Euskal literatura, nafarrek idatzia

Nafarroako Gobernuak 'Egile nafarren euskal literaturaren antologia'-ren bigarren atala argitaratu du. Lanak 1900etik 1975era arteko literatur uzta dakar, eta hamar adituk idatzi dute. Beste bi liburukirekin osatuko dute bilduma

Ane Eslava.
Iruñea
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
«Hutsune bat betetzea». Helburu horrekin jaso dituzte hamar adituk Nafarroako idazleek 1900etik 1975era bitartean euskal literaturari egindako ekarpena, Egile nafarren euskal literaturaren antologia-ren bigarren liburukian. XVI. mendetik gaur egunera arteko literatur lanik garrantzitsuenak jasoko dituzte bilduma osatuko duten lau liburuetan. Lehenbizikoa iazko apirilean kaleratu zuten, eta Erdi Arotik Errenazimentura arteko garaia jorratu zuen; bigarrena abenduan argitaratu zuten, eta beste birekin osatuko dute sorta. Asier Barandiaran euskal filologoak koordinatu ditu lanok, eta Nafarroako Gobernuak argitaratu.

Antologiaren atal berrian ikus daitekeen moduan, XX. mendeko euskarazko literatur lanen ekoizpena «oparoa» izan zen Nafarroan. «1900etik 1975era bitarteko produkzioa aurreko mendeetakoa baino handiagoa izan zen», zehaztu du Barandiaranek. «Horrek erakusten du garai hartan euskal kulturan jazo zen pizkundeak oihartzuna izan zuela Nafarroako azpisistema literarioan».

Nafarroan, «hainbat mugimenduk» eragin zuten euskal literaturaren iratzartzea. Barandiaranek, batetik, Nafarroako Euskal Elkargoa aipatu du: «XIX. mendearen hondarrean, elkargo horren sorrera bultzada garrantzitsua izan zen euskara eta euskal kulturarentzat, eta horrek eragina izan zuen XX. mendean ere». Arturo Kanpionek elkargoaren barruan egindako lana nabarmendu dute liburuan: «Gehienetan gaztelaniaz idazten bazuen ere, nafar ikuspegitik euskararen eta euskal kulturaren aldeko diskurtso bat garatu zuen».

Bestalde, XIX. mendearen amaieran, Bizkaian, Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuten, eta horrek ere isla izan zuen Nafarroan, Barandiaranen irudiko: «Alderdi horrek sustatu zuen euskarazkokomunikabide eta argitalpen batzuen sorrera». Horietako bat izan zen La Voz de Navarra egunkaria. 1923an hasi ziren argitaratzen egunkari hori, eta, gaztelaniaz bazen ere, orri batzuk euskaraz eskaintzen zituen. Zenbait idazle nafarrentzat euskaraz idazten hasteko bidea izan zen, eta horietako batzuk sartu dituzte antologian: Rosa Miren Pagolak Enrike Zubiri Manezaundi-ri buruz idatzi du, Jon Kortazarrek Alexander Tapiari buruz, eta Aiora Sampedrok Jose Agerreri buruz.

Vianako Printzea erakundeak egindako lana ere aitortu dute liburuan. Barandiaranek «mugarritzat» hartu du erakunde horretako kideen lana: «Saiatu ziren Nafarroako Erresumaren zenbait ezaugarri berreskuratzen, eta horietako bat galzorian zegoen euskara zen». Adibide bat aipatu du: «Beste lurraldeetan ez bezala, hemen hasi ziren saritzen euskaraz hitz egiten zuten haurrak, diru pixka batekin, modu sinbolikoan». Era berean, Principe de Viana aldizkariarekin batera, tarteka, euskarazko gehigarri bat kaleratzen hasi ziren. Antologian sartu dituzte zenbait idazle nafarrek gehigarri horretan argitaratutako testuak; Aingeru Irigarai, Frantzisko Astiz eta Perpetua Saraguetarenak. Barandiaranek berak jaso du horien lana.

Nafarroa Behereko idazleak

Hamahiru kapituluk osatzen dute lana, eta idatzitako bertsolaritzari eskainitakoak irekitzen du. XX. mende hasieran, Euskal Pizkundearen ondorioz, bertsolaritza igaro zen «euskal kulturaren periferiatik erdigunera», eta, Barandiaranek adierazi duen moduan, «Nafarroan gainontzeko euskal lurraldeetan bezainbesteko bilakaera izan zuen».

Hortaz, egileek beharrezkotzat jo dute antologian tokia ematea bertsolari nafarrei, eta aipamen berezia egin diote baxenabartar bati: Fernando Aire Xalbador-i. «Haren bat-bateko bertsotarako gaitasuna apartekoa zen, baina idatziz ere maisuki josten zituen bertsoak», irakur daiteke lanean. Bizi zelarik, Xalbadorrek bi bertso bilduma argitaratu zituen: Ezin bertzean (1969, Auspoa) eta Odolaren mintzoa (1976, Auspoa); eta beste bat hil ondoren: Herria gogoan (1981, Auspoa). Liburuaren egileek haren zazpi testu hautatu dituzte. Xalbadorrez bestalde, beste lau bertsolariren biografia eta lana ere jaso dute: Pedro Maria Etxarte, Jose Maritorena, Trinidad Urtasun eta Andres Astizena.

Antologiaren arduradunen irizpideetako bat izan da aintzat hartzea «Nafarroa osoko» sortzaileak; ez soilik Nafarroa Garaikoak. Nafarroa Behereko hainbat idazle sartu dituzte: Eneko Zuloagak Jean Barbier garaztarraren inguruan idatzi du; Gure Herria aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen Barbier, eta poesian eta antzerkigintzan ere nabarmendu zen.

Javier Rojok, berriz, Jean Etxepareren biografia eta lana bildu du. Etxepare Jatsun jaio zen, 1937an, eta, 24 urterekin hil bazen ere, ekarpen nabarmena egin zion euskal literaturari, antzerkigintza, eleberrigintza eta kazetaritzan. Azkenik, Barandiaranek kapitulu bana idatzi du Jules Moulier Oxobi eta Etienne Salaberriren inguruan. Oxobik olerkiak, alegiak eta eduki erlijiosozko testuak idatzi zituen batik bat. Salaberrik, berriz, hainbat hedabidetan idatzi zituen literatur lanak; besteak beste, Herria-n, Jakin-en eta Gure Herria-n.

Nafarroa Behereko egileen ekarpenari amaiera emateko, emakumezko idazle bati egin diote tartea: Marijane Minaberriri. Euskarazko haur eta gazte literaturaren aitzindarietako bat izan zen Minaberri, eta olerkigintzan ere aritu zen. Xabier Etxanizek jaso du haren biografia eta lana. Minaberri eta Perpetua Saragueta dira Egile Nafarren Euskal Literaturaren Antologia-ren lehen bi liburukietan agertzen diren emakume bakarrak.

Aipatutako idazleez gain, atal bana eskaini diete Pablo Fermin Irigarai Larreko, Mariano Izeta eta Jose Mari Satrustegiri. Barandiaranek idatzi duen moduan, Larreko mediku eta idazle auriztarrak literatur uzta oparoa utzi zuen, eta artikulugintzaren arloan nabarmendu zen. Hain zuzen, haren artikulu bat sartu dute lanean, eta, horrekin batera, Euskaldun biozduna Mexicon narrazioa eta Gerla urte gezur urte liburuaren pasarte bat. Jon Abrilek, bestalde, Izetaren inguruko tartean azpimarratu du haren ibilbidea hertsiki lotua egon zela Baztan haranarekin. Haren sei testu sartu dituzte liburuan. Azkenik, Barandiaranek Satrustegiren atalean idatzi du «arrasto handia» utzi zuela antropologian, etnografian, historian, literaturan, kulturan eta gizartean.

Aurreneko liburukiarekin alderatuta, bigarrena sortzea «errazagoa» izan dela aitortu du koordinatzaileak, XX. mendeko argitalpen gehienak «eskuragarri» daudelako, eta ortografia egungo eredutik gertuago dagoelako. Beste bi libururekin itxiko dute antologia: hirugarrenean,1975etik 2000ra arteko produkzioa bilduko dute, eta azkenekoan, XXI. mendekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.