Euskal PEN klubak nazioarteko agintariei dei egin die Ukrainako gerra ez erabiltzeko aitzakia gisa adierazpen askatasuna murrizteko. Urtzi Urrutikoetxea ordezkariarekin mintzatu da BERRIA. Urrutikoetxeak eta Laura Mintegik hitz egin dute asteazken iluntzean, eta azken egunotan Errusia zigortzeko asmoz hartu diren hainbat neurri dituzte hizpide. Sortzaile errusiarrei boikot egiteko deiaz eta Europako Batasunak Errusiako hainbat hedabideren lana oztopatzeko harturiko neurriez mintzatu dira. «Zure antipodetan dagoen jendearen adierazpen askatasuna defendatu egin behar da».
Horrez gain, Pablo Gonzalez kazetaria hartu dute gogoan. Poloniako agintariek atxilotu egin zuten duela bi egun, eta inkomunikatuta daukate oraindik, «Poloniaren interesen kontra» egitea egotzita. Salatu dutenez, Ukrainako eta Espainiako zerbitzu sekretuek elkarri lagundu diote Gonzalez kazetariaren atxiloketan. Gerraren aitzakiapean adierazpen askatasunaren aurkako adibide gisa jarri du Euskal PEN klubak gertaera hori.
Nazioarteko PEN klubak gutun bat plazaratu du aste honetan, Ukrainako sortzaileei zuzenduta, sostengua eta elkartasuna agertzeko, Errusiaren inbasioa dela-eta, eta sarraskia berehala gelditzeko eskatzeko. Mila idazlek, artistak eta Nobel saridunek baino gehiagok sinatu dute gutuna.
Sinatzaileen artean daude Urrutikoetxea eta Mintegi, baita Uxue Alberdi, Kirmen Uribe, Miren Agur Meabe idazleak eta Teresa Toda kazetaria ere.
«Bake deialdiarekin bat egitea erabaki dugu», esan du Urrutikoetxeak. Adierazi du PEN kluba Ukrainako kideekin harremanetan dagoela, eta, besteak beste, hitzaldiak-eta egiten ari direla haiekin, Internet bidez.