Nabarmen aldatzear dago Bilboko museoen paisaia: proposatu zenetik hamahiru urtera, Guggenheimen beste bi egoitza egin nahi dituzte Gernika-Lumon eta Muruetan (Bizkaia), eta irailean hasiko dituzte Arte Ederren Museoa handitzeko lanak, ondo bidean. Erakusteko leku gehiago izango du, halaber, Euskal Museoak: joan den martxoaren 9an erabaki zuten proposamen irabazlea, eta atzo aurkeztu zuten behin betiko proiektua museoaren klaustroan, Etnografia Museoaren eta Arkeologia Museoaren inaugurazioaren mendeurrenaren bezperan, hain zuzen. Antonio Vailloren eta Juan Luis Irigarairen arkitektura estudioak eta Jesus Moreno y Asociados museografia estudioak ondu dute Eko nekta plana, eta hamabost milioi euroko kostua izango du. Museoak 6.400 metro koadro irabaziko ditu: azalera %38 handituko da.
Sorkunde Aiartza museoko zuzendariaren hitzetan, «espazioa eta bilduma duintzea» du xede proiektuak, baita «nazioarteko erreferente bilakatzea» ere. Proposamen irabazleak museoaren sustraiei erreparatzen die, haren iritziz, baina etorkizunari begira egindako lana ere bada, orobat. Museoaren sarrera tokiz aldatuko dute ikusgarritasun handiagoa lortze aldera —Unamuno plazatik Gurutze kalera—, eta hiru espazio handiak bateratuko dituzte: beheko solairuko loturak indartuko dituzte korridore handi argiztatu baten bitartez, eta eraikin bakoitzaren komunikazio guneak ere sendotuko dituzte.
Era berean, kanpotik begiratuta eraikin multzoak itxura uniformea izan dezala erdietsi nahi dute, Antonio Vaillo arkitektoaren hitzetan: «Bakoitzaren nortasuna mantendu nahi dugu, baina talde batean integratuz, baita bisualki ere». XIX. mendeko plano bat izan dute eskura proposamena osatzeko, eta bere garaian Erruki Etxea zegoen eraikina ezarri dute multzoaren «bihotz» moduan; hura izango da eraikinen integraziorako irizpidea. Altzairua erabiliko dute konexio elementu moduan, euskal kulturan material «garrantzitsua» izan baita, Vailloren iritziz.
Forma eta edukia
Miserikordia izeneko espazioak izango du aldaketarik esanguratsuenetakoa. Hiru zatitan bananduko dute gunea, haritzaren morfologiaz eta metaforaz baliatuta: sustraiak, enborra eta kopa sinbolizatuko dituzte tokiok. Enborra, zehazki, zintzilik egongo den gela arin eta huts batean gorpuztuko dute, eta, arbolaz ez ezik, euskal historiako beste hainbat elementu klasiko ere hartu dituzte aintzat kopa taxutzeko, baserrietako pertxak eta eraikitzen ari diren ontzi bat gogorarazten baitituzte sabaian kokatuko dituzten zurezko egiturek, Vailloren ustez.
Espazio bakoitzean erakutsiko duten edukia ere baldintzatzen du haritzaren metaforak, Jesus Moreno arkitekto eta museografoaren azalpenei erreparatuta: «Sustraiek euskal ondarea hartuko dute; enborrak, diaspora, eta kopak, abangoardia, etorkizunerako begirada». Horrez gain, baliabide digitalak txertatuko ditu museoak: sustraien guneko muturretako batean, murgiltze atmosfera bat sortuko dute maketa multimedia bati esker.
Klaustroan ere aldaketak proposatzen ditu Eko nekta proiektuak. Bertako jatorrizko arkuak solairu guztietan erreplikatuko dituzte, eta leiho berriak kokatuko dituzte, erabat gardenak, bildumako piezak hainbat tokitatik ikusi ahal izateko. Bestalde, aretoak erantsiko dituzte, besteak beste euskal janzkera herrikoia erakutsi edo euskal herritarren identitate politikoaren inguruan hausnartuko dutenak.
Unamuno eraikinean ere handituko dute baliabide digitalen presentzia. Bilbok merkataritzan izandako zeresanaren bilakaera agertzen du espazio horrek, eta, berrikuntzen artean, ikus-entzunezko maketa bat paratuko dute. Halaber, eraikin berean kokatuko dute Gastrolab espazioa, gastronomiaren inguruko tailerretarako eta sorkuntzarako laborategia. Eta bertan egongo dira, orobat, aldi baterako erakusketa aretoak, bisitatu ahal izango den biltegi bat, eta jakintzarako eremu bat, esaterako.
Euskal Museo berria izango denaren nondik norakoak museoan bertan ezagutu ahal izango dira. Gaurtik aurrera, proiektuaren inguruko informazioa, planoak, infografiak eta maketa bat erakutsiko dituzte sarreran.
Aurretiko esku hartzeak
Azken urteetan, Euskal Museoan zenbait berrikuntza egin dituzte. 2016tik 2018ra bitartean, klaustroa egokitu zuten: zoladura berritu, fatxada garbitu eta kristalezko estalki bat jarri zuten eraikinean, piezen kontserbazioa errazteko. Urte berean, Gurutze kaleko Kurtze eraikina erosi zuen museoak —bost milioi euro inbertitu zituzten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak—. Iaz, kanpo biltegi bat bereganatu zuen, eta ekainean ekin zioten bildumako 50.000 piezak bertara eramateari, aztertuak eta, behar izanez gero, berriztatuak izateko; aste gutxiren buruan denak izango dituzte lekualdatuak, aurreikuspenen arabera.
Euskal Museoa, bateratuagoa
Bilboko museoak 6.400 metro koadro irabaziko ditu, hura handitzeko behin betiko proiektuaren arabera. Kanpotik itxura uniformea eman nahi diote eraikin multzoari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu