Literatura

Literaturia, euskal literaturaren begia eta egia

Maiatzaren 24tik 26ra bitarte, euskal literaturaren plaza izango da Zarautz, Literaturia jaialdia egingo baitute bertan. Jaialdirako beren-beregi sortutako hiru ikuskizun estreinatuko dituzte.

Literaturiaren aurkezpena, gaur arratsaldean, Zarautzen. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Literaturia jaialdiaren aurkezpena, gaur arratsaldean, Zarautzen. IDOIA ZABALETA/ FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko maiatzaren 9a
19:30
Entzun

Udaberri giroa aprobetxatuz antolatzen dute urtero Literaturia jaialdia Zarautzen (Gipuzkoa). Aurten, maiatzaren 24tik 26ra izango da, eta antolatzaileek adierazi dute euskal literaturaz beteko dutela herria. Askotariko adin eta gustuetara egokitutako ekitaldiak prestatu dituzte. Jaialdia 2009an egin zen lehen aldiz, Larrabetzun (Bizkaia), eta, 2014az geroztik, Zarautzen antolatzen da. Lege Zaharren enparantzan, Modelo aretoan eta Etxezabala gunean izango dira jarduerak. BERRIA, beste urte batzuetan bezala, egitasmoaren hedabide babeslea izango da. Hain zuzen, euskal literatura ikusgai jartzea du helburu egunkariak, eta horregatik dihardu jaialdiarekin lankidetzan.

(B)egia da aurtengo aldiko leloa. «Begia eta egia hitzekin jolastu nahi izan dugu; azken finean, begien bitartez jasotzen baitugu egia», aipatu du Itziar Iruretagoienak, jaialdiaren antolatzaileetako batek. Gai ireki bat proposatu nahi izan dutela ere gehitu du.

Gai horretatik abiatuz, hiru ikuskizun sortu dituzte Literaturiarako. Antolatzaileek sortzaile batzuei aurkeztu zieten gaia, eta haren inguruan zerbait prestatzeko eskatu. Hiru emanaldi izatea ez da urtero gertatzen, eta Iruretagoienak esan du aurten zorte handia izan dutela: «Askotan denbora kontuengatik ez baita posible izaten». Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Erika Olaizolak (B)egira! antzezlana sortu dute, esaterako. Maiatzaren 24an estreinatuko dute, 20:15ean, Modelo aretoan.

Inuksuit izango da bigarren ikuskizuna. Antolatzaileek Patxi Zubizarretari egin zioten zerbait sortzeko gonbita, eta hark Maddi Oihenart, Antton Valverde, Mintxo Cemillan eta Malen Fernandez de Larrinoarekin batera sortu du ikuskizuna. Hainbat diziplina uztartuko ditu ikuskizun horrek. Maiatzaren 26an izango da saioa, 17:30ean, Modelon.

«Jende garrantzitsua etorriko da, eta iruditzen zait egitarau oso polita geratu zaigula». ITZIAR IRURETAGOIENA Literaturiaren antolatzaileetako bat

Hirugarren sortzailea Gotzon Barandiaran izan da, eta Galbahe. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko prestatu du. Galbahea poema liburua kaleratu berri du idazleak, eta, liburuko hitzak ardatz hartuta, ikuskizun musikatu bat egingo du; Rafa Rueda, Urdin Baraiazarra, Uxue Garcia, Mariana Blanco, Lander Bilbao eta Amaia Garciarekin batera. Zubizarretaren ikuskizunaren ondoren emango dute, 22:00etan.

Ikuskizunetarako sarrerak Literaturiaren webgunean eta Modelo aretoko leihatilan daude eskuragarri. Ordurako amaitu ez badira, ekitaldiak hasi baino ordubete lehenago ere erosi ahalko dira, leihatilan bertan.

«Guretzat ere sorpresa bat izango dira emanaldiak», kontatu du antolatzaileak. Izan ere, gehitu du askatasun osoa ematen dietela sortzaileei nahi dutena nahi duten moduan egiteko.

Jende «garrantzitsua»

Jaialdiak euskal literaturaren alde lan egiten duen pertsona edo kolektibo bat omentzen du urtero, eta, maiatzaren 25ean, Booktegi plataformari egingo diote aitortza. «Euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzeko egin duten lanarengatik omenduko ditugu», esan du Iruretagoienak. Ekitaldia azokako karpan izango da, 12:00etan.

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin elkarlanean mahai ingurua antolatu dute egun horretarako. 12:30etan Modelon izango da. Bego Montorio, Julen Gabiria eta Miel Anjel Elustondo komikien itzulpenen inguruan mintzatuko dira.

Maiatzaren 26an, «elkarrizketa musikatu bat» egingo dute Gorka Arresek, Harkaitz Canok eta Maite Larburuk. Gehiago gustatu zitzaidan aurreko zure liburua deitu diote jarduerari. 12:00etan izango da, Modelon.

Antolatzaileak pozik daude osatu duten programazioarekin: «Jende garrantzitsua etorriko da, eta iruditzen zait egitarau oso polita geratu zaigula», aipatu du Iruretagoienak.

Larunbatean izango da azoka eguna, maiatzaren 25ean, Lege Zaharren enparantzan. Azken asteetan argitaratutako liburuak ere aurkeztuko dituzte, azokaren alboan egongo den Ahotsenea gunean, hain zuzen. Horietako bat izango da Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak idatzitako Txoria hodei artean. ETB lehen eta gero. 17:00etan izango da. Guztira hamar liburu aurkeztuko dituzte Ahotsenean.

Haurrentzat ere izango da tarterik Literaturian, eta horretarako sortu zuten duela urte batzuk Literattipia saila. Maiatzaren 25ean, Inaxio Tolosa ipuin kontalariak saio bat egingo du Etxezabala aretoan: Toloren Tolokeriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.