio Haritz Garmendia ikerlariak: «Bada euskal pentsamendu garaikiderik?». Urte haietan, literatura, aldizkari berriak, ikastolen sorrera eta alfabetatze kanpainak martxan jarririk, berrikuntza ikusi zuen Torrealdaik, eta berrikuntza horren motor gisa euskal pentsamenduaren hipotesia formulatu zuen. Haren bidez, kultur plangintza bat egituratu nahi zuen Torrealdaik, «bat-batekotasun horrek luzarora heriotzara eraman zezakeelako euskara», Garmendiaren hitzetan.

Torrealdaik garai hartako idazleen artean egindako inkestatik abiatuta, euskal pentsamendurik ez dela erantzun ziotenek piztu diote interesa Garmendiari: «Batzuek zioten pentsamendua indibiduala dela eta nazionalik ez dela. Baina beste batzuen ustez, ez dago euskal pentsamendurik ez delako landu». Beraz, euskal pentsamendura kultura zapaldu baten ikuspegitik hurbiltzea zen gakoa Torrealdairentzat, eta, horrenbestez, mundu unibertsalaren eta euskal munduaren dikotomia ikusi zuen ondorio gisa.

Ikastolak, alfabetatze kanpainak eta euskara hauspotzeko gainontzeko mugimenduak sortu zituen berrikuntza, hain zuzen ere, «dikotomia hori apurtu eta beste gizatasun bat aldarrikatu izana» da, Garmendiak dioenez. Gizatasun hori, ordea, ez dago legitimatuta. «Espainiako eta Frantziako gizatasun modernoak ez diolako tokirik uzten, eta 56ko belaunaldiak hain zuzen horregatik pairatu zuen horrenbesteko biolentzia».

«Euskal esperientziak hautemateko eta euskal pentsamendutik argitara emateko gaitasuna galtzen ari gara»

HARITZ GARMENDIAIkerlaria

Gizatasun bat legitimatzeaz gainera, ekosistema bat eratzea izan du helburu kultur proiektuak, baina habitata desagertzen ari dela azpimarratu du Garmendiak, eta horren erruz pentsatzeko, sentitzeko eta egoteko moduaren asimilazioa gertatzen ari da euskal nortasunaren barruan: «Euskal esperientziak hautemateko eta euskal pentsamendutik argitara emateko gaitasuna galtzen ari gara». Horren harira, euskal pentsamendu dekoloniala sortu eta jabekuntza epistemiko bat garatu beharra azpimarratu du, eta horretarako, euskara batua, ikastolak, literatura eta gainontzeko berrikuntzak nola dauden ikusi beharko litzateke. Torrealdairen galderari buelta ematea proposatu du: «Berrikuntzaren atzean zer sumatzen zen galdetu zuen hark, eta euskal pentsamendua ikusi. Berrikuntza horren kimatze eta deslegitimatze horren atzean zer dagoen galdetuko nuke nik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.