Joan den urteko maiatzean hauteskundeak irabazi eta Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi zenean, Ikerne Badiolari (Zumarraga, 1971) bizitza aldatu zitzaion. Eusko Alkartasunako komunikazio idazkaria da, eta udal jarduerak ere egin izan ditu zinegotzi gisa; baina Gipuzkoako Kirol, Kultura eta Gazteria diputatu izendatu zutenetik, hamaika eginbeharri erantzun behar izan dio. «Urte zaila izan da», aitortzen du Badiolak. «Azken batean, lehen bi departamentu eta erdik kudeatzen zutena orain bakarrak egiten du. Ondorioz, gauza asko dago egiteko, eta ekonomia aldetik ez dira garai errazenak».
Bederatzi hilabete daramazu Kultura diputatu jardunean. Zein da denbora honetaz egiten duzun lehenengo balorazioa?
Aldundian sartu ginenean aurkitu genuen lehenengoa krisiaren ondorioak izan ziren. Gizarte guztian bezala, diputazioan ere eragin handia izan du egoera ekonomikoak, eta Kultura Saila ez da horretaz salbu gelditu.Lanean hasi eta berehala murrizketa batzuekin egin genuen topo, eta, 2012ko aurrekontuak egiteko garaian, helburua garbia zen: orain arteko zerbitzu guztiei eustea eta azalekoak diren kontuetan egitea murrizketak. Eta nik uste dut helburuari eutsiko diogula, nahiz eta urte gogorra izango den. Gure asmo nagusia da krisiak ahalik eta eragin txikiena izatea bai kultur eragileetan, sortzaileetan, bai gainerako esparruetan.
Krisiak eragin du dagoeneko proiektu batzuk gauzatu ala ez erabakitzean?
Printzipioz ez da proiekturik bertan behera gelditu. Eutsi ahal izan diegu abian zeuden proiektu guztiei, eta beste batzuk guk jarri ditugu martxan. Gu iritsi baino lehen diputazioak parte hartzen zuen proiektu guztietan gaude orain ere; ez da bat bera ere bertan behera geratu.
Gipuzkoak euskal kulturaren eta euskararen alorrean bide markatzailea ezarri behar duela pentsatzen du jende askok. Kulturaren alorrean nagusitasun hori izango du euskal kulturak Gipuzkoan?
Argi dago gure jardunean zentralitatea euskal kulturak duela eta izan behar duela. Gipuzkoan, eta Euskal Herrian orokorrean, potentzialitate handia dago euskal kulturaren alorrean, eta horri zukua atera behar diogu. Hemen piztu diren zenbait eztabaida guztiz artifizialak dira. Zergatik ez Tabakalera euskal kulturaren erreferente? Edo Donostia 2016? Horretan ari gara lanean, sinetsita euskal kulturak zentrala izan behar duela kultur politikan.
Hori horrela izateko ze pauso emango ditu Foru Aldundiak?
Bertako sortzaile eta eragile guztiak barneratu behar ditugu kultur politikan. Azken batean, kultur politiken protagonista eta partaide izan behar dute. Gure helburua izan behar du euskal kultura nazioartean kokatzea, badugulako zer erakutsi.
Kultur azpiegiturei dagokienez, Tabakalera da Gipuzkoak daukan proiekturik handienetakoa, handiena ez bada. Baina badirudi ez duela aurrera egiten, herrenka doala...
Oraintxe bertan, Tabakalera da daukagun proiekturik handiena, eta legegintzaldian ere hori izango da handiena. Gu lanean hasi ginenean hilabete eta erdi eskatu genuen proiektuak aztertzeko. Arkitektura egitasmoarekin aurrera egin genuen. Eta esango nuke apirilaren amaierarako edo maiatzerako kultura zuzendaria ere izango dugula. Bitartean kultur proiektua aztertzen ari gara, lehenagotik datorren proiektua eguneratu egin behar delako, bizi garen egoera ekonomikora moldatu behar dugulako. Horretarako, funtsezkoa da zuzendaria izendatzea, zuzendariak bere gain hartu behar duelako kultur proiektua, eta Tabakaleran parte hartzen dugun instituzioekin kultur proiektu sendo bat garatu.
Ehundik gora lagun aurkeztu dira Tabakalerako zuzendari posturako. Zer -nolako soslaia izan behar du?
Ia 160 pertsona aurkeztu dira, eta orain aukeraketa prozesuan gaude. Noski, euskal kulturaren parte eta jakitun izan behar du zuzendariak, azken batean Tabakalera euskal kulturaren nazioarteko adierazlea izango delako. Eskatu da pertsona euskalduna eta kultura munduan eskarmentua izan duena, bertako kultura ondo ezagutzen duena eta nazioarteko kulturan ere aditua dena.
Zergatik kostatu da hainbeste zuzendari bat aurkitzea?
Lehenago ere egin dira ahaleginak, baina ez da asmatu. Ez da soslai egokiko pertsonarik aurkeztu. Baina espero dugu, eta ez dugu zalantzarik, profesional egoki bat izango dela Tabakaleraren buru.
Nola ulertzen duzu Tabakalera? Sormenerako gune gisa ala erakusleiho gisa?
Bien arteko uztarketa izan beharko du nahitaez. Joxean Muñozen proiektua, orain arte egon den proiektua, ikus-entzunezkoetan dago zentratua, eta kultur proiektu berriak horren garapena izan beharko du. Sormenarentzako plaza izan beharko du, eta sormen prozesu horretan dagoen guztiak ikusgai ere egon beharko du.
Jaurlaritzak apustua egin du Tabakalerak eta Donostia 2016k elkarrekin egin dezaten bidea. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala ez daude horrekin ados.
Guretzat bi proiektu ezberdin dira, nahiz eta argi daukagun Tabakalerak eta 2016k elkarrekin egin behar dutela lan, zenbait egitasmo komun izango dituztelako. Baina horrek ez du justifikatzen lotura zuzena, Donostia 2016 denbora tarte jakin baterako da, gerorako ondare bat utziko duen arren; eta Tabakalera, aldiz, luzerako proiektua da, betirako lan bat. Orain elkarrekinegin beharko dute lan, eta egiten dute, hain zuzen, baina proiektuak ezin dira batu.
Noiz zabalduko da Tabakalera?
2016rako... Obrak erritmo onean doaz, eta pentsatzen dugu 2015erako-edo egon daitekeela. Hori litzateke helburua.
Artelekuk zer leku beteko du egitasmo horretan?
Orain arte Tabakalera eta Artelekuren artean hitzarmen bat egon da, eta kolaborazio lana izan da. Eta aurrerantzean ere hala izango da. Joan den azaroan izandako uholdeen ondorioz, Arteleku oso egoera kaskarrean gelditu da; baina Artelekuko muina Tabakaleran egongo da, haren espiritua ezin dugulako galdu. Kalte handiak izan ditu, baina, zorionez, hasiera batean lan handia egin zen, eta berreskuratu ziren urak eramandako lan asko.
Artelekuren egoera zehaztu gabe egon daiteke gaur egun?
Ez dut uste. Ez dago zehaztu gabe. Uholdeak eragin zuen txikizioa kontuan izanda, garai gogor bat pasatu du, eta irtenbideak bilatu behar ditugu. Baina Arteleku sortzaileen gune bat da, oraindik ere,eta oso garrantzitsua da Gipuzkoarentzat.
Zer gertatuko da Koldo Mitxelena kulturunearekin?
Gure nahia da Koldo Mitxelena Liburutegi Nazionalaren egoitza izatea, eta legegintzaldi honetan horren alde egingo dugu lan. Horretan hasi gara lanean, eta Jaurlaritzarekin lehen harremanak izan ditugu. Dena dela, hasieran gaude, asmoen eta gogoen fasean.
Txillida Leku berriro zabaldu ahal izateko lanean aritu zarete Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia, baina emaitzarik gabe. Erakunde publikoei dagokie museo eta bilduma pribatu bati irekita eta ikusgai iraunarazteko lana egitea?
Zuk esan duzun moduan, museoa entitate pribatu batena da, familiarena. Baina gure nahia izan da hor dagoen ondare guztia erakusgarri egotea, eta eremu horretan ulertu behar dira egin diren ahaleginak eta familiarekin izan ditugun harremanak. Guk argi eta garbi adierazi genuen hasieratik instituziook ezin genuela Txillida-Leku erosi, baina instituzioon aldetik saio bat egin zen hemen bertan daukagun ondare hori bisitagai izateko. Ez zen posible izan, eta hor gelditu da kontua. Nik uste dut denokgaldu dugula.
Itxita dago gaia?
Bai; oraingoz, behintzat, bai. Eta hor erabat eskutik joan gara diputazioa eta Eusko Jaurlaritza.
Praileaitz ere une zailean dago. EAEko Auzitegi Nagusiak Zeleta enpresari kalte-ordaina eman behar zaiola ebatzi du, eta Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri nahi zuen 65 metroko babes dekretuak ere kritika gogorrak jaso ditu.Zer jarrera daukazue zuek Praileaitzekin egin beharrekoaz?
Auziaren berri jakin bezain laster Jaurlaritzarekin jarri ginen harremanetan, eta hainbat bilera egin ditugu, bai maila teknikoan bai politikoan. Garai horretan Jaurlaritzak babes dekretu berria zuen prest, baina epaiaren ondorioz ez zuen onartu. Dekretuaren inguruan daukagun iritzia beti izan duguna da: babes eremua ezin da izan 100 metrotik beherakoa. Egungo dekretuak 50 metro besterik ez ditu babesten, eta Jaurlaritzari eskatu diogu ausart jokatzeko eta dekretu berria onartzeko. Baina egia da epaia hor dagoela eta Zeletak 50 milioi euro eskatzen zituela, nahiz eta epaiak ez duen zehazten kalte-ordainaren zenbatekoa... baina borondate falta baino gehiago prebentzioa dela esango nuke. Epaiak kinka larrian jartzen du Praileaitz. Azken batean lehentasuna ematen dio jarduera pribatuari, eta ez ondare publikoari. Horrek kezkatzen gaitu.
Praileaitzen harira, Xavier Peñalverrek leporatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari gero eta diru gutxiago ematen duela indusketetarako. Eta indusketen geroa ere zalantzan dagoela adierazi du.
Egia da diru laguntzak jaitsi egin direla, baina egia da laguntza lerroari eutsi egin diogula. Azken urteetan jaitsi egin dira laguntzak, baina ez bakarrik azken urtean. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak jarraitzen du neurketak egiten, eta jarraituko du.
Murrizketek kultur jarduera askori eragin diete: Musika Hamabostaldia, Donostiako Zinemaldia... Horrek izan du ondoriorik jaialdiekin dituzuen harremanetan?
Diru laguntzak % 10 jaitsi ditugu, bai Musika Hamabostaldian bai Zinemaldian. Baina harremanak onak dira. Leporatu izan digutenaz bestera, hasieratik bermatu dugu jaialdi horien nazioartekotasuna. Azkeneko Zinemaldian ere murrizketak izan ziren, baina ez zuen nazioarteko erreferentzialtasun hori galdu. Eta uste dut Hamabostaldiak nahiz Zinemaldiak kalitatea bermatuta dutela. Eta hasieran egin zizkiguten kritiken harira, garbi gelditu da ez ditugula alboratu Zinemaldia edota nazioartean erreferenteak diren jaialdiak.
Baduzue baztertutako proiekturik?
Ba, ez... Baina baditugu proiektuak aurrera begira. Horietako bat, Gordailu martxan jartzea. Hor badugu harro sentitzeko eta hemengo ondareari balioa emango dion azpiegitura bat. Hori da 2012rako ditugun erronketako bat.
Nolakoak izan dira harremanak Eusko Jaurlaritzarekin?
Orokorrean onak izan dira. Garai zailean gaude, eta ezinbestekoa da elkarlana, bakoitza bere aldetik ibilita ez delako ezer lortzen. Noski, gai guztietan ez gatoz bat, baina saiatzen gara gauzak adosten.
Ikerne Badiola. Gipuzkoako Kultura diputatua
«Euskal kulturak zentrala izan behar du kultur politikan»
Krisi ekonomikoak aurrekontuetan eragin duen murrizketen gainetik, Ikerne Badiolak dio Kultura departamentuak eutsi egingo diela lehenagotik zetozen proiektu guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu