Euskal musikaren historia, liburu batean laburbilduta

Musikeneren eta Renoko Unibertsitatearen elkarlanaren emaitza da proiektua. Ingelesez argitaratu dute, eta datozen hilabeteetan euskarazko eta gaztelaniazko edizioak aterako dituzte

Donostia
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Jose Antonio Arana Martijak argitaratu zuen euskal musikaren historiari buruzko azken liburua, 1985. urtean. Arlo horretan dagoen gabezia ikusirik, horri buruzko argitalpen bat kaleratu berri dute Musikenek eta Renoko Unibertsitateak (Nevada, AEB), Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. The History of the Basque Music izenburupean, euskal musika aztertu dute, modu kronologikoan. Ingelesez argitaratu duten, baina jakinarazi dute datozen hilabeteetan euskaraz eta gazteleraz plazaratuko dutela. Josu Okiñena ikerlari, pianista eta irakaslea izan da proiektu honen editore eta koordinatzailea: «Azken hamarkadetan euskal musikaren historia aztertzen duen obrarik ez dagoela antzeman genuen».

2014an sortu zen proiektua, Okiñenak Xabier Irujo Renoko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariarekin edukitako elkarrizketa baten ondorioz. Bi urte pasatu zituzten liburuaren oinarriak, gaiak eta egileak zehazten; izan ere, Irujoren esanetan, «ingelesez idatzi den euskal musikaren historiari buruzko lehen liburua da. Hori dela eta, lana erreferentzia bat izango da, eta horrek gutxieneko hausnarketa eta sakontasuna eskatzen du». Ikerketa lanetan ibili ostean, 2017an proiektua aurrera eramateko hitzarmena egin zuten bi erakundeek. «Garrantzia du, baita ere, 30 urte baino gehiagotan lehenengo aldiz gure herrialdekomusikaren historia sistematizatu delako», esan du Okiñenak.

Hamar ataletan banatzen da liburua. Lehen zazpiek musika akademikoaren kontaketa kronologikoa egiten dute, idatzizko jatorrizko testuetan oinarrituta. Lehen kapituluan, historiaurrera, Aintzinarora eta Erdi Arora egiten du atzera salto. Bigarrenean, Errenazimentura eta barroko garaira: XV. mende amaieratik hasi eta XVII. mendera bitartean egondako musika gertakaririk garrantzitsuenak aztertzen ditu. Hirugarren atalak Ilustrazioaren garaia du oinarri, eta laugarrenak, aldiz, XIX. mendeko musikan eragin zuzena izan zuten gertakizunak, baita horien harira sortu ziren musika elkarteak ere: orkestrak eta akademiak, esaterako. Bosgarren atalean, nazionalismo musikala eta elizkizun musikaren aldaketa dira mintzagai. Seigarren kapituluak frankismo garaia du agertoki, eta zazpigarrenak, berriz, trantsizio garaitik gaur egunera arteko musikaz hitz egiten du.

Azken hiru atalak kontaketa kronologikotik at daude, eta,aurrekoen aldean, gai ezberdinak jorratzen dituzte; adibidez,emakumeak historikoki euskal musikan izan duen presentzia. Okiñenak gaiaz mintzatzearen garrantzia nabarmendu du: «Historian zehar emakumeak eduki duen rola funtsezkoa bezain ezezaguna da. Musikaren munduari lotutako emakumeak eta konpositoreak izan dira, beharbada, ondorio gehien jasan dituztenak». Horrez gain, bederatzi eta hamargarren kapituluek Euskal Herrian jazzak duenpresentziaz eta kanta herrikoiez hitz egiten dute: «Badirudi euskal musikaren historiaz hitz egitean musika klasikoaz bakarrik mintzatu behar garela. Baina Euskal Herrian badugu tradizio sendo bat beste musika horiek ere kontuan hartu eta ikerketa egiteko», adierazi du proiektuaren koordinatzaileak.

Euskal musikaren historian adituak diren kideez osatutako lantalde batek egin du liburua, eta bakoitzak kapitulu bat idatzi du; tartean, Musikeneko zazpi irakaslek: Elixabete Etxebeste, Sergio Barcellona, Isabel Diaz, Patri Goialde, Gotzone Higuera, Itziar Larrinaga eta proiektuaren editore eta koordinatzailea den Josu Okiñena. Irakasle horiekin batera, Musikenerekin lotura handia duten beste lau ikerlarik ere parte hartu dute: alde batetik, Mikel Chamizo eta Itziar Navarro Musikeneko ikasle ohiek —Euskal Herriko Musikagileen Elkartearen zuzendaritzako kide ere bada Chamizo—, eta bestetik, Jon Bagues eta Mark Barnes, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko kideak.

Miren Iñarga Musikeneko zuzendariak, bestalde, musika arloko irakaskuntzan «funtsezko» liburua dela nabarmendu du. Era berean, Irujok gehitu du argitalpena «beste proiektu batzuentzako leihoa besterik ez» dela.

Liburuaren argitalpena dela eta, kontzertu bat emango dute gaur, Musikenen, 19:30ean. Han, Iñaki Artola soinu jotzailea, Maite Arruabarrena mezzosopranoa, Liana Gourdja biolinista, eta Josu Okiñena eta Iñaki Salvador pianistak arituko dira. Liburuak egin duen bezala, euskal musikaren historia errepasatuko dute kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.