Cira Crespo.
Lauhazka

Euskal musikaz

2024ko martxoaren 10a
05:10
Entzun

Niri, jendearen gehiengoari bezala, musika gustatzen zait, baina, musikaren lengoaiari dagokionez, analfabetoa naiz. Ez dakit partitura bat irakurtzen, ez dut batere ondo afinatzen, ez ditut notak ezagutzen. Baina, hori bai, latinezko esaldi hark dioen gisan, gizakiarengandik datorrenik ezer ez zait arrotza, eta gizakiek sorturiko zernahi dela bide nago hunkitzeko prest.

Jarrera honekin hasi nintzen Kataluniako musikaren antologia sentimentala (Antologia sentimental de la música catalana, Peu de Mosca, 2022), Joan Magranéren liburua, irakurtzen. J. Magrané gaur egungo musika klasikoko konpositore katalan garrantzitsuenetako bat da. Liburuan bere konpositore katalan kuttunenak biltzen ditu, eta atseginez, horietako bakoitzak berarentzat zein esanahi daukan azaltzen digu. Liburua irekitzerakoan, Raül Garrigasaiten hitzaurrearekin egin nuen topo, nire pentsalari katalan gogokoenetako bat. Garrigasaiten gogoeta batzuk nahi nizkizueke hona ekarri:

«Ez dago ezer hutsalagorik aldarrikapen iraultzaile bat egitea baino: zailena errealitate baliotsu bat sortzea da (...) historia bat konkretatzea —iraganeko itxaropenak eta etorkizuneko magnetismoa— inguruko haizeari dar-dar eginarazten dion lan artistiko baten bidez. Berdin da goi edo behe kultura den: kontua potentzialitate ezezagunak ezagutzean datza, (...) garai guztietako hondakinen eta monumentuen artean, misterioaren printzipioak aurkitzea».

Hau da, J. Magrané artistaren ibilbidearen eraikuntzan, gakoa bere herriaren musikaren potentzialitatea eta balioa zein izan diren ulertzea izan da. Baina, Euskal Herriari dagokionez, zein dira gure monumentuak? Zein gure ondarea? Non bilatu behar ditugu gure misterioaren printzipioak? Non daude arakatu behar ditugun harriak? Hauek dira, niretzat, oinarrizko galderak.

Euskal Herriari dagokionez, zein dira gure monumentuak? Zein gure ondarea? Non bilatu behar ditugu gure misterioaren printzipioak? Non daude arakatu behar ditugun harriak?

Horretaz pentsatzen hasi nintzenean, Maite Idirin etorri zitzaidan niri burura. Kantagintzan urte askoan ibili ondoren, musikaren modak aldatu zirenean, bere ibilbidea aldatu behar izan zuen. Izango zituen galdera hauek bere buruan? Pentsatuko ote zuen horri buruz? Maite Iridin, herrigintzan kantuz (UEU, 2023) liburuan zehaztasun batzuk ematen dizkigu:

«Nire kantugintzan eman zen aldaketa horretan bizpahiru elementu azpimarratu behar dira. Liburuaren artean nenbilela, asko irakurtzeko aukera izan nuen eta horrela ezagutu nuen Azkue, eta Aita Donostiaren kantutegiak, Arana Martijaren Euskal Musika...».

Niri ere interesa piztu zitzaidan. Idirinek aipatu erreferentziak apuntatu nituen, eta Gasteizko nire liburutegi faboritora abiatu nintzen. Pentsatzen nuen bezala, han zegoen, Florida parkeko Aldekoa liburutegian, Euskal Musika, J. A. Arana Martijaren liburua. Oso liburu arina da, dibulgaziozkoa guztiz. Nabaritzen zaio 80ko hamarkadakoa dela, duela berrogei urtekoa, baina gustatu zait euskal musikaren gaia ondo kokatzen duelako Europaren korrontearen artean. Ez hori bakarrik, liburuak euskal musika ez du musika herrikoiaren esparrura mugatzen, baizik eta euskaldunek egin duten musika oro hartzen du euskal musikatzat. Goi eta behe, zahar eta berri, guztien artean osatzen da euskal kultura.

'Euskal Musika' liburuko irudia (J. A. Arana Martija, 1985)
'Euskal Musika' liburuko irudia (J. A. Arana Martija, 1985). BERRIA

Jarrai dezagun arakatzen. Hara hor liburu horretan aurkituriko pasarte bat:«(Euskal Musikaren) lehen bilduma, laburra baina ondo sailkatua, 1869an Julie Adrienne Karrikaburuk Souvenirs des Pyrénées izenburuarekin argitaratu zuena da».

Karrikaburu andrea, aspaldiko! Hara hor beste datu interesgarri bat. Duela ez asko bere bizitzari buruz pixkaren bat ikertzen aritu nintzen, eta datu guztien arabera, emakume biziki azkar eta aurrerakoia izana behar zuela jabetu nintzen. Giro aberats batean bizi zen Julie Adrienne, eta hala ere, ez zen aberatsen artean aditzen zen musikaz puztu. Beste interes batzuk zeukan, eta erabaki zuen gauza baliotsu bat egitea: bere herriko kantak ezagutzea eta euskal musikari eskainitako liburu garrantzitsu batean antolatuta argitaratzea.

Musikari buruz pentsatzen ari nintzela, zer eta, kasualitatez, biografia bat iritsi esku artera: Egañazpi, ezink esan polita ez dela (EHTE, 2023, Gorka Erostarbe). Nik, musika-analfabeto katalan honek, pentsa dezakezuen bezala, ez neukan arrastorik ere zein ote zen Egañazpi; tira, ez Egañazpi ez trikitixaren munduko beste inor ere. Baina, hala ere, izugarri gustura irakurri dut. Egileak, Van Morrisonen eta elizaren kanpaiaren laguntzaz, gizon baten historia kontatzen digu, eta, bide batez, historia on guztiak bezala, herri baten historiaren zati bat.

Eta, zuek non arakatuko zenukete zuen misterioaren printzipioen bila? Non aurkitzen dituzue zuek durundi egiten dizueten artelan horiek? Azken bolada honetan, non entzun dituzue potentzialitate ezezaguneko melodia horiek? Hemendik gertu?

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.