Euskal kulturaren garapenari buruzko ikastaroa antolatu dute

'Tradizioaren traizioaz' ikastaroa hilaren 28an eta 29an egingo dute, Donostian. Iñaki Goirizelaiak eta Jon Maiak zuzendu dute

iraia vieira gil
2023ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
«Tradizioren bat aldatzen denean, traizioa ari gara egiten, edo etorkizuneko tradizioa ari gara eraikitzen?». Horren inguruan hausnartzeko bidea irekiko dute hilaren 28an eta 29an, Iñaki Goirizelaia EHUko errektore ohi eta dantzariak eta Jon Maia Kukai konpainiako zuzendariak antolatuta, EHUko udako ikastaroen barruan egingo duten Tradizioaren traizioaz ikastaroan. Donostiako Miramar jauregian izango da, eta, euskal kultura oinarri hartuta, gizartean gertatzen ari diren aldaketa digital eta sozialek norberaren nortasunean izan dezaketen eragina aztertuko dute. Goirizelaia: «Hitzaldi magistralak eta mahai inguruak egongo dira. Konbinazio horrekin, ekarpen handia egingo dugu».

Lehenengo egunean, kultur tradizioaren balioaz eta tradizioaren itxuraldatzeak herrien nortasunean sortzen duen eraginaz arituko dira, hurrenez hurren, Jon Sarasua eta Idurre Eskisabel. Tradizioaren traizioaz hitzaldia emango du Xabier Erkizak, eta sorkuntzaren inguruan aritzeari buruz ariko dira zenbait gonbidatu. Dantzaz hitz egingo dute Ibis Albizu, Jon Maia, Pantxika Telleria eta Oier Araolazak, eta bertsolaritzaz Joxerra Garziak.

Bigarren egunak izango du, Goirizelaiaren ustez, pisu handiagoa. Kirmen Uribek irekiko du eguna, Berrikuntzaren eta digitalizazioaren eragina euskal kulturaren eta nortasunaren bilakaeran hitzaldiarekin. Ion Celestinok euskal musikaren inguruan hausnartuko du, eta Maite Larburuk eta Miren Narbaizak musika industrian emakumeek izandako garrantzia erreibindikatuko dute. Tartean, mahai inguru bat egongo da. Itxieraren aurretik, etorkizunaz eta berrikuntzez hausnartuko du Irene Larrazak,eta dantza, literatura eta musika batuko dituen performance batek emango dio amaiera ikastaroari. «Tradiziotik sorkuntzara joango gara, eta 20 eta 40 minutu artean iraungo du zuzenekoak».

Edonorentzat irekia

Interesa duen edonork ikastaroan izena emateko aukera izango du hilaren 28ra arte, eta «politika ikasketak egiten ari direnei, artistei eta tradizioan interesa duen edonori» gomendatu die Goirizelaiak. Hain zuzen, azaldu duenez, ikastaroaren helburua ez da mezu jakin bat transmititzea.«Gertatzen ari diren aldaketei buruz eta gizarteak ekarriko duen digitalizazioaren ondorioei buruz hitz egitea da garrantzitsuena». Izan ere, duela urte batzuetatik hona izugarri aldatu da dantza, bertsolaritza, literatura eta musika egiteko modua. «Kezka horiei buruz aritzeko momentua izango da ikastaroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.