Sekula baino euskal musika talde gehiago agertzen dira gaur egun plazara, Badok.eus atariko bilduma lekuko. Eskaintza jori horretan, denentzat ere zaila bilakatu da kontzertu gune eta aretoetan leku baten erdiestea. Are gehiago Ipar Euskal Herriko musikari eta kantarientzat Hego Euskal Herrian. Non ez diren Ipar Euskal Herriari espresuki zuzendu gertakari bakanetan, guti dira Hego Euskal Herriko oholtzetan dabiltzanak. Ekoizpen etxeek merkatua ibilarazten duten eta sare sozialak amu diren garaietan, nolako egoera bizi duten aipatu dute Annelise Arnaud (Orbel, Mairu, Haira), Nahia Zubeldia (Lumi, Unama), Niko Perret (Frikun, Cumbiam’bero, Kilimak) eta Jurgi Ekiza (Willis Drummond, Ekiza...) musikari eta kantariek.
Orbel taldean amateur ari dira denak, Annelise Arnaud taldekideak esplikatu duenez, nahiz eta gauzak «profesionalen moduan» egiten dituzten: diskoak plazaratu, birak antolatu. Orbelek Frantzian jo du Euskal Herrian baino gehiago, orain arte, nahiz eta euskaraz aritu. Mairu taldean, erdia profesionala da, erdia amateurra. Haira taldean, berriz, Arnaud bakarra da musika ogibide ez daukana.
«Xiberoots, Belako, Zetak, Neomak eta halako talde handientzat ez da berdin; halako talde handientzat bada sare handia, bai Iparraldean, bai Hegoaldean»
ANNELISE ARNAUDMusikari eta kantaria
Ezin dira Ipar eta Hego Euskal Herriko musika plazen egoerak alderatu, haren ustez. «Baiona eta Donostia ez dira batere gauza bera. Donostia hiri handia da». Arnaudek dioenez, musika estetiketan ere badira desberdintasunak. Iruñeko Chill Mafiaren agertzea aipatu du: «Autotunea horrela erabiltzearena hiri handietan ikusten da».
Bera dabilen musika independentearen eta publiko zabalagora iristen diren musika moten errealitateak ere ezin dira konparatu, haren ustez. «Xiberoots, Belako, Zetak, Neomak eta halako talde handientzat ez da berdin; halako talde handientzat bada sare handia, bai Iparraldean, bai Hegoaldean».
Nahia Zubeldia Lumirekin ari da nagusiki. Aitortu du ez duela halako faltarik sentitzen. Hark ere musika ez du ogibide lehena. Kontzertu franko eman dituzte Zubeldiak eta Manu Matthysek Lumirekin, baina Zubeldiak aitortu du ez direla baitezpada kontzertuka ibiltzen. «Jiten zaizkigun kontzertuak eskertzen ditugu». Are gehiago, Zubeldia ohartu da denbora batez maiz aritu direla Hego Euskal Herrian, «kasik Iparraldean baino gehiago». Ñabardurak ikusi ditu lurraldeen aldetik. Araban ez dira aritu, Bizkaian guti, eta kontzertu gehienak Gipuzkoan eta «Donostia inguruan» ukan dituzte.
«Iruditzen zait Usopopen bitartez badela saretze gehiago, interes pixka bat pizten duela eta Hegoaldetik adi egoten direla hor zer gertatzen den»
NAHIA ZUBELDIA
Musikari eta kantaria
Niko Perret musikari, konpositore eta kantaria da. Cumbiam’bero eta Frikun taldeen eramailea da, eta azkenaldian Kilimak taldearekin ere jotzen du. Horrez gain, soinu eta argi teknikari lanak egiten ditu. Euskal Herriko oholtza zenbait baditu erabilirik, eta gaian sartu da zuzenki. «Kontzertuak egiteko lekuak gutitu dira. Ez da aski erratea: ‘Hegoaldean ez dituzte Iparraldeko taldeak programatzen’». Uste du kontzertu areto ziren leku batzuk ez direla gehiago. «Azpeitiko San Agustin kulturgunea bezalakoak izan dira anitz, lehenago». Horri gehitu dio dauden aretoek ere trumilka proposamen errezibitzen dituztela alde guzietarik musika taldeen partetik. «Ez dituzte denak begiratzen ere. Nola nahi duzu?». Orduan, zaila da jakitea norengana jo, nola egin, harreman sare zuzenik ez denean.
Harreman sarea
Euskal Herri mailako harremanen munta aipatu dute denek. Eta horretaz zerbait badaki ibilbidea eten duen Willis Drummond taldeak.
Baliteke Willis Drummond Ipar Euskal Herriko azken musika taldea izatea hain epe luzean Hego Euskal Herrian egonkortu, publiko bat egin eta kontzertu andana ematen ibili dena. Jurgi Ekiza talde ohiko kantari eta gitarristak gogoan du ez zela berehala etorri. Willis Drummondek 2004 hondarrean eman zuen lehen kontzertua. «Lehen bi urteetan kasik Iparraldean baizik ez genuen jo; gaztetxe, ostatu eta leku alternatiboetan bakarrik», erran du Ekizak. Gogoan du Irungo (Gipuzkoa) Moskuko plazako Deportivo ostatuan eman zutela Hego Euskal Herriko lehen kontzertua, eta iduritzen zaio Rafa Rodrigo gitarrista irundarra taldean izateari esker izan zela. Harreman sarea izan zen hastetik arrazoia. «Azken finean, hori da gakoa».
Gogoan du ondoko hedadura ere saretzeari esker izan zela. Willisen lehen diskoak aipua izan zuen Hala Bedi irratiak Mundo Sonoro-Zarata aldizkarian zeukan orrian; «5 disko hoberenetan» sartu zuen, «eta kontzertu bat antolatu ziguten Gasteizen».
Ondotik, gauzak erraztuko zizkien hautua egin zuen talde zenak: Irungo Bidehuts diskoetxean sartzea. «Garrantzi handia du; horri esker ere jo dugu hainbeste Hegoaldean. Lisaborekin jotzera gomitatu gintuzten hastapenean, eta, Bidehutsekin izanez, gure diskoak aipatuak izan ziren Hego Euskal Herriko prentsan». Diskoetxeen xuhurtzearekin, horretan ere egoera bestelakotu da. «Denak bilakatu gara nork bere proiektuaren sortzaile eta eramaile. Eta bakarrik eramaten ditugu. Berdin, sare bat desagertuz joan da horretan».
«Denak bilakatu gara nork bere proiektuaren sortzaile eta eramaile. Eta bakarrik eramaten ditugu. Berdin, sare bat desagertuz joan da horretan»
JURGI EKIZAMusikari eta kantaria
Zubeldiak ere aitortu du Lumirekin diferentzia bat ikusi zutela bigarren diskoa Usopopekin plazaratu zutelarik. Hego Euskal Herrira iritsi zen errazkiago. «Iruditzen zait Usopopen bitartez badela saretze gehiago; interes pixka bat pizten duela, eta Hegoaldetik adi egoten direla hor zer gertatzen den». Zubeldiak badaki, halere, sare ttipia dela.
Hego Euskal Herriko musikazale batzuek Usopop, EHZ edo Atabal dela medio, Ipar Euskal Herrian gertatzen denari erreparatzen diote, Zubeldiaren ustez. «Jadaneko, Usopopek antolatzen dituen ekitaldietara Hegoaldeko jende franko etortzen da, eta adi egoten dira». Lumi bezala, Orbel, Haira, Bloñ eta halako taldeen berri jakin dutela dio. «Ohartzen dira badirela proposamen originalak, bakoitza bere nortasunarekin. Arreta zerbait pizten ari dela iduritzen zait». Publiko hori bada, baina «mugatua» da, eta «balitzateke saretze beharra», Zubeldiaren ustez.
Mairu eta Hairarekin, Urruñako Maita Kultura elkartearekin ari dira elkarlanean, Arnaudek aipatu duenez, eta horren bidez saiatzen dira beren burua ezagutarazten Hego Euskal Herrian. «Nahiz eta Maita Kulturak egiten duen lan, kontzertuak ez dira hainbeste ateratzen». Peio Erremuzpe eta Paxkal Irigoien taldekideek Hegoaldean duten sare handiari esker lortzen du zabalkunde doi bat gehiago Hairak. «Nolabait, bakoitzaren sarearen araberakoa da Hegoaldean jotzearen aukera», ondorioztatu du Baionako musikariak. Azkenaldian, Bloñ taldea ari da musika independentean kontzertu gehien ematen Hego Euskal Herrian, eta saretze horren erakusle dela iduritzen zaio.
«Parametro bat baino gehiago» aztertu behar dira, Perreten ustez, egoera haztatzeko. Lehenago musika munduan harreman sare gehiago bazela iduritzen zaio, Ekizaren gisan. «Unibertso eta sare gehiago baziren: talde famatuena, erdiko talde multzo bat, eta talde eta leku alternatiboak». Perreten arabera, azken bi multzo horiek dira gutitu. Herriko bestetan, konparazione, eredu bat nagusitu da: «Adibiderako, Zetak bezalako talde ezagun bat eta DJ bat». Leku alternatiboetan ere DJen sartzea ikusten du.
«Zuek Frantzian!»
Nahiz ez den lehen oharra izan, elkarrizketatu guziek aipatu dute Hego Euskal Herrian ibiltzen direlarik entzun behar dituzten kalifikazioak. Lurralde ikuspegiaren aldetik zerbait galdu dela sentitu dute denek.
«Egia da batzuetan Hegoaldeak ahanzten duela badela Iparralde bat», erran du Arnaudek. Hego Euskal Herrian zirelarik, behin baino gehiagotan haien aldera entzun du Frantziakoak zirela, edo «Frantziako Euskal Herrikoak». Berriki gertatutako beste adibide bat eman du. Alex Sardui Gatibuko kantariaren adierazpenei egin zitzaien erantzunarekin agertu dena. «Erantzuteko, emazte musikari eta kantari anitzek izenpetu zuten testu bat. Zerrenda horretan ez nuen Iparraldeko emazterik ikusi. Nahia Zubeldia eta Maia Iribarne [Bloñ, Habia] deitu nituen, eta biharamunean baizik ez zuten jaso... lotura bat». Halako bat zaio Arnaudi aldi oro azken puntan pentsatzea Iparraldeari; «baina, berdin normala da, eta Baionatik ikusten ditut gauzak.
Lurralde ikuspegiaren desagertzea hauteman du Perretek ere, Arnaudek bezala. Hego Euskal Herrian ibiltzen delarik, «askotan» entzuten du «euskal frantsesak». Horrez gain, folklorekeriatik hurbil den zerbait sentitzen du: «Iparraldean garela azken mohikanoetarik». Hori, «Anje Duhalde, Niko Etxart» eta halako aitzineko belaunaldiko Iparraldeko artistei begira gertatzen dela dio.
Zubeldia ber gisan ohartu da Hego Euskal Herriko emanaldi batzuetan bazela «exotismo» aire bat Ipar Euskal Herriko talde bat jinarazterakoan. «Iparraldea» gomit den gaualdi batzuk izan dituzte, eta « taldeen artean koherentzia batere xerkatu gabe egin programazio pixka bat bitxiak» ikusi ditu. Zubeldia ohartu da, halakoetan, «irizpide bakarra Iparraldekoa izatea» dela. Kontrako efektuaren mentura ere sor dezake: «Iparraldeko guziak batean ematen badituzu, ez dakit Iparraldeko talde bat Hegoaldean ezagutarazteko manera onena den». Estiloaren arabera, Hego Euskal Herriko edo kanpoko beste talde batzuekin nahasirik kanore gehiago baluke. Horiek hola, Zubeldiak berretsi du Lumirekin segurik ez dutela pleinitzekorik.
Duela hogei urteko Euskal Herriko testuinguru politikoa aipatu du Ekizak, aldaketa adierazteko. Hastapenetan, gaztetxe eta mundu abertzaleko guneetara deitzen zituzten Willisekoak. «Iduritzen zait bazela nazio ikuspuntu handiagoa. Inportantea zitzaien Iparraldeko talde bat ere etorraraztea».
Euskal gatazkak izan duen bilakaerarekin lotu du. «Borroka armatuaren bukaerarekin eta ziklo berriarekin, nazio diskurtsoa anitz desagertu da, baita politika munduan ere. Euskal Herrian eta kanpoan ere, herria eta independentzia borroka ez da modan». Horri gehitu zaio COVID-19aren pandemia, eta, Ekizaren ustez, aldaketa bat gertatu da. «Hetsi digutenean muga zenbait hilabetez, urteetan muga errazki pasatzeko eraman genuen borroka gelditu da; eta berriz ireki denean ez da itzuli. Hala iruditzen zait».
Lan egin behar da
Ekizak uste du muga gainditzeko gogoa behar dela, eta lan bat eraman. «Guk helburu eta asmo hori bagenuen: egiazko ezagupena Euskal Herri mailan jotzea zitzaigun». Eta baldintza xumeetan aritu dira zenbait urtez. Horretan ere, berdin, garaiak doi bat aldatu direlakoan dago. «Diru biziki guttirekin bizitzen ginen garaian; kontzertu guziak hartzen genituen eta taldean inplikatzen ehuneko ehunean». Kontzertuko saria bide gastuetan xahutu behar bazuten ere.
«Orain indar handia egin behar dugu sare sozialetan kontzertu bakarra lortzeko. Beste lan bat da hori. Eta ez baduzu zuk egiten, eta ongi, zure taldea ez da ibiliko»
NIKO PERRETMusikari eta kantaria
Industria den puntutik, nork bere taldea edo lana saltzeko eredu bat ere inposatu da musika munduan, Perretek azpimarratu duenez. Sare sozialek, marketinak leku handia dute gaur egun. «Indar handia eman behar dugu, orain, sare sozialetan kontzertu bakarra lortzeko. Beste lan bat da hori. Eta ez baduzu zuk egiten, eta ongi, zure taldea ez da ibiliko». Edo horretan ari den enpresarekin kontratua egin behar da. «Argazkilari bat, bideo talde bat, sare sozialen kudeatzaile bat behar duzu».
Horiek oro erranik, ez da batere kexu Perret. «Frikunekin, adibidez, badakigu nitxo batean garela, eta asumitzen dugu». Emanaldi guti izanik ere, nahi duten moldean aritzea zaie inporta.
Denek desiratzen dute, halere, harreman sare azkarragoa Euskal Herriko euskal musikarien artean. Baina «nork eginen du?», galdetu du Perretek; «zaila da, teknikoa da, denbora behar da». Eta dudak ditu Ipar Euskal Herriko musika taldeak zinez horretan direnez. «Ez dakit prest garenez. Ez dakigu zer nahi dugun». Bakoitza bereari ari da, baina zabaltzeko, horretan indar egiteko nahikundea behar da. «Hegoaldekoak bai, horretara prest dira». Perreten ustez, bukatua da urteetan, leku guzietan, merkerik kontzertuak eginez arrakasta batera heltzeko ahaleginen aroa. «Sare sozialekin aldatu da hori. Willis Drummond, hain segur, Ipar Euskal Herriko azken taldea da hori lortu zuena».
Pista batzuk eman ditu Arnaudek. Urruñako Maita Kultura zubia zaio, baita Badok.eus plataforma ere bai. «Badok-en baduzu zerrenda oso bat: zer ateratzen den, bideoklipak, nork non dituen kontzertuak... Zinez inportantea da!». Aipatu du ere Donostiako Balio Dute musika kolektiboa.
Erakundeen aldetik Musika Bulegoaren saiakera gogoratu du Arnaudek. Euskal Herriko musika alorreko ordezkarien elkarteek osatu bilgunea da, Eusko Jaurlaritzak lagundurik. «Musika Bulegoa Euskal Autonomia Erkidegoko tresna da, baina iduritzen zait Euskal Herri osoa baduela helburuetan». Iparhots egitasmoa zaio horren lekuko. Musika sortzaileentzat «egonaldiak pagatzeko dispositiboa da». Ekhi Lambert Irulegiko (Nafarroa Beherea) sortzailea izan zen lehena, iaz, egonaldi horietarik egin zuena. Aurten, Baionako RTZ rap taldeak ditu horri esker egonaldiak egin Miarritzeko (Lapurdi) Atabalen eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamon. «Beharbada, interesgarria litzateke hori handitzea; mugaz gaindiko zinezko tresna bat sortzea».
Eskaintzaren joritasuna denek pairatzen dute
Gotzon Uribe Bilboko Kafe Antzokiko programa egilea da. Euskal musikaren oholtza aspaldian ezagutzen du, eta Ipar Euskal Herriko taldeen presentzia murritza ez da gaurko kontua, haren ustez. «Hegoaldean bizi garenoi asko kostatzen zaigu Iparraldeko taldeen berri izatea», aitortu duenez.
Nekezia hori esplikatu du Uribek. Hego Euskal Herrian badagoela jadanik «ekosistema musikal osatu bat». Uribek dioenez, badira agenteak, diskoetxeak, promozio enpresak, manager edo kudeaketa enpresak eta komunikabide sare handia, «guretzat oso eskura dagoena». Eta ekosistema horretan, nolaz ez, «Hegoaldera begira lan egiten dute».
Funtsean, arazoa ez dute Ipar Euskal Herriko taldeek bakarrik. «Sare horretan sartzeko Hegoaldeko taldeek ere —eskaintza handia dago— zail daukate; pentsa Iparraldekoek». Kafe Antzokiko arduradunak argi du taldeek berek jakin behar dutela lan egiten ahal bezainbat lekutara heltzeko. Ipar Euskal Herrian, hark ere Willis Drummonden adibidea eman du froga gisa. «Kafe Antzokira hasieratik etorri ziren. Gure kasuan, Bilbon eta Bizkaia aldean pixkanaka sartzen hasi zen gerora denok sobera ezagutzen dugun taldea bilakatu direlarik».
Baina gaur egungo taldeak ere etorri dira Kafe Antzokira, berriki. «Orbel taldea izan dugu; udan, Algaran Zetkin taldekoak aritu dira, eta Xiberoots moduko talde batentzat ere esango nuke badagoela aukera Hegoaldean».
Profesionalizazioa
Uribek ez du hain argi ikusten lurraldetasunaren kontzientzia eskasarena. Uste du aldaketa nagusia eskaintzaren ugaritzea dela. «Hegoaldean inoiz baino talde gehiago daude orotara, komunikatzea inoiz baino errazago dago, eta sortzea, kantuak egitea edo talde bat izatea inoiz baino eskuragarriago dago». Horrek luke zailtzen nabarmentzea.
Merkatua bera eta moldeak aldatu dira harekin. «Lehen galbahe batzuk zeuden: jorratzen zen estiloa, diskoetxea izatea, jarraitzaileak, ibilbide bat», adierazi du Uribek. Gaur beste bide batzuek gaina hartu dute. «Momentu oro ari dira proposamen berriak sortzen, bakoitza bere dinamikekin. Taldeen ibilbideak ere efimeroagoak dira». Merkatuari begirako ikuspegia barneratu dute, gainera, musika talde askok. «Talde batzuek profesionalizatu nahi dute, eta horretarako bideak eta diru inbertsioak egiten dituzte; beste batzuek modu xumeagoan jokatzen dute, eta beste batzuek autogestioaren bidea hartzen dute». Egoera «asko eta askotarikoak» ikusten ditu.
Horiek horrela, Uribek ez du baztertzen balitzatekeela xendra bat lantzekoa, elkarlanetik: «Agenteek denak batera pausoak eman behar dituzte eszena saretuz joateko».