Euskal musikaren transmisioa, ikasgelan

23 euskal musikarik hitzaldiak eta kontzertuak egingo dituzte Nafarroako 37 zentrotan, Musikariak Ikastetxeetan programaren barruan. Musikaren bitartez euskara eta euskal kultura sustatzea du helburu zikloak.

Programan parte hartu behar duten musikarietako batzuk, urrian aurkezpena egin zutenean. NAFARROAKO GOBERNUA.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Musika da gazteek euskaraz gehien kontsumitzen duten kultur produktua. Hori baliatuz, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak programa bat antolatu du hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bultzatzeko: Musikariak Ikastetxeetan. Urriaren 26an hasita eta abendura bitartean, 23 musikarik emanaldiak egingo dituzte Nafarroako 37 zentrotan, 14 eta 18 urte bitarteko ikasleentzat. Horietan, kontzertu txiki bat eskaintzeaz gain, sortzaileak euskal kulturaren inguruan mintzatuko zaizkie gazteei. Antolatzaileak «pozik» daude egitasmoak izandako erantzunarekin, parte hartzeko aukera zuten zentro gehienek eman baitute izena.

«Musika da gazteek kulturarekin duten loturarik handiena. Beste arlo batzuekin geroago lotzen dira; musika, berriz, etengabe dago haien bizitzan», adierazi du Alberto Barandiaran Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Euskara Saileko kideak. Hori dela eta, egokia iruditu zaie atxikimendu hori baliatzea euskal kulturaren inguruko ezagutza sustatzeko.

Hala ere, Barandiaranen arabera, gazteek musikaren esparruan dituzten erreferenteen artean gutxi batzuk baino ez dira euskaldunak. Zikloaren bitartez, hori aldatzen saiatuko dira: «Erakutsi nahi dugu denok ezagutzen ditugun hiru edo lau izenez gain musikari interesgarri asko dagoela eta berri asko sortzen ari direla».

Harekin bat dator Olatz Salvador abeslaria ere. Musikariak Ikastetxeetan programan parte hartuko duen artistetako bat da, eta «beharrezkoa» ikusten du gazteei euskal musikaren ibilbidearen berri ematea: «Geldialdi bat egin behar dugu, eta ikusi hemen egin den ibilbidea, belaunaldi berriek agian ez dakitelako zer izan zen Euskal Rock Erradikala, edo nor zen Mikel Laboa. Guretzat hori ikaragarria da, baina onartu behar dugu hori dela datorrena».

50 minutuko saioak egingo dituzte ikasgeletan, bi ataletan banatuta. Lehenik, artista hainbat gairen inguruan mintzatuko zaie ikasleei: euskal kultura nola ulertzen duen, panorama horren barruan non kokatzen duen musika, kantak sortzeko prozesua nolakoa den, zein harreman duen idazleekin eta haien hitzekin... Ondoren, kontzertu txiki bat eskainiko die, eta, amaitzeko, galderetarako tarte bat irekiko du, ikasleekin hartu-eman zuzena sortzeko. Sortzaile bakoitzak erabakiko du nola egingo duen ekitaldia.

Ikastetxeek ongi erantzun dute. Programa soilik D eta E ereduko DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleentzat da, eta baldintza horiek betetzen dituzten zentro gehienek eman dute izena: 37k. Barandiaranek ikastetxe horien ahalegina azpimarratu du: «Gauza berria denez, beti dago zalantza: konturatu behar dugu saio luzeak direla, eta horrek prestakuntza eskatzen duela».

Horren harira, musikariak egiten ari diren esfortzua ere nabarmendu du, saioek aldez aurretiko lan handia eskatzen dutelako. Hala ere, ziurtatu du sortzaileei «oso ideia ona» iruditu zaiela proiektua: «Batzuek esan digute egun musikariak direla inoiz musikari bat joan zitzaielako klasera eta esplikatu zielako zergatik egiten zuen musika». Horrek «polit» egiten du egitasmoa, antolatzailearen irudiko.

Olatz Salvadorri, berriz, ez zitzaion hori gertatu: hark ez zuen artisten bisitarik izan eskola garaian, baina eskertuko luke jaso izana. «Modu bat da ikusteko musikariak gertuko jendea direla, eta, interesa izanez gero, animatzeko». Skakeitan taldeko teklatu jotzailea da Salvador, eta orain dela gutxi abiatu du bakarkako bidea. Martxoan kaleratu zuen lehenbiziko lana: Zintzilik.

Altsasun, Berriozarren eta Iruñean egingo ditu saioak Salvadorrek, eta horiek prestatzen dihardu. Esan duenez, ez da lan zaila izaten ari, baina «erronka» gisa hartu du alde teorikoa modu dinamiko eta originalean egitea, ikasleak ez daitezen aspertu. Argi du zer nahi dien helarazi: «Batetik, edozein izan daitekeela gai, nahi badu, proiektu bat sortzeko; eta, bestetik, euskaraz sortzeak garrantzi handia duela». Saio horietan haiek ere ikasteko aukera izango dutela erantsi du: «Gazteekin zubiak eraikitzeak balioko digu jakiteko haiek zein interes dituzten, zer entzuten duten...».

Beste 22 sortzaile arituko dira Salvadorrekin batera zikloan: Amorante, Eñaut Elorrieta, Gorka Urbizu, Iker Lauroba, Ines Osinaga, Inun, Jon Basaguren, Joseba B. Lenoir, Joseba Irazoki, Jurgi Ekiza, Keu Agirretxea, La Basu, Maria Rivero, Mikel Markez, Miren Narbaiza, Pantxix Bidart, Pelax, Petti, Rafa Rueda, Tristtan Murgi, Xabi San Sebastian eta Zuriñe Hidalgo.

Formalizazioaren bila

Musikariak Ikastetxeetan programarekin pauso «garrantzitsu» bat eman nahi dute: euskal musikaren transmisioa hezkuntzan formalizatzea. «Badira euskara eta euskal kultura transmititzeko egitasmo asko, baina horiek modu ofizialean antolatzeko beharra dago», azaldu du Barandiaranek. Zikloaren bitartez hori lortzen saiatuko dira: «Lehen existitzen ez zen harreman bat sortu nahi dugu». Alde horretatik, arduradunak uste du proiektua «aitzindaria» izango dela. Harekin bat dator Salvador: «Saioak modu antolatuan egiteak —Hezkuntza Departamentuak dituen baliabideekin— pila bat errazten digu lana musikarioi; hori zen falta zena: egitura».

Hasiera batean programa urrian abiatzea aurreikusten zuten, baina, aurreneko aldia izanik, epeak atzeratu dira. Azaroan emango diote hasiera, eta urte amaierara arte iraungo du. Antolatzaileek argi dute guztia ongi aterako dela, Barandiaranek adierazi duenez. Izan ere, ikastetxeen erantzunak erakutsi du «beharrezkoa» zela halako egitasmo bat sortzea. Aurrera begira, programa sendotzen eta finkatzen saiatuko dira. «Ez genuke nahi aurtengoa zerbait bakana izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.