Euskal literatura modernoaren sokaren bi muturrak elkartuko ditu udazkenak. Bernardo Atxagak 1978an eman zuen argitara lehenengoz Etiopia poema liburua, Pott Liburutegia zigilupean, eta 1983an kaleratu zuen Erein argitaletxeak, ondoren, bigarrenez. Adituen hitzetan, euskal literatura modernoaren mugarrietako bat da lana, eta, besteak beste, Ruper Ordorika musikariaren doinuei esker egin dira ezagun liburu horretako ahapaldi ez gutxi. Adibidez, eguneroko bizitza orduan hasi zelako ikatza bezalako labezomorroak isurtzen. Lehenengoz argitaratu zenetik 46 urte bete diren honetan, eta bigarren argitalpenetik lau hamarkada baino gehiago pasatu direla, berriz ere emango du argitara orain liburua Erein argitaletxeak, Iñaki Aldekoaren hitzaurre batekin, Anari Alberdiren kontrazalarekin, eta Jon Aragurenen hamabost ilustraziorekin. Eta, beraz, udazken honetan, elkarrekin iritsiko dira liburu dendetara hala euskal literatura modernoaren lan aitzindarietako bat nola azken nobedaderik berrienak ere. Horra bi muturrak. Kasualitatez. Baina, nolabait ere, euskal literaturaren azken hamarkadetako ibilbidearen eta egun duen belaunaldi aniztasunaren erakusgarri ere bada kointzidentzia.
BERRIAk 30 argitaratzailerekin baino gehiagorekin hitz egin ostean egindako kontaketaren arabera, helduentzako lanen artean, guztira, euskaraz idatzitako hamahiru eleberri kaleratuko dituzte argitaletxeek irailetik Durangoko Azokara doan denbora tartean, bai eta euskarara ekarritako beste zazpi ere. Lau narrazio bilduma ere iragarri dituzte, bai eta euskaraz sortutako lau poema liburu eta itzulitako beste lau ere. Eta, azken urteetan ere gertatu izan den bezala, bereziki emankorra izango da saiakeren uzta: euskaraz sortutako hemeretzi lan aterako dira, eta itzulitako beste lau. Euskaraz sortutako zein itzulitako hamabi komikik, lau antzerki liburuk, bi album ilustratuk, kronika sorta batek eta bestelako hainbat argitalpenek osatzen dute zerrenda. Eta, beraz, kopuru horien oskolarekin azalduko da literatura hurrengo hilabeteetan.
Eleberrigile ezagunak
Egile ezagunen lanak ere badira tartean. Jadanik kalean dira, esaterako, Juan Diaz Garaio Sacamantecas pertsonaia historikoa oinarri duen Xabier Montoia idazlearen Lautadako mamua eleberria (Elkar), bai eta Beñat Sarasolaren bigarren nobela ere, Coca cola bat zurekin (Susa), Frank O'Hara arte komisario eta poeta oinarri hartuta idatzi duena. Itxaso Martin Zapirain idazleak ere bere bigarren eleberria kaleratuko du hilabeteotan, Puntobobo izenburuarekin. Ni, Vera lana kaleratu zuenetik hamabi urte joan direla azalduko da lan hori, eta, ordukoan bezala, osasun mentala izango da bigarren nobela horren ardatz nagusietako bat ere; ama baten eta haren bi alaben arteko harremanaren bidez kontatuko du hori idazleak.
Miren Amurizak Pleibak argitaratuko du (Susa), eta bigarren eleberria izango du hark ere —2019an Basa eman zuen argitara—. 2000ko hamarkadan lagun egindako bi neska gazteren artekoak ditu oinarri Amurizaren liburuak, eta bizitasun eta adierazkortasun handiz egiten du aurrera testuak. Izaskun Gracia Kintanak hiru poesia liburu eman ditu argitara orain artean, eta lehen eleberria kaleratuko du hurrengo asteotan, Basokoa (Alberdania). Eta eleberri bana kaleratuko dute generoan ibilbide luzea duten beste zenbait autorek ere. Euri gorriaren azpian kaleratuko du Asier Serrano Zapirainek, Erein argitaletxearekin, eta Toure detektibearen sagako nobela bat aterako du Jon Arretxek —Toure 11 (Erein)—. Karmele Mitxelena idazleak, bestalde, lehen eleberria emango du argitara: Zoriona edo antzeko zerbait (Elkar). Aurrez, Haragizko mamuak ipuin bilduma eman zuen argitara (Elkar), 2022an, eta lehen nobela aterako du orain.
Itzulpenen alorrean, nabarmentzekoa da iazko Nobel Saria eskuratu zuen Jon Fosse idazlearen Trilogia argitaratuko duela Elkar argitaletxeak, Joannes Jauregi itzultzaileak euskaratuta. Lehen liburua izango du egile horrek euskaraz. Annie Ernaux idazleak 2022an jaso zuen Nobel saria, baina ordurako jada abegi ona zuten haren lanek euskal letretan, eta pixkanaka ugarituz joan dira euskaraz irakur daitezkeen haren lanak geroztik. Bi liburu gehiago argitaratuko zaizkio udazken honetan. Alde batetik, Neska baten memoria nobela kaleratuko du Igela argitaletxeak, eta idazlearen literaturari buruzko gogoetak biltzen dituen bilduma bat ere aterako du Katakrak argitaletxeak: Idazketa labana bat da.
Alberdi eta Loiola
Uxue Alberdik Hetero ipuin bilduma argitaratuko du Susa argitaletxearekin. Haren ibilbideko hirugarren narrazio bilduma izango da, eta zortzi kontakizun bilduko ditu. Emakumezkoak dira protagonista gehienak, eta gizonez ari dira, nagusiki: euren gorputzetan, memoria afektiboan eta egunerokoan utzitako arrastoez. Nerea Loiola idazleak, berriz, Zebrak eta bideak ipuin bilduma kaleratuko du Erein argitaletxearekin. Bigarren narrazio bilduma izango du egileak, 2021ean euskal letren plazara Epizentroa lanarekin agertu ostean. Orduko lan hartan bezala, oraingoan ere emakumezkoak izango dira bilduma osatzen duten sei ipuinetako protagonistak, eta, argitaletxeak azaldu duenez, hartu beharko dituzten erabakiei egiten die erreferentzia tituluko bidearen aipamenak. Iñaki Iturain Azpirozek Denboraren zubia kaleratu du (Erein), eta Itziar Otegik Donostia Hiria Kutxa saria jaso zuen lana emango du argitara, Elkar argitaletxearekin: Ezer ez dago utzi nuen lekuan.
Leire Vargasek bere bigarren poesia liburua emango du argitara, Bihotz museo bat (Elkar), eta Iosune Goñik Ahizpa beltza kaleratuko du (Balea Zuria), argitaletxeak zehaztu duenez «minari buruzko gogoeta gordin eta lirikoa» izango dena. Baina klasikoak ere izango dira nobedade poesian. Etiopia liburuaren berrargitalpenaz gain, klasikoen arteko klasikoenetako bat kaleratuko baitu Balea Zuria argitaletxeak: Homeroren Odisea, hain zuzen ere. Oso-osorik itzuli du lana Matias Mujikak, eta hamalaukotan eman du (8-6).
Saiakeren emankortasuna
Pamiela argitaletxeak aurten saiakerak baino ez ditu argitara emango helduentzako literaturaren esparruan. Zazpi lan, guztira. Eneko Bidegain idazleak Kepa Anabitarte militante antifrankistari eskainitakoa dago haien artean, bai eta Irene Vallejoren Irakurketaren aldeko manifestua ere, Fernando Reyk euskaratua. Horrez gainera, kalean da jada Anjel Lertxundiren Berbelitzen hiztegia hibridoa (Alberdania), eta Joseba Zulaikak Euskal Herriaren egungo egoera aztertuko du, argitaletxeak behin-behinean Aberriaren inpaseak izenburuarekin ezagutzera eman duen lanean. Uma Ulazia idazleak Euskal Herriko greba feministak: diskurtsoaren analisia feminismo materialistatik lana kaleratuko du Susa argitaletxearen Lisipe bilduman, Pako Sudupek Immigrazioa eta abertzaletasuna liburua kaleratuko du UEUren zigilupean, eta Txomin Peillen idazlearen saiakera formatuko lan hautatuak bildu ditu Euskaltzaindiak, Joseba Sarrionandia idazleak egindako hautaketa eta edizio lanarekin.
Kronikaren eta saiakeraren arteko mugan, Jule Goikoetxeak kaleratuko duen lana ere aipatzekoa da: Politeismo bastarta. 4 egun Angela Davisekin (Susa). Maiatz honetan Angela Davis pentsalariak Bartzelonan egindako egonaldia da testuaren abiapuntua. Idazleak harekin bizitakoak ez ezik, Sarah Ahmed eta Vandana Shiva pentsalariek esandakoak eta hitzaldietatik kanpo gertatutakoak ere uztartzen ditu testuak, argitaletxeak iragarri duenez, «erritmo eta umore biziz».
Nabarmentzekoa da antzerki liburuen presentzia ere. Unean uneko nobedadeez harago, Susa eta Ehaze elkarteak 2019an martxan jarri zuten Ganbila bilduma da azken urteetan teatro argitalpenek izan duten hauspo nagusia. Urteko sei liburu kaleratzen hasi ziren hasieran, baina lau ateratzen dituzte 2022az geroztik. Eta horri esker egonkortu da eskaintza hala udaberrian nola udazkenean ere. Durangoko Azoka honetarako bi lan emango dituzte argitara: Lutxo Egiaren hainbat antzezlan biltzen dituen bilduma batetik, eta Laura Penagos eta Artedrama kolektiboak elkarlanean idatzitako Atzerrian lurra garratz bestetik.
Horrez gainera, Jon K. Sanchez idazlearen Ez izan antzezlana ere kaleratuko du Elkar argitaletxeak. Donostia Hiriko Kutxa literatur saria jaso zuen Sanchezen lanak, eta liburu modura aterako dute orain. Eta, azkenik, Udako Euskal Unibertsitateak Enara San Juan Manso ikerlariaren eskutik Rosvitaren hainbat teatro lan ere argitaratuko ditu. Mugarria da emakume horren lana antzerkigintzaren eta literaturaren historian. Beste klasiko esanguratsu bat. Izan ere, X. mendeko autorea da Rosvita, eta lehen antzerkigile kristau ezaguna ez ezik, Alemaniako lehen historialaritzat ere jo dute. Haren hainbat testu euskaraz ezagutzeko aukera izango da orain.
Komiki klasikoak, ugaritzen
Komikigintzan ere badoa handituz euskaraz topa daitezkeen klasikoen bilduma. Esate baterako, euskaraz irakur daitezke jadanik Art Spiegelmanen Maus, Marjane Satrapiren Persepolis eta Joe Saccoren Palestina, besteak beste. Eta udazken honetan, esaterako, Astiberri argitaletxeak euskaraz emango du argitara Hugo Pratt komikigileak Corto Maltes pertsonaia ikonikoari eskainitako sagako lehen zenbakia: Itsaso gaziaren balada bat. Horrez gainera, LGTBI komikigintzaren beste klasiko garaikide bat ere argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, Danele Sarriugartek egindako itzulpenean: Alison Bechdelen Fun Home, hain zuzen ere. Farmazia Beltza argitaletxeak Zerocalcare komikigile italiarrarekin duen harreman estuak beste emaitza bat ere emango du aurten: Niretzat bedi zu hildakoan.
Eta komiki nobedadeen artean badira jatorriz euskaraz sortutako hainbat lan ere. Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi aldizkariak elkarlanean kaleratuko duten albuma izan daiteke haien artean nabarmentzeko modukoa. Iban Zaldua idazleak eta Julen Ribas marrazkilariak euskal gatazkaren historia superheroien kodearen arabera eman baitute Botere handi batek albumean. Aurrez Xabiroi aldizkarian kapituluka joan da kontakizuna agertuz, eta bilduma modura egongo da orain eskuragai, tarteka umore tanta batzuekin eta orokorrean tonu mikatzarekin osatutako istorioa. Harriet argitaletxeak argitaratuko hainbat lan ere badaude, gainera. Gregorio Muro Harriet-ek, Pedro Camellok eta Dani Seijasek sortutako Mugako dragoiak. Azote, eta Asier Iturralde Gaston-ek sortutako Egun bat Beti Berdin tabernan, esaterako.
Eta nobedade gehiago ere izango dira, udazkenak Durangoko Azoka heldu bitartean isuriko dituenak.