Durangoko 49. Azoka. Argizaiola saria. Anuntxi Arana. Antropologoa

«Euskal mitologiaren oinarrira joan behar da berriz, materialera»

Aurreiritziak hautsi eta euskal mitologiako istorio «izugarri ederrak» deskubritzeko gonbita egin du Anuntxi Arana antropologoak. Gaur emanen dio Argizaiola saria Gerediaga elkarteak.

SYLVAIN SENCRISTO.
Nora Arbelbide Lete.
Angelu
2014ko abenduaren 6a
00:00
Entzun

Usaian prentsan agertzen bada, genero bortizkeriaren salaketen testuinguruan izaten da bereziki. Baina Anuntxi Arana (Luiaondo, Araba, 1947) gaur argira ekarriko duena Durangoko Azokako Argizaiola saria izanen da. Ikasle zenetik euskal mitologia aztertzen dihardu. 1986an, Bidarraiko harpeko saindua. Errito eta sinesta zaharrak ikerketa publikatu zuen; 1998an, Bizkaiko mendebaldeko Orozko haraneko kondaira mitikoak: bilduma eta azterketa doktorego tesia. Jean-François Cerquandek bildu zituen istorioak berriz transkribatu izan ditu (Txertoa). Orozkotik Zuberoara, istorio bat baino gehiago berak zirela ohartzeko doia. Beti guztiak «izugarri ederrak» zaizkiolarik oraino, «laburrak, biluziak, trinkoak. Ez dute apaindurarik behar esanguratsuak izateko». Gatuzainen eta Elkarren ere argitalpenak ditu. Udaberrirako, liburu berria prestatzen ari da, hilak oinarri.

Mitoetan genero indarkeriarik agertzen ote da?

Bai. Agertzen dira familia bereko senideen arteko harreman gogorrak ere; Anbotoko anderearen kasuan, adibidez. Batzuek diote anderea Anbotoko anderea bilakatu zela amak madarikatu zuelako. Desobeditu zuen, eta amak madarikatu. Eta orduan, tzast, joan zen. Beste batzuek diote senarrak bortxaz eraman zuela elizara, ez zelarik batere elizkoi. Eta hor ere, elizara sartu baino lehenago, sutan jarri zen, eta, tzast, joan zen Anbotora. Istorioetan, oro har, bahiketa asko badira, basajaunak egiten dituenak edo laminenak. Hemengo [Ipar Euskal Herriko] lamina gehienak maskulinoak dira. Hegoaldeko jentilak izaten dira. Eta bahiketa horietatik badira haur sortuak. Zuberoako batean, adibidez, neska bat bahitu zuen basajaunak, eta haur bat ukan zuen harekin. Baina lortu zuten neska basajaunaren harpetik ateratzea. Basajauna abiatu zen haren atzetik, harrapatu nahian. Kasu batzuetan hiltzen du, edo hilarazten du. Beste batzuetan esaten dute basajauna heltzen zelarik neskatilaren etxera neska hori jadanik Parisen zela, Parisera bidalia zutela... Zenbat neskame joaten zen Parisera? Ez dakit zer ikusia duen, baina burura etortzen zait hori. Horrelakoak gertatzen ziren. Eta istorioetan bizitza errealean gertatuak agertzen dira. Ikusten da Salbatoreko Xaindiaren kasuan ere... Mendibeko istorioa da hori.

Hor ere bahiketa bat?

Neska bat gauaz atera zen aitzurrotxaren bila. Arloan utzia zuten egunaz, eta behar zuten. Orduan, mutilak esan zuen: «Norbait joaten bada haren bila, nik bi sos emanen diot». Eta neskak esan: «Ni joango naiz diruagatik». Joan zen, eta izpiritu gaiztoak hartu zuen. Airetik eraman zuen Salbatoreko kaperaraino. Hori Bithiriñatik; aski urrundik, beraz. Han pausatu zuen, batzuek diotenez bizirik. Neska horrek kapera ikusi zuenean esan baitzuen: «Salbatore, salba nazazu». Beste batzuek diote hila utzi zuela. Batzuek diote hori bahiketa baten istorioa dela; zaldun batek hartu zuela eta zaldiz eraman zuela eta, nonbait, hil zitzaiola.

Anitzetan erraten da euskal gizartea matriarkala zela, eta, usu, mitoak erabiltzen dira horren lekuko. Zuk horretaz zer diozu?

Nire eskuetan agertu istorioetan ez da horrelakorik. Irratirako lan bat egin nuen emazteez, euskal mitologiako bikoteak aztertuz. Ama-alabak, aita-semeak, aita-alabak, senar-emazteak eta beste. Bikote horietan nork zuen agintea, nor zen inteligenteena, nor zen menpekoa. Hortik atera zen emazteak direla menpeko agertzen, salbu salbuespen batzuk. Nik uste dut euskal mitologian egin beharra dagoela halako datu azterketa bat, fact-checking bat. Ez dira finkatu behar izan diren interpretazioetan. Jo beharko da berriz istorioetara, oinarrira, materialera.

Anbotoko anderea ere ikertu zenuen molde berean, ezta?

Bai, eta, nire ustez, zeruan edo panteoian halako andere handi bat izateak ez du esan nahi gero, lurrean ere, emazteek boterea dutenik.

Interpretazioak baino haratago joateko gomita egiten duzu, baina istorioak ulertzeko, agian, gakoak eskas ditugu, ez?

Batzuetan, istorioak konprenitzeko, testuingurua ezagutu behar da, bai; kultura, zibilizazioa. Nire ustez mitoek pentsatzeko funtzioa betetzen baitute. Pentsatzen dituzte bizitzan gertatzen ahal diren gauzen, egoeren, gertaeren edo ekonomiaren aldetik dituzten kezken arabera. Laminekin oso argi da hori. Laminekin dituzten harremanak, nonbait, auzoekin izaten diren harremanak dira. Liskarrak badira batzuetan; beste batzuetan, elkarren laguntza.

Baina irakaspen moralak, gutxitan?

Laminen haur minetan, adibidez, Altzürüküko bertsioan, bukaeran, begia zulatzen dio laminak emaginari, ogia lapurtu diolako. Hor duzu: ez dela lapurtu behar, adibidez? Gero, ogi zatitxo bat lapurtzea ez da lapurtzea ere... Zer da lapurtzea? Zer da hartzea? Zer eskatzea?... Laminak batzuetan tximiniatik etortzen dira, eta txitxi burruntzia eskatzen dute. Batzuetan ondo eskatzen dute, eta emazteak ematen die. Eta, horren truke, laminek soro lanak egiten dizkiete. Beste batzuetan, mehatxuka etortzen dira. Baina zer atera hortik? Bakoitzak nola irakurtzen duen.

Bada askatasun bat hor?

Bai, askatasun handia bada. Istorioak egonkorrak dira beren egituran, baina bakoitzak ematen ahal dio zentzu desberdina. Leku batean alde batera desbideratu dira; bestean, beste alde batetara.

Bidarraiko (Baxenabarre) harpeko saindua ikertu zenuen, horri lotu istorioak, sinesteak. Gaur egun oraino harpera joaten da jendea ur bila, larruko eritasunak sendatzeko. Mitoen sinesteak ez direlakoan erabat desagertu?

Sinesten da ur batek baduela sendatzeko boterea. Baina norbaitek sinesten ote du harpe horretan dagoen estalaktita hori neska petrifikatu bat dela? Hori ez dut uste.

Beharbada ez lehen graduan, baina istorioa ederra da...

Bai, ederra da... Baina sinesten ote da kristauek jainkoaren baitan sinesten duten bezala? Istorioak beti ederrak dira, izugarri interesagarriak, ikusteko jende horrek nola pentsatzen zuen eta, baina falta da sinetsiak izatea. Anbotoko andereaz, adibidez, batek kontatu dit ezagutu zuela emazte bat ikusia zuela esaten zuena. Mitoak, mito izateko, sinetsi behar dira; bestela, ipuin bilakatzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.