Martin eta Xabier Etxeberria. Idazleak

«Euskal literatura ez da 'inon baino alaiagoa'»

Lau dira idazketaren eskuak, bi sorkuntzaren buruak, eta bakarra da emaitza, xedea. Batak «metaforetan galtzeko» joera duela dio; besteak idazkera zuzenagoa du. Elkarrekin ondu duten laugarren nobela da 'Gizon gogorraren sekretua'.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Orio
2015eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Jolasean bezala hasi ziren nobelak elkarrekin idazten. Martin Etxeberriak (Zarautz, 1974) poesia idatzia baitzuen ordurako, eta Xabier Martin (Zarautz, 1974) hainbat sari lortua baitzegoen ipuinen bidez eta baita lehen eleberria idatzia ere. Katiluaren ipurdia (1999), Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin (2005) eta Zakurraren poema eta beste hezurrak (2011) poema liburuak idatziak ditu Martinek; Egun denak ez dira berdin (2001) eta Udazkeneko loreak (2013) nobelak, Xabierrek.Itxoidazu Caffe de Passy-n (2004), Ez dadila eguzkia sartu (2006) eta Arrain abisalak (2009) zituzten orain artean elkarrekin onduak. Eginahal bakoitzean libreago idaztea izan dute xede. Gizon gogorraren sekretua-n (Elkar) genero beltzari eta hilketa basa baten ikerketari heldu diote, inauterietan eta Gipuzkoako pabiloi batzuetako egunerokoan kokaturik. Eta egun eta kapitulu bakoitzaren hasieran, Jon Alonsoren Camembert helburu liburuko aipu bat izan dute helduleku.

Camembert helburu da euskal literaturaren altxor ezkutuetako bat?

XABIER: Uste dut ez zaiola eman merezi duen adinako sona. Bere garaian izan zuen oihartzun pixka bat, baina geroztik erdi ahaztua-edo dago. Genero beltzeko trama bat dauka, faltsifikazioak... Eta aitzakia ematen dio Toulouse Lautrecen inguruan saiakera bat egiteko. Hibrido arraro bat da, eta asko gustatzen zaigu.

MARTIN: Gogoratzen naiz Gantzarainek [Xabierrek] Egunkaria-n idatzi zuela euskal literaturaren irakurleak bitan banaturik zeudela, Camembert helburu irakurri dutenen eta ez dutenen artean, hain zuzen ere. Gogoratzen naiz behin Iruñean Jon Alonsorekin berarekin elkartu ginela eta mintzagai izan genuela Hertzainak taldearen abestiko «Euskadin rock-and-rollak ez du inoiz dirurik emanen, baina inon baino alaiagoa izanen da» leloak dioena eta literaturara ekarria. Euskal literaturan lehen premisa betetzen da, baina ez bigarrena, Ez da inon baino alaiagoa. Berez, oso gutxi dira literaturatik bizi direnak, eta presio komertzialik ez dago, beraz, gehiago behar luke alaitasunetik edota unean-unean gorputzak eskatutakotik egitea. Jon Alonsok hori egin zuen.

Eta zergatik ez da inon baino alaiagoa literatura gurean baldintzapen horiek ez badira?

MARTIN: Zergatik ez dakit, baina inpresio hori badut aspalditxoan. Negar asko egiten dugu idazleok. Espero dut guk biok gainditua izango dugula beste zera hori ere, lehen liburua atera orduko halako estatus bat irabazi duzula pentsatze hori, jada idazle zarela... hori oso arriskutsua iruditzen zait. Galdetzen didatenean ea idazle naizen, erantzuten dut idazten dudanean baietz, baina gainerakoan ezetz.

XABIER: Akaso, presioa beste nonbaitetik dator, ez dago irakurle masa handi bat presio komertziala izateko, baina gaudenak ezagunak gara ia denak, eta irakurle horren presioa senti genezake... Uste dut hori gainditzen ari garela gu biok. Lehen, gehiago eusten genion geure buruari idazteko orduan; orain, uste dut gehiago egiten dugula egin nahi dugun hori, eta Gizon gogorraren sekretua horren adibide dela.

MARTIN:Arrain abisalak liburuarekin gustura geratu ginen,baina konturatzen ginen zenbait kontutan geure buruari mugak jarri genizkiola. Orain, azaldu nahi genuen mundu hori azaldu dugu; taberna giro bat retro samarra, txikiteoa, gaua, Donostialdeko hainbat poligonoren nahasketa den poligonoa, taberna jakinak agertzen dira, inauteriak eta Tolosa, Realaren partida, enpresari tipologia bat...

XABIER: Honetan, kontzienteki erabaki bat hartu genuen, bageneukan ganberroagoa egiteko gogoa, eta egin dugu. Hasieran, nik neuk ere pentsatu nuen zenbait gauza gehiegikeria izan zitezkeela, baina ez, egin genuen... zer genuen galtzeko, bi irakurle?

Nobela inprobable eta arrunta egin nahi izan duzue, Camembert helburu-ren lehen aipuko gizona bezala?

XABIER: Baten batek esan izan digu nobelako zenbait gauza gertatzea inprobablea dela, baina guk tonu bat proposatzen dugu hasieratik. Liburu bat irakurtzen denean edo pelikula bat ikusten denean kontratu bat sinatzea bezala da; sinesten duzu edo ez duzu sinesten. Gureak parodiaren tonua dauka. Inauterietan kokaturik dago, eta dena dago exajeraziotik eta karikaturatik hurbil...

Quentin Tarantinoren tonua antzeman liteke...

XABIER: Ba pozten gara hori entzuteaz, hori bai egin baitugu kontzienteki. Eta haren pelikuletako hainbat sekuentziek bezala, edo sartzen zara eta sekulako grazia egiten dizute edo batere ez...

Batak poesia idatzi izanak eta besteak narrratiba landu izanak eragiten al du bion artean idatzitakoetan norberak har dezakeen rolean?

MARTIN: Pentsa litekeena baino gutxiago. Norbaitek pentsa lezake nire zatiak lirikoagoak-edo izan litezkeela eta Xabierrenak narratiboagoak, baina uste baino sorpresa gehiago hartuko lituzke jendeak. Rol banaketa ez da horren araberakoa. Nik badut batzuetan metaforetan galtzeko joera, askotan narrazioaren kalterako, eta zuzentzen dizkit Xabierrek, eta, nire gusturako, Xabierrek gauza batzuk zuzenegi esaten ditu.

XABIER: Aurreko liburuetan ere ez dugu askotan jakiten nork zer idatzi duen. Akaso ideia jakin batzuk bai edo oso esaldi markaturen bat, baina, oro har, ez. Askotan, posta elektronikoz pasatzen diogu batak besteari, zuzenketak egin, eta ez da garbi geratzen zer den norena.

Sorkuntzak indibiduala izan behar duela dio askok.

XABIER: Horretan literatura asko dago. Askori iruditzen zaio sorkuntzarena dela mendi punta batean bakarrik egon eta tximista batek jotakoan ateratzen den zerbait. Poesiaren kasua, akaso, izan liteke desberdina, ez dakit, ez dut poesiarik egin, baina narratiban eta nobelaren kasuan bereziki, orduak sartu behar dira, eta inspirazioa dator zabiltzanean. Aldez aurretik geroz eta landuagoa ekarri, orduan eta hobeto.

MARTIN: Askotan gertatzen zaigu ideiaren bat izan bakarka baina hura borobiltzeko bestearekin hitz egin beharra. Gure elkarrizketa horiek aurrez pentsatutakoa fintzen dute, nahiz eta lana bera indibiduala den. Irakaskuntzan ere esaten da, gauza bat ulertu duzu beste bati esplikatzeko gai zarenean, eta sorkuntza lanean ere antzekoa gertatzen zaigu.

XABIER: Bakarkakoak ere idatzi izan ditut, eta pentsa dezake jendeak horiek lasaiago idazten direla, baina ez da hala. Martinekin izan nintekeen baino gogorragoa izan ohi naiz neure buruarekin,eta Martinekin gogor izaten badakit. Norberaren buruarekin ere izaten dira elkarrizketa horiek, eta beste batekin igual aberasgarriagoak dira. Martinekin idaztean amore eman behar dut, eta neure buruarekin igual ez, baina hori bera izan liteke kalterako. Auskalo!

Nola definituko zenukete laburrean bestearen idazketa?

MARTIN: Biak gara bertsozale, eta esango nuke Xabierren idazketa zortziko txiki sakon bat dela, neurri txikian gauza sakonak esateko kapazidadea daukala.

XABIER: Martinena, berriz, Habanera suelto samar bat da.

Euskal literatura inauterien tankerakoa al da?

XABIER: Ez gara analistak esateko zer dagoen euskal literaturan eta zer ez, baina ez dut uste oraintxe literatura abangoardiakoa egiten dugunik. Duela 40 urte pasatxo atera ginen kostunbrismotik. Abangoardiak heldu genituen,eta orain estandarizatu edo homogeneizatu egin da. Proportzioa izanik literatura originala egiteko, gugandik hasita, ez zait iruditzen une honetan hala egiten ari garenik.

MARTIN: Metafora bat erabiltzen uzten badidazue, esango nuke inauterietan bainoago nor bere botila festan dagoela. Badaude gauza interesgarriak baina...

XABIER: Bai, badaude gauzak, baina ez dago mugimendurik... nahiz eta egia den literatura beti izan dela frankotiratzaileen kontu bat ere. Baina, azkenaldikoa oso literatura tristetzat joko nuke. Nobela asko daude gai tristekoak, larritasuna azaltzen dutenak, eroetxeak eta abar...

Garaiak ere eman dezake horretarako bide. Ekonomiaren nahiz balioen krisiak, ez?

XABIER: Bai, egunotako gaitzak burukoak omen dira, antsietate, depresio eta abar, eta gazteen artean horiek zabalduta daude, eta gai existentzialak dira gehiago oro har...

Hala ere, inauteriena gehiago zegoen maskara eta rol jokoekin lotuta. Horrela diozue liburuan: «Badakit zer den itxurakeriatan ibiltzea... Hasieran, babesteko ipintzen duzu posea, mozorroa, kareta. Besteei aurre egiteko. Eta denborarekin, konturatu gabe, maskara zure benetako aurpegia bihurtzen da».

XABIER: Euskal literaturarena mundu txikia da. Eta hori da sabanan gertatzen dena, ura edateko putzua txikia denean animaliak elkarri mokoka hasten direla... Beti esan izan da literaturaren munduan inbidia handiak direla,eta abar. Nik, egia esan, ez dut halakorik bizi izan.

MARTIN: Igual da mundu horretan askorik sartu ez garelako.

XABIER: Merkatu txikia daukagu,eta kontrakoa esan arren,denok gara egozentrikoak, kontrakoa esan arren denoi gustatzen zaigu asko saltzea, eta pentsatzen dut beste arloetan ere baietz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.