Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Sancho el Sabio fundazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten atzo, «etorkizuneko Euskal Liburutegi Nazional Digitalaren oinarriak ezartzeko helburuz». Azaldu zuten itunak «lehendabiziko oinarrizko liburutegi digitala osatzea» ahalbidetuko duela, zeina XX. eta XXI. mendeetako 3.000 liburuz egongo den hornitua. Bingen Zupiria Kultura sailburuak eta Jon Urresti Vital fundazioaren presidenteak izenpetu zuten, Gasteizen. Bertan izan ziren Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Jesus Zubiaga Sancho el Sabio fundazioko zuzendaria ere.
Gogora ekarri zuten egun martxan den eLiburutegia egitasmoak aukera ematen duela mundu osoko egileen 16.000 titulu kontsultatzeko, eta etorkizuneko Liburutegi Digitalak euskaraz argitaratutako edo euskarara itzulitako lanetan izango duela ardatza, baita euskal egileek edo euskal argitaletxeek argitaratutako lan guztietan ere. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren digitalizazioaren aldeko apustuan sakonduko du, sustatzaileek azaldu zutenez.
Zupiriaren hitzetan, egitasmoak «historiako euskal egileen lana eta pentsaera biltzeko» bokazioa du, eta hitzarmenak lan horri garai hurbilenetik heltzea ahalbidetuko die, XX. eta XXI. mendeetatik. Edonola, gehitu zuen liburutegiaren proiektua harago doala, eta ikus-entzunezko, margolaritzako zein musikagintzako ekoizpenak ere bildu nahi dituztela, baita denboran atzerago joan ere. Urrestiren hitzetan, euskal literatur lan garaikideetarako sarbide askea emateko xedea du egitasmoak, egile, edizio eta hedapen eskubideak errespetatuz, betiere.
Bi urteko iraupena
Akordioak bi urteko iraupena du, baina bi aldeen adostasunez luzatu ahalko da. Haren arabera, Jaurlaritzak gutxienez 100.000 euroko ekarpena egingo du urtero, eta bere gain hartuko ditu lanen aukeraketa prozesutik eratorritako gastuak ere. Halaber, Sancho el Sabio fundazioak 100.000 euro jarriko ditu urteko, gehienez.
Lehen bilduma osatzeko irizpideen artean daude, besteak beste, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako lanak hautatzea, emakumeek idatzitako lanek ordezkaritza egokia izatea eta literatur genero nahiz irakurleen adin segmentu guztietarako lanak egotea.
Euskal Liburutegi Digitala abian jartzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute
Jaurlaritzak eta Sancho el Sabio fundazioak izenpetu dute ituna. Lehen oinarrizko liburutegiak XX. eta XXI. mendeetako 3.000 liburu izango ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu