Biltegiko hirugarren aretoan daude, kutxa gris solemne batzuek babestuta. Jantziek, ordea, ezer ez dute solemnetik. Euskal Museoko kanpo biltegiko teknikariek kutxak ireki ondoren, agerian geratu dira brodatu horiekin apaindutako traje berde bat eta, aldameneko kutxan, soineko urdin deigarri bat. Baina are deigarriagoa da parean dutena, tamaina gorabehera ez dena museoko bildumaren parte, ezpada haren jagole: IG-55 gasez betetako dozena bat bonbonako sorta.
Aretoko pieza zaurgarriek—oihalak, paperak, pinturak eta argazkiak— kalterik jaso ez dezaten bermatzen dute bonbonok. Sua piztuz gero, bertako gasa askatu eta oxigenoa ordezkatzen du aretoan, garrak erregairik gabe gera daitezen eta, ondorioz, sua amatatu dadin. «Hiru minutu daude irteteko», azaldu du Ziortza San Pedro museoko kontserbatzaileak, eta, haren asmoa datu bat ematea den arren, aierutzat jo dute kasik biltegira bertaratutako kazetari andanetako gutxi batzuek.
Orotara 1.150 metro koadro ditu almazenak, eta bazter horretan gertatzen den uztarketa adibide egokia izan daiteke proiektu osoa azaldu, edo, bederen, laburbiltzeko. Izan ere, «ehunka urteko bilduma XXI. mendeko teknologiarekin batu» dute Zamudion (Bizkaia) kokatutako biltegi berrian, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez. Euskal Museoa handitzeko asmoa dutenez, museoko bederatzi biltegiak erabiliko dituzte erakusketa areto moduan etorkizunean, eta, horrenbestez, beste toki bat bilatu behar izan dute orain arte bertan gordetako bildumarentzat.
Iazko martxoan zen hastekoa proiektua, eta itxialdiaren lehenengo hilabeteak dokumentazio lana egiteko aprobetxatu zuten museoko teknikariek. Piezak ekainean hasi ziren lekualdatzen eta, ia hamar hilabeteren ondoren, Euskal Museoaren funtsaren erdia eraman dute dagoeneko kanpo biltegira. 25.000 pieza guztira, banan-banan lekualdatu, aztertu eta, beharrezkoa izan denean, tratatu dituztenak. «Zehaztasun handiko lana da, oso berezia. Arreta, denbora eta, batez ere, ondarearekiko errespetua eskatzen ditu», Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak adierazi duenez. 50.000 pieza izango dituzte mugituak aurtengo ekainerako, epe hori baitute aurreikusita beren asmoak burutzeko. Ondoren, museoko erakusketa iraunkorretako objektuak eramango dituzte Zamudiora.
Biltegiaren aurreko azterketa teknikoa, lekualdatze eta kontserbazio lanak eta bestelako gastuak finantzatzeko 1.764.858 euro inbertitu dituzte Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azken hiru urteetan, eta emaitza «bildumen kudeaketari dagokionez» espazio aurrekaria dela esan du Aiarzak; halaber, museoaren «berritze integralean oso garrantzitsua den urrats handia» iritzi dio kanpo biltegiari.
Izan ere, ondarearen eta teknologiaren uztarketarekin jarraikiz, bildumako piezen trazabilitatea, kokapena eta kontsulta errazteko aprobetxatu dute proiektua. QR kode bat du bai objektu bakoitzak, baita kokapen bakoitzak ere —hala nola moduluak, apalak, tiraderak eta pertxak—, eta, PDA gailuari esker, pieza non dagoen jakin ahal izango da zehazki. Etorkizunean ere objektuen mugimenduak kontrolpean edukitzeko baliabidea ere bada: azterketen ondoren, Euskal Museora itzuliko dira hainbat pieza, eta beste zenbait instituzioei mailegatuko dizkiete.
Museoen eta teknologia digitalen arteko harremana dagoeneko sendoa izanagatik ere, Euskal Museoa «EAEko lehena izango da informazio katea hautsi gabe museoaren bilduma lekuz aldatzen», zuzendariak azaldu duenez. Dena dela, teknologiaren izaera instrumentala gogorarazi du: «Teknologia bidea da, ez helmuga. Helburuak lortzen lagunduko digu». Aburtok bat egin du museoko zuzendariaren hitzekin: «Ondarea hobeto zainduko da, eta zabalkundea eraginkorragoa izango da. Museo moderno eta berritu gisa indartuko da».
Teknologia aplikatua
Pieza multzo bakoitzari dagozkion aretoa eta baldintzak egokitu dizkiote Zamudioko kanpo biltegian. Hala, beheko solairuan pieza handiak kokatu dituzte, eta goiko pisua txikiagoentzat gorde dute. Museoak pilatu duen 5.000 txanpon baino gehiagoko bilduma paratu dute goian, esaterako, eta beheko solairuak hartzen ditu, berriz, nekazaritza gurdien pieza solteak —desmuntatu behar izan baitituzte lekualdaketa, azterketa eta tratamendurako—, baita bonbonen aldamenean jarritako jantzi tradizionalak ere. Horrenbestez, bi solairu eta hiru aretotan dago banatuta museoko bilduma.
Erdi beteta egonda ere, biltegiak gordetzen duena bada bere horretan ikusgarria. Beheko solairuko lehen aretoan, ia gainezka daudela diruditen apaletako batean, zurarekin ondutako altzari sorta baten artetik nabarmendu du Laureano Jadorena izandako idazmahaia San Pedrok: XVI. mendekoa da, museoak dituen ondasunetatik zaharrenetakoa, kontserbatzaileak azaldu duenez. Parean ditu XIX. mendeko hainbat kutxa handi eta are antzinako sehaska mardul bat ere, denak zurezkoak. Burdinazko piezak ez ezik, zurezko objektu asko gordetzen dira lehenengo aretoan, San Pedrok azpimarratu duenez, eta horiek guztiak «anoxia» prozesu batetik igaro direla jakinarazi du, desinfektatuak izate aldera: «Oxigenoa kendu eta gas inertea sartzen da —nitrogenoa, argona...— egon daitezkeen intsektuak akabatzeko, larba zein intsektu heldua».
Piezon ondoko atetzarraren bestaldean daude pinturak, jantziak eta abarrak, horiek ere egokien zaizkien baldintzetan gordeta. Atea zabaltzean datorren hotz boladak azaltzen du, labur eta zehatz, baldintzok zeintzuk diren. Zuraren eta burdinaren zurruntasunetik oihalaren fintasunerako trantsizio gisa ere funtzionatzen du, ezustean.
Euskal Museoaren hedadura
Bilboko Euskal Museoa handituko dutenez, bertako bilduma Zamudioko kanpo biltegi batera lekualdatu dute. 25.000 pieza mugitu dituzte jada; beste erdia falta zaie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu