Euskal literatura garaikidea aztertu du Gorka Aulestiak saiakera batean

XX. mendeko 23 idazleren lana jorratu du 'Escritores eusquéricos contemporáneos' liburua ontzeko

Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gorka Aulestia idazle eta ohorezko euskaltzainak XX. mendeko euskal literatura aztertu du, 23 idazleren lanak aintzat hartuta, Escritores euskéricos contemporáneos liburuan. Euskaltzaindiak kaleratu du Aulestiaren saiakera,eta Bilboko Liburu Azokan egin zuten aurkezpena atzo. Euskaltzaindiaren Euskaltzainak bildumaren hamalaugarren zenbakia da, eta egile beraren Estigmatizados por la guerra liburuaren jarraipena.

Hautatutako idazleei gorazarre egiteaz gain, «euskal literaturaren aurkako aurreiritziak» hausteko asmoa ere izan du Aulestiak, «lau haizeetara zabalduz, gazteleraz eta ingelesez, euskaldunok badugula geure literatura, alegia, euskaraz idatzitako literatura».

Zazpi atal nagusitan banatua dago liburua. Lehenak zenbait idazlek XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran euskal kulturaren alde egin zuten lana ekartzen du gogora. Ondorengo ataletan gai hauek jorratzen dira: II. Errepublika; 36ko gerraren ondorengo urteak; Iratzeder, Juan Mari Lekuona eta Bitoriano Gandiaga poetek egindako lana;nobela garaikidea; euskara batua; eta ahozko literatura. Beste batzuenaz gain, idazle hauen lanak aztertu ditu Aulestiak: Felipe Arrese Beitia, Jean Etxepare, Nikolas Ormaetxea Orixe, Juan San Martin, Jon Mirande, Xabier Lete, JosAnton Artze, Bernardo Atxaga eta Antonio Zabala.

Hedabideetako kritikak

Hedabideetan argitaratutako kritika ugari bildu ditu Aulestiak liburuan; horietako batzuk gaztelaniaz argitaratuak Euskal Herriko hedabideetan; beste batzuk, berriz, ingelesezkoak, AEBetan argitaratuak 1980. urtetik 2000. urtera arte. Liburua idazteko, Sancho el Sabio, Society of Basque Studies in America, Muga, Lapurdum, Iker eta R.I.E.V. aldizkarietako artikuluak baliatu ditu egileak; batik bat Sancho el Sabio aldizkarian 90eko hamarkadan argitaratutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.