Euskal musikaren historia osoa liburu bakar batean bilduko dute hamar adituk

Historiaurretik gaur egunera arteko musika aztertuko dute, eta sinposio bat ere egingo dute. Josu Okiñena musikariak koordinatu du proiektua

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskal musikaren historia sakon eta osotasunean aztertzen duen libururik ez da aspaldian argitaratu. Jose Antonio Arana Martijak 1985ean plazaratu zuen Euskal musika, halako lanen artean azkena. Hiru hamarkadatan, baina, obra berriak sortu dituzte euskal konpositoreek, eta musikaren historiaz ere ikerketa berri ugari gauzatu dira. Horiek guztiak aztertzeko eta aurreko lanak berrikusteko beharra zegoela iritzita, liburu bat plazaratuko dute. Euskal musikaren historia izenburupean, historiaurretik gaur egunera arteko euskal musika aztertuko dute hamar adituk, eta liburu bakar batean jasoko dute guztia. Ingelesez argitaratuko dute lehenik —uda ostean—, eta euskaraz nahiz gazteleraz aurrerago. Sinposio bat ere egingo dute heldu den astean, auzian atalez atal sakontzeko. Proiektua Donostian aurkeztu zuten, atzo, Musikaren Nazioarteko Egunean.

Bi instituzioren arteko elkarlanaren emaitza izango da liburuaren argitalpena: Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiaren, eta AEBetako Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren artekoa. Josu Okiñena musikari, ikertzaile eta Musikeneko irakasleak koordinatu du egitasmoa, eta Xabier Irujo Renoko zentroaren zuzendariarekin aritu da lankidetzan horretarako. Duela lau urte, Okiñenak Renon eman zuen kontzertu baten ostean Irujorekin izandako hizketaldiaren harira sortu zen proiektua. Euskal musikaren historiako hainbat arlotako adituekin lan talde bat osatu zuten, eta horiek idatzi dituzte liburuko atalak, bakoitzak bat. Musikeneko zazpi irakaslek parte hartu dute: Elixabete Etxebestek, Sergio Barcellonak, Isabel Diazek, Gotzone Higuerak, Patri Goialdek, Itziar Larrinagak eta Josu Okiñenak berak. Beste hiru lagun ere batu zitzaizkion taldeari: Eresbil euskal musikaren artxiboko Jon Bagues eta Mark Barnes, eta Musikeneko ikasle izandako Mikel Chamizo musikaria eta musika kritikaria. Kronologikoki antolatu dute lana, eta garai bati buruz idatzi du aditu bakoitzak. Kronologia horri beste bi atal ere gehitu dizkiote, emakume musikariei buruzkoa bata, eta jazzaren ingurukoa bestea.

Okiñenaren hitzetan, «ezinbesteko mugarri bat» jarriko du liburuak auziaren inguruko ikerketan. AEBetan ingelesez halako lan bat publikatuko den lehen aldia izango dela nabarmendu du. Hain zuzen, Xabier Irujok azaldu duenez, Renoko zentroak 50 urte bete zituen iaz, eta urteotan argitaratutako 150 lanetatik 50 bat doan deskarga daitezke beren liburutegi digitaletik. Liburu berriarekin, euskal kultura ingeles hiztunen munduan gehiago hedatzen lagunduko dutela uste du. Musikenek gizartean musikaren ikerketa eta jakintza zabaltzeko duen konpromisoaren lekuko da, halaber, liburua Miren Iñarra Musikeneko zuzendariaren hitzetan. Bi zentroen artean iaz sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren lehen emaitza izango da liburua, baina elkarlanaren hasiera baino ez izatea espero dute biek ala biek.

Datorren astean, euskal musikaren historiari buruzko sinposio bat hartuko du Musikenek Donostian duen egoitzak. Hain zuzen, liburuan parte hartu duten adituek hitzaldiak emango dituzte hilaren 28 eta 29an, nork bere atalaz. Lehen eguneko saioen ostean, piano emanaldia egingo du Okiñenak. Ekitaldi guztiak irekiak izango dira, baina aurrez izena eman behar da —Musikeneren webgunean dago aukera—.

Azken egunean, liburuaren azken xehetasunak zehazteko bilera egingo dute adituek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.