Euskal liburugintza izango du ardatz Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren aldiak

'Euskal kultura azterketa gaur' da bekaren bigarren deialdiaren gaia. Proiektuak urriaren 21era bitarte aurkeztu ahalko dira. Bekaren lehen aldiko irabazleek, Metrokoadroka kolektibokoek, 'Artxibo biluzia' proiektuaren liburua aurkeztu dute.

Usurbilgo Udaleko eta Jakineko ordezkariak, 'Artxibo biluzia' proiektuan parte hartu duten kideekin batera, gaur Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU
Usurbilgo Udaleko eta Jakineko ordezkariak, 'Artxibo biluzia' proiektuan parte hartu duten kideekin batera, gaur Usurbilen. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Usurbil
2024ko maiatzaren 30a
17:20
Entzun

Joan Mari Torrealdairen «izena eta izana» biltzeko asmoz sortu zen duela bi urte haren izen bera daraman beka. Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) eta Jakin fundazioak sinatutako hitzarmen batek eman zion bide egitasmoari, eta gaur bekaren bigarren aldia aurkeztu dute, Usurbilgo Zumarte musika eskolan. Euskal kultura azterketa gaur da deialdiaren gaia, eta Torrealdaik euskal liburugintzaren inguruan egindako azterketa soziologikoa izango da abiapuntua. Ikerketa hori aintzat hartuta, edozein formatutako proiektua garatu dezakete parte hartzaileek. Taldean edo banaka aritzeko aukera dago. «Praktikara begira ikertzen zuen Torrealdaik; egitera begira teorizatzen zuen», aipatu du Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak. Hori izango da, hain zuzen, bekara aurkezten diren lanekin bilatuko dena.

Datorren urriaren 21era bitarte egongo da proposamenak bidaltzeko aukera, [email protected] helbidera. Gero epaimahaiaren txanda izango da; Maialen Akizuk, Ainara Lasak, Edu Apodakak eta Ibai Iztuetak osatuko dute —lehen deialdiko epaimahai bera da—. Epaileek itsuan aztertuko dituzte lanak, egileen izen-deiturak jakin gabe, eta azaroaren amaieran emango dute irabazlearen berri. Ordutik aurrera hemezortzi hilabeteko epea izango dute proiektua garatzeko.

«Liburuak, liburugintza eta literatura gizartearen ispilu dira, eta, liburuak aztertuz, gizartea aztertzen ari gara». 

LOREA AGIRRE Jakineko zuzendaria

1976an hasi zen Torrealdai euskaraz argitaratutako liburuen fitxak osatzen, eta 2017ra bitarte aritu zen horretan —2.300 fitxatik gora zituen ordurako—. Zendu zenetik, Jakin fundazioak egiten du lan hori. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak gogoratu du zein izan zen haren ikerketaren abiapuntuko tesia: «Liburuak, liburugintza eta literatura gizartearen ispilu dira, eta, liburuak aztertuz, gizartea aztertzen ari gara». Halaber, aipatu du liburu sistema osasuntsu batek kulturalki osasuntsua den gizartea islatzen duela.

Aurkeztuko diren lanak «askotarikoak» izan daitezkeela azaldu du Haritz Azurmendi Jakineko kideak: liburugintzaren azterketa berrikustetik sortutako lana, edo azterketa eremua beste alor batzuetara zabaldutakoa izan daiteke —zinemara, musikara edo arte eszenikoetara, esaterako—. «Interesgarria izan daiteke dibulgaziorako proiektu bat garatzea, Torrealdaik berak ere dibulgaziorako lan oso garrantzitsuak sortu baitzituen», esan du.

Bost adar, proiektu bat

Artxibo biluzia antzezlanak irabazi zuen bekaren lehen aldian —Metrokoadroka kolektiboko Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek sortu zuten—, eta proiektu horren bost lan ildoak biltzen dituen liburua aurkeztu dute orain prozesuan parte hartu duten kide batzuek. «Hasieratik argi izan genuen proiektuak ildo desberdinak izango zituela», aipatu du Beratarbidek, eta, hain zuzen, hauek izan dira ildo horiek: oholtza gaineko pieza eszeniko bat, Euskal Herriko hainbat herritan egindako tailerrak, ikus-entzunezko pieza bat, eta dokumentu fisiko bat —liburua—.

Bost atal ditu liburuak; bakoitza liburuxka batean antolatuta. Lehenengoan, Metrokoadrokako kideek antzezlanerako egindako ikerketa eta gogoeta prozesua azaldu dituzte. Bigarren atalean, Maria Elorzaren ikus-entzunezko pieza dago, pendrive batean. Torrealdaik artxiboarekin zuen harremana azaldu nahi izan duela kontatu du Elorzak, eta hori abiapuntutzat hartuz sortu duela narrazioa. «Bi gauza egin zitzaizkidan deigarri nire lanarekin hasi nintzenean: Torrealdaik artxiboaren inguruan sortu zuen utopia, eta artxibo hark sortu zion zauria. Dikotomia hori islatu nahi izan dut», esan du zinema zuzendariak.

Danele Sarriugarte idazleak ere parte hartzeko aukera izan du. Hark eguneroko bat egin du, bai entseguetan, bai emanaldietan sortu den giroa azaltzeko. «Egun horietako sentsazioak transmititu nahi izan ditut; teatroaren moduak jendearengana iristeko asmoz», gehitu du.

«Bi gauza egin zitzaizkidan deigarri nire lanarekin hasi nintzenean: Torrealdaik artxiboaren inguruan sortu zuen utopia, eta artxibo hark sortu zion zauria. Dikotomia hori islatu nahi izan dut». 

MARIA ELORZA Zinema zuzendaria

Nagore Legarreta argazkilaria izan da laugarren atala osatzeko arduraduna. Elorzak eta Sarriugartek ez bezala, argazkilariak ez zuen proiektuaren nondik norakorik jaso, eta ez du sorkuntza prozesuan parte hartu. Metrokoadrokako kideek gutunen bidez helarazten zioten Artxibo biluzia-ren inguruko informazioa, eta, jasotakoak sorrarazten zionaren arabera, argazkiak atera, eta bueltan bidaltzen zizkien gutunak. Gutun eta argazki horiek ikus daitezke liburuxkan.

Antzezlanaz gain, tailerrak ere eman dituzte proiektuaren sortzaileek. Tailer horietan parte hartzen zutenei galdera bat egin zieten: «Zer istorio nahiko zenuke historiara pasatzea?». Usurbilen, Laudion (Araba) eta Gasteizen egin zituzten lanketak, 2023ko urria eta 2024ko urtarrila bitartean. Askotarikoak izan dira galdera horren erantzunak: «Emakumeen papera zinema munduan», «adiskidetzen baten historia», «nire amona puruak erretzen plazan, 1940ko hamarkadan» edo «urtebete egin nuen unea»... Horiek eta askoz ere gehiago bildu dituzte bosgarren atalean.

Artxibo biluzia liburuaren laurehun ale kaleratu dituzte, eta jada eskuragarri daude liburu dendetan, 20 euroren truke. BERRIAlagunek eta Noaua herriko aldizkariko bazkideek merkeago lortu ahal izango dute, 17 euroan, BERRIA dendan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.