Euskal literaturari leiho berri bat ireki diote sarean: 'Deabruaren eskola'

Euskal literatur lanak zabaltzeko webgune bat sortu dute Irati Jimenezek, Mikel Sotok eta Esteban Montoriok. Tailerrak ere antolatuko dituzte

180 sarrerarekin abiatu du bidea Deabruaren eskola webguneak. BERRIA.
Inigo Astiz
2020ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Sarean euskal letrentzako edertasun erreserba moduko bat osatzea da Deabruaren eskola egitasmoaren sustatzaileen asmoa. Hala iradoki dute, behintzat, proiektua aurkezteko zabaldu duten mezuan: «Poemak, elkarrizketak, analisi kritikoak, gutunak, kronikak, narrazio eta eleberrietako pasarteak, fikziozko eta ez-fikziozko lanak: era guztietako testuen zatirik ederrenak biltzen ditu Deabruaren eskola webguneak, jatorriz euskaraz egindakoak eta euskarara itzulitakoak». Irati Jimenez idazleak, Mikel Soto idazle eta editore ohiak eta Esteban Montorio diseinatzaileak jarri dute abian orria, www.deabruareneskola.eus helbidean, eta astean bitan berritu nahi dituzte edukiak.

Aurrez argitaratutako lanak bilduko dituzte gehienbat, baina izango dira propio webgunerako sortutako lanak ere. Guztira, 180 sarrerarekin hasi du ibilbidea, eta zabalduz joatea da plana. Sustatzaileen hitzetan, lanak osorik irakurtzeko gogoa piztu asmo duten testu zatiak dira gehienak. Bi hilabetean behin erreportaje tematiko bat ere argitaratuko dute, eta hiru jarri dituzte jadanik irakurgai; Gernika, jazza eta prostituzioa ardatz hartuta.

Tartekako tailerrak

Testu biltegi bat baino gehiago izateko asmoa du proiektuak, halere, eta «tarteka» literatur tailerrak antolatzeko asmoa ere azaldu dute, «testuak ahal bezain ondo egiteko, ulertzeko eta aztertzeko». Interesa dutenek hilabetero zabalduko duten web postan izen emanda jasoko dute eskola horien daten eta izango dituen parte hartzaileen berri.

Sustatzaileek «sendo» ikusten dute euskal literaturak sarean duen eskaintza, eta eskaintza hori osatzea dute helburu. Diotenez, pandemiak eman die orain azken bultzada. «Berez txikia eta hauskorra den sistema batentzat, COVID-19arena oso kolpe gogorra izan da, baina Durangoko Azoka apur bat birtualari eman zaion erantzunarekin eta aurten egin diren kultur ekitaldietan agertu den jende kopuruarekin agerian geratu da jendeak baduela literatur gosea, eta gose hori osatzeko literatura aski badugula erakustera gatoz». Eta edertasuna aipatuz itxi dute gogoeta. «Beste batzuekin alderatuta, gurea literatura txiki bat da, baina, edertasunari dagokionez, infinitua, handia, itzela, amaigabea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.